Sarrionandia Euskal Herrian

Itsasoaz bestaldeko kontalaria

Joseba Sarrionandia idazlea Euskal Herrira itzuli da, 30 urte baino gehiago erbestean igaro eta gero. 'Anboto' aldizkariak eginiko elkarrizketa batean, aitortu du «diskrezioz» bueltatu nahi zuela

Joseba Sarrionandia, Iurretako plazan. AINHOA IRAOLA / ANBOTO.
jon olano
2021eko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Durangoko Azokan, Eider Rodriguez idazle errenteriarrak Joseba Sarrionandiari buruzko tesiaren bertsio dibulgatiboa aurkeztu zuen 2014. urtean: Itsasoa da bide bakarra. Sarrionandia irakurriz. Zergatik itsasoa? Hark Sarrionandiaren obran duen presentziarengatik, baina baita obra osoan «ur azpiko mezu asko» daudelako ere, Rodriguezek berak BERRIAn azaldu zuenez. Itsaso zabalak bereizi izan du hamarraldi luzez Sarrionandia bere sorterritik. Orain arte. Idazleak lau hamarkada zeramatzan Iurretan (Bizkaia) egon gabe, baina Euskal Herrira itzuli da, gertukoak bisitatzera.

Anboto aldizkariak eman zuen atzo Sarrionandiaren Euskal Herriratzearen berri, harekin eginiko elkarrizketa argitaratzearekin batera. Elkarrizketan, Sarrionandiak azaldu du Madrildik Loiurako hegaldi batean Euskal Herriratu dela. Era berean, aitortu du «diskrezioz» itzuli nahi zuela, «gustura» dagoela senide eta lagunak berriro ikusita, eta baita sorterria zeharo aldatuta topatu duela ere: «Ez nuen Ertzaintza ezagutzen, ETB ere ez dut sekula zuzenean ikusi, harrituta nago hainbeste errotondagaz... Oso diferentea da dena. Antzina ehun urtean aldatzen ziren gauzak, gure belaunaldian hamar urtean». Sumatu ditu hutsuneak ere: «Denborak pertsona asko jaten du. Apur bat arraroa da sobrebibiente sentsazio hau».

Euskal letren izen nabarmenetakoa da Joseba Sarrionandia Uribelarrearena (Iurreta, Bizkaia, 1958). Euskal Filologiako lizentziaduna da, eta Pott banda literatur taldeko kide izan zen 1970eko hamarkadako azken txanpan, Bernardo Atxaga, Ruper Ordorika, Manu Ertzilla, Joxemari Iturralde eta Jon Juaristirekin batera. Argitaletxe bat sortzea zen abiapuntuko asmoa, baina Pott aldizkaria egin zuten azkenean: sei zenbaki guztira, 1978tik 1980ra bitartean. Hiru urte haietan euskal literaturari eginiko ekarpen handia nabarmendu izan da.

Sarrionandiak 1981ean argitaratu zuen bere lehen poesia liburua, Izuen gordelekuetan barrena, ordurako kartzelan zela. Kartzelako egonaldian, gainera, Intxaur azal baten barruan. Eguberri amarauna poesia lana, Narrazioak bilduma, eta Ni ez naiz hemengoa saiakera kaleratu zituen.

Kartzelatik erbestera

Paradoxa bat bizi izan du Sarrionandiak: hamarkadak joan eta hamarkadak etorri, ezin ihes egitea Martuteneko ihesalditik sortutako mitoari. 1980an atxilotu zuten, ETAko kidea izatea egotzita, eta bost urte zeramatzan preso Imanol Larzabal kantariak Martuteneko kartzelan emandako kontzertu bat baliatuz bozgorailuetako batean, Iñaki Pikabearekin batera, ihes egin zuenean. 1985eko San Fermin eguna zen, eta Kortatuk euskal musikaren abesti ikonikoenetako batean kontatu zuen; Chatty Chatty, hala, Sarri Sarri bilakatu zen.

ETAn sartzeari eta erakunde horren bilakaerari buruzko gogoetak jasota daude Lapur banden etika ala politika liburuan (2015): «Uste dut etikagatik sartu nintzela ni borroka armatura [...]. Bortizkeriaz inguratuta bizi ginen eta, ezer ez egitea ETAn sartzea baino bortizkeria handiagoa iruditzen zitzaidan. Esan daiteke biktimismoagatik sartu nintzela, batere asmo heroikorik gabe». Lerro horietan, borroka armatuaren bilakaerari buruzko irakurketa kritikoa egin zuen, ordea, Dolores Gonzalez Katarain Yoyes-en hilketa, Miguel Angel Blancorena eta Bartzelonako Hipercorreko atentatua aipatuta: «Guk, gure borroka armatuarekin, geure intentzioen erabat aurka, Estatua legitimatzen genuen [...]. Injustiziaren kontrako borroka batetik, ia oharkabean, ekintzen erritualtasun batera pasatu ginelako».

Ihesalditik aurrera, zalantza eta espekulazio iturri izan zen haren kokalekua. Hamarkadotan, erbestetik idatzi eta zabaldu ditu bere lanak, izenik gabeko ezlekuetatik, eta kartzelatik alde egin baino hilabete lehenagoko zuri-beltzeko argazki bat izan zen haren irudi identifikagarri bakanetakoa.

Ordutik, erbestetik bidali eta zabaldu izan ditu bere literatur lanak, genero nagusi guztietan landuak. Poesian, besteak beste, ezagunak dira Gartzelako poemak (1992) eta Hau da ene ondasun guztia (1999) lanak. Narratiban, Lagun izoztua (2001) eta Kolosala izango da (2003), adibidez, eta saiakeran, Ez gara gure baitakoak (1989), Hitzen ondoeza (1997) edota Moroak gara behelaino artean? (2010). «Lagun izoztua-n agertzen dira Sarrionandiaren obra osoan landu diren itsas irudi guztiak. Haren ibilbide guztia dago gordea nobela horretan, neurri batean», laburbildu zuen Rodriguezek 2014ko elkarrizketan.

«Munduan gaur egun nagusi den botere harremanaz kontzientzia hartzeko ahalegina da saiakera. Botereon menpean bizi garenez gero, ezagutu beharko genituzke». Sarrionandiak berak hala deskribatu zuen Moroak gara behelaino artean? 2011ko apirilean, Hausnart aldizkariak eginiko elkarrizketan. Ez da edozein liburu izan haren ibilbidean; lanaren dimentsioagatik, eta saiakeraren Euskadi saria eman ziotelako 2011n. Polemika sortu zen Eusko Jaurlaritzak diru saria atxiki ziolako, idazlearen lege egoera argitu bitartean. Azkenean, Espainiako Auzitegi Nazionalak Sarrionandiak auzirik ez zuela ebatzi, eta saria eman zion Jaurlaritzak.

Politikaz gogoetan

Hausnart-eko elkarrizketak adierazten ditu Sarrionandiaren pentsamendu politikoaren elementu batzuk; besteak beste, euskal nazio proiektua zutabe demokratikoetan oinarritzeko beharra: «Arrazoi politiko pila bat dugu estatu-nazio espainolaz aparteko beste proiektu nazional bat antolatzeko. Euskaldun gisa baldintzapeko askatasunean ibili gara askotan. Gure erabakietatik asko oztopatuko dituen egitura politikoak zertarako nahi ditugu? Autogobernuaren printzipioekin, estatu-nazio demokratikoago bat sor dezakegu Euskal Herrian». Nazioaz ari denean, «komunikazio espazio» bati buruz ari da Sarrionandia: «Komunikazio eta demokrazia espazioak berreskuratu behar dira, euskaldunek komunikazio espazio on bat bihurtu behar dugu Euskal Herria [...]. Komunikazio espazioak, politikan, erabakimen espazioak bihurtzen dira».

1980ko hamarkadako zuri-beltzeko irudia berritzeko unea heldu zen, ordea. Piezaka, ia-ia: 2015ean, ahotsa: Hasier Etxeberriak ETBko Sautrela saioan elkarrizketatu zuen idazlea. 2016an, berriz, bisaia: Jose Goitiak Sarrionandiari eginiko BERRIAn eta beste hedabide batzuetan argitaratuta. Pausoka itzali dio argia idazle erbesteratuaren itzalari, narrazioetako batean kontatu zuenaren antzera, eta bide horretan azken urratsa da itzulera: «Urteak dira Habanan bizi naizela, bizimodu normala eginez. Harritzen naiz diotenean ezkutaturik bizi naizela, edo ez dudala argazkirik ateratzen uzten. Aspaldi ez naizela ezkutatuta bizi, horrek ez du esan nahi prentsan agertzea gustatzen zaidanik», azaldu zuen. Ordurako, aste batzuk baziren bere bizilekuaren berri zabaldu zenetik, idazleak Etxepare Euskal Institutuak Habanako Unibertsitatean zabaldutako irakurle postua lortu eta gero.

Sortuk jakinarazi du, Sarrionandiaz gain, Agustin Azkarate iheslari ohia ere etxera itzuli dela, eta 41 iheslari eta zortzi deportatu daudela oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.