Txernobyl, 30 urte. Istripu nuklearrak

Three Mile uhartetik Fukushimara: zoria eta tragedia dantza-lagun

Mamuak haizatu direnetan, historia beti arduratu da energia nuklearraren mehatxua gogora ekartzen. Bere garaian segurutzat jotzen ziren zentralek segurtasun gabeziak erakutsi dituzte.

Three Mile uhartetik Fukushimara: zoria eta tragedia dantza-lagun.
2016ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Gutxik irudikatuko zuketen AEBetako zinemetako pantailetan ikusten ari ziren pelikula zorigaiztoko profezia bihur zitekeenik. 1979ko martxoaren 16an estreinatu zen The China Syndrome. Filma zentral nuklear batean garatzen da, eta uste dute erreaktore nuklearreko nukleoa urtuz gero lurra zeharkatu eta AEBetatik Txinaraino iritsiko dela. Hortik edan zuen zuzendariak titulua aukeratzeko. Hamabi egun besterik ez zen igaro filmaren estreinalditik, bizitza goitik behera aldatu zitzaienean Susquehanna ibaiko uharte batean bizi ziren 25.000 bizilagunei. Geroztik, uhartearen izena, Three Mile uhartea (Pennsylvania, AEB), historiako lehen hondamendi nuklearrari loturik dago.

Hogeita zortzi egun zituen 1979ko martxoak, goizaldeko lauretan Three Mile Island zentraleko bigarren erreaktoreko ur kutsatua airera isuri zenean. Bata bestearen segidan sortutako akatsek eragin zuten ezbeharra. Nukleoaren hozte sistemak huts egin, eta egoerak gainez egin zien ingeniariei. Ondorioz, erreaktoreko nukleoaren zati bat urtu zen. Gertu izan zen tragedia; berotasunak eragindako leherketak ez zuen edukiontzia zartatu, eta horri esker, lurrin kutsagarriaren kantitate txikiagoak askatu ziren. Baina istripuaren ondorioak eztabaidagai dira gaur egun. Ikerketa ofizialek, gainera, istripuaren inpaktuak minimizatu dituzte. Esaterako, NRC AEBetako energia nuklearraren batzorde arautzaileak «hutsaltzat» jo zuen zentral nuklearretik isuritako material erradiaktiboa. Halere, uhartean bizi ziren 25.000 lagunen osasunean eragindako kalteak agintariek jakinarazitakoak baino larriagoak izan zitezkeela ondorioztatu zuen Steven Wing ikerlariak. Wingek zuzendutako ikerketa independentearen arabera, biriketako minbizi kasuak lau eta sei aldiz handiagoak ziren uharteko iparraldean, istripua gertatu zen egunean haizeak noranzko hartan jo baitzuen.

Larriena, baina ez bakarra

Pripyat hiria (Ukraina) denboran harrapatuta gelditu zen 1986an. Inork ez zuen estreinatu egun gutxira zabaltzekoa zen jolas parkea, eta garai hartako egutegiak daude oraindik ere etxeetako paretetan eskegita. Sobietar Batasunak milaka langile gazterentzat altxatu zuen hiria, kilometro gutxira Txernobylen eraikitako Vladimir Ilitx Lenin zentral nuklearrean lan egin zezaten. Urte hartako udaberrian, baina, beharginak probak egiten ari zirela,erreaktoreko diseinuan antzemandako segurtasun akats batek mugarria jarri zuen historian. Alerta nuklearreko eskalan, koskarik gorenean kokatu zen Txernobyl: 7. mailan. Askatutako erradiazioak sutea amatatzen ibili ziren 31 langile hil zituen egun gutxian.

Nazioarteko ahotsek Txernobylgo instalazioaren egoera «kaskarrari» egotzi izan diote errua, baina bere garaian zentralik seguruenatzat jotzen zuten. Ez zen kasu bakarra izan, tamaina aztertuta hondamendirik larriena izan arren. 1957an, Windscalen, Erresuma Batuan, inoiz izandako ezbeharrik okerrena gertatu zen —larritasun eskalan,5. mailakoa—. Ez zuten herririk hutsarazi, baina kutsaduraren beldur, esne kantitate handiak deuseztatu zituzten. Frantzian, berriz, Saint Laurent herrixkako eraikin nuklearrean hiru istripu izan dira bi erreaktoreak martxan jarri zituztenetik. Larriena, 1980koa —laugarren mailakoa—; duela bost urte, berriz, erreaktore bat gelditu egin zen akats baten ondotik. Ez da, halere, istripu bat baino gehiago izan duen instalazio bakarra: Vandellosko (Herrialde Katalanak) zentraleko erreaktore batek su hartu, eta kontrolik gabe gelditu zen 1989an. Erreaktorea betiko amatatu zuten ingeniariek, baina duela zortzi urte, antzeko istripu baten ondotik, hilabete batzuetarako etenda izan zuten bigarren erreaktorea.

Zoririk gabeko uhartea

Zerrenda beltz horren amaieran letra larriz agertzen da Fukushima. Japonian lurrikaren datuak biltzen dituztenetik, inoizko gogorrena antzeman zuten 2011ko martxoaren 11n: Richter eskalan, 9 indarrekoa. Lurrikararen ondorioz, tsunami batek Japoniako ekialdeko kosta jo, eta alarma guztiak piztu zituen Fukushimako eskualdean. Halabeharraren bitxikeriak: euskaraz, zortearen uhartea esan nahi du fukushima-k. Tsunamiak kosta ondoan eraikitako Daiichi zentral nuklearreko lau erreaktoretan kalte larriak eragin zituen, batik bat instalazioko segurtasun neurriek huts egin zutelako. Fiskaltzak Tepco enpresako hiru zuzendari ohi auzipetu zituen, hondamendia eragozteko neurriak ez hartzeagatik.

Ondorioak guztiz kaltegarriak izan dira. Tokiok hogei kilometroko perimetroan zeuden herrixkak hutsarazi zituen —30 kilometro Txernobylgo kasuan—, eta gaur egun oraindik 170.000 desplazatu daude herrialdean. Gobernua presio egiten ari zaie desplazatuei beren etxeetara bueltatzeko —Tepco enpresa behartuta dago desplazatuei 600 eurokokalte-ordaina pagatzera hilero—, baina Greenpeacek salatu du Fukushima inguruko herrietan oraindik ere eremu oso kutsatuak daudela; osasunarentzat kaltegarria den erradiazioa baino hamar aldiz kantitate handiagoak neurtu dituzte dosimetroen bidez.

Hondamendiak utzitako paisaia atsekabegarria da. Urrunetik begiratuta, Fukushiman ur tankeak baino ez dira ikusten. Bost urteren ostean, langileek erreaktore kaltetuak ureztatzen jarraitzen dute, fisio nuklearra saihesteko, baina oraindik ez dute asmatu tona eta tona ur kutsatu horiek nola araztu. Geroztik, ezer ez da berdin Fukushiman. Arroz alor abandonatuak eta material erradiaktiboz betetako poltsa beltzak baino ez dira ikusten. Herri askotan, dozenaka lagun batzuk baino ez dira bueltatu —adineko jendea batik bat—. Ikara, berriz,zortearen uhartean gelditu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.