«Egonkortasunerako berme» gisa aurkeztu du bere burua EAJk

Urkulluk ziurtatu du «Bilboko pertsona guztien alkate» izango dela Aburto.Xabier Olanok esan du «enpresak salbatzeko zerbitzu publikoa» abiatuko duela EH Bilduk

EAJren agintari nagusiak izan ziren Juan Mari Aburtoren hautagaitzaren aurkezpenean, atzo, Bilbon. BERRIA.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2015eko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Juan Mari Aburto EAJren Bilboko alkategaia eta Unai Rementeria Bizkaiko ahaldungai nagusia «egonkortasunerako, lasaitasunerako eta konfiantzarako bermea» direla ziurtatu du Aburtok berak Bilboko Areatzan, EAJk Bilboko Udalerako aurkeztuko duen hautagaitza plazaratzeko ekitaldian. Gardenak izango direla ziurtatu du, eta alkate izatekogaindituko ez dituen hiru «marra gorri» dituela esan du: «Ez dugu onartuko lehen eta bigarren mailako bilbotarrak egotea; zorroztasunez, zintzotasunez eta jarrera onekin kudeatuko dugu, eta ez dut erabiliko irainik edo gezurrik hautagaien arteko lehian».

Iñigo Urkullu lehendakaria, Andoni Ortuzar EBBko presidentea, Itxaso Atutxa BBBko presidentea, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia eta Unai Rementeria hautagaia ere izan dira ekitaldian, besteak beste. Aburtok «pertsona eta gizaki» gisa duen balioa goratu du Urkulluk. Eusko Jaurlaritzan Gizarte Gaietarako sailburu izan denean ondoan izan duela gogoratu du lehendakariak, eta «gertuko pertsona, irekia, ulerkorra eta langilea» dela esan du.

Bilboko alkategaiak pertsonen «eskakizunak eta beharrak» aintzat hartzen dituela ziurtatu du Urkulluk, eta seguru esan du«Bilboko pertsonen alkate» izango dela; «Bilboko pertsona guztien alkatea. Hori da berez duen konpromisoa».

EAJk «normaltasuna, segurtasuna, egonkortasuna eta leialtasuna» adierazten dituela adierazidu Itxaso Atutxak ere, eta Aburto «EAJren estiloaren» ispilu dela. «EAJren estiloa Bilbo hazaraztea delako; harro gauden estiloa, eta harrotasunez jarraituko duguna».

Gainontzeko alderdi gehienek ere egin dituzte hauteskundeei begirako ekitaldiak. Proposamenak plazaratu, eta promesa zehatzak agindu dituzte.

EH Bilduk Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko aurkeztu duen hautagai Xabier Olanok, esaterako, TS Fundicioneseko langileekin egin du agerraldia, Zumaian (Gipuzkoa). Krisitik ateratzeko «bestelako eredu bat» behar dela adierazi du, eta Gipuzkoan horretan ari direla tokiko garapena oinarri hartuta. «Eraikuntza goitik behera baino gehiago, behetik gora egin behar dugu». Horretarako, enpresa txiki, ertain eta kooperatibentzat «aholkularitza zerbitzu publiko eta unibertsala» eratzea proposatu du. «Arazoak dituzten enpresak salbatzeko eta laguntzeko zerbitzu publikoa abiatuko du EH Bilduk».

Eskualdeentzat garrantzitsuak diren eta arriskuan egon daitezkeen enpresentzat «txoke planak» egingo dituela ere esan du Olanok. «EH Bilduk ez ditu enpresa horiek erortzen utziko». Eta, edozein kasutan, deslokalizazioak eta enpresak ixtea saihesteko ahal duen guztia egingo duela hitzeman du.

PSEk Gasteizerako aurkeztu duen alkategaiak PP geldiarazteko «horma» gisara aurkeztu du PSE. PPk zerbitzu publikoak murriztuta ongizate estatua kolokan jarri duela ohartarazi du Peio Lopez de Muniainek, eta horri aurre egiteko asmoa duela: «PSE horma izango da pobreziari, prekaritateari, xenofobiari eta gizarte bazterketari aurre egiteko».

PSE, PPren bidearen aurka

PPren eta Gasteizko alkatearen politika kritikatu du alkategaiak: «Zerbitzu publikoak eta laguntzak murriztu dituzte, eta lanpostuak suntsitu». Bide hori eten behar dela adierazi, eta «osasun zein hezkuntza publiko eta unibertsala» aldeztu du.

PPk Donostiako Udalerako aurkeztu duen alkategaiak hamar konpromiso hartu ditu. Horien artean, «Euskadiren etorkizuna iragana baino hobea izan dadin» lagunduko duela agindu du Miren Albisturrek; «erresuminik» gabeko gizartea defendatuko duela, tolerantzian biziko dena eta «eraildako errugabeak eta askatasunaren balioak oso presente» izango dituena: «Memoria eta duintasuna duen hiria». Gardentasuna ere agindu du politika egiterakoan.

PSN, berriz, Nafarroako Foru hauteskundeei begira hartu beharreko bideari buruz hausnartzen aritu da. Alderdiaren Batzorde Erregionalak zuzendaritzak egindako proposamena onartu du ia aho batez, eta Nafarroan aldaketa «beharrezkoa» dela ebatzi du. Hauteskundeen ondorengo aldaketa horrek «garapen, hiritar eta gizarte balioetan» oinarrituta egon behar duela aldarrikatu du, eta horretan saiatuko dela. Aldeko 123 botorekin onartu du zuzendaritzaren txostena batzordeak, eta abstentzio batekin. «Berritze eta erregenerazio politikoa eskatzen du gizarteak, entzun dugu eskaera eta defendatzen dugu», dio.

PSN elkarrizketaren eta adostasunen aldekoa dela ere adierazi du idazkian. Baina foraltasuna eta autogobernua defendatzen duela esan du, eta «maximalismo abertzale, erradikal eta baztertzaileetatik ihes» egingo duela.

Liskarrak Ahal Dugu-n

Podemos Ahal Dugu alderdia barne liskarretan murgildu da. Afiliatu talde bat haserre agertu da Roberto Uriarte EAEko idazkari nagusiak hartu duen bide politikoarekin, eta bidea aldatzeko eskatu dio alderdiko buruari. Taldearen esanetan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aldaketa eragitearen aurka dago idazkaria, Efe agentziak berri eman duenez.

Afiliatu multzoak dio Ahal Dugu foru hauteskundeetan ez aurkeztearen aldeko lana egiten aritu dela barne mailan Uriarte, Espainiako Kongresurako hauteskundeen zain egoteko eskatuz. «Esaten digute Podemos Euskadin aritzea arazoa dela Monclora iristeko», dio taldeak.

Orain, militantziak Foru hauteskundeetan parte hartzea erabaki duenean, zerrendak osatzeko 12 eguneko epea eman duela ohartarazi dute kritikoek, eta, hala, hautagaiak berak ezarri nahi dituela. «Barne demokrazia» aldarrikatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.