joxerra senar
ANALISIA

Zisne beltza ahate itsusi bihurtu da

2018ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Nassim Taleb matematikariak zisne beltza izena eman zien inork aurreikusi gabe muturreko aldaketak eragiten dituzten aparteko gertakariei. Hori Nafarroara ekarrita, Orain ala inoiz ez liburuan Santiago Cerverak zisne beltza deitu zion Ahal Dugu-ren bat-bateko agerpenari, ordura arte zurruna zirudien mapa politikoa astintzeko gai izan zelako. Aldaketa eragin zuten arrazoi ugarien artean, zalantzarik gabe, garrantzitsuenetakoa izan zen olatu hura.Zer gertatu da, bada, orduko ilusioa hiru urte geroago zapuzteko? Nolatan bihurtu da, ipuin ezagun haren kontrako norabidean,zisne beltza ahate itsusi?

Neurri batean, abiapuntu horretan datza gainbeheraren hasiera. Pablo Iglesiasen distira mediatikoaren bultzadaz indartu zen olatua, baina Nafarroako Ahal Dugu sortzeko prozesua hain izan zen azkarra, ezinezkoa egin baitzitzaien hori kontrolatzea. Hiru urte atzera joz gero, Espainiako Podemosen bertan beldurra zioten arrisku horri, eta denborak arrazoi eman die.

Nafarroan, zerrendaren osaera funtsezkoa izan zen, eta arazoa islatu zen Eduardo Santosek eta Fatima Andreok parlamentari akta utzi zutenean —lehena diputatu izendatu zutelako; eta bigarrenak dimisioa eman zuelako, arduragabeki, Laura Perezen «zuzendaritza kaotikoa» kritikatu ostean—. Zerrendako hurrengoetatik tira eginda iritsi ziren Ruben Velasco eta Fanny Carrillo. Egoera hain izan da surrealista, udaberrian taldea utzi eta bere kabuz aritzeko imintzioa egin baitzuen Carrillok. Denborarekin, bi izendapenok funtsezkoak izan dira ulertzeko nolatan galdu duen alderdiak taldearen gaineko kontrola, eta, jakina, nolatan heldu garen egungo egoerara.

Batzuek eta besteek badute elkar tirokatzeko munizioa. 2015eko udatik, alderdiko hainbat ahotsek Perez orduko idazkari nagusiari azpimarratu zioten behin bozak igarota alderdiaren antolamendua sendotu behar zela, baina, haren agintaldiak iraun zuen bi urteetan, aurpegiratu zioten apenas egin zuela deus, eta lidergo pertsonalista izan zuela. Laura Perezek, berriz, proiektu ideologikoan jartzen zuen azpimarra, eta laukoaren aldaketarekin ere kritiko agertu izan zen hainbat aldiz. Bi aldeen arteko diferentziak sakondu ahala, talka ezinbestekoa izan da, eta hori bideratzeko gai ez dira izan ez batzuk, ez besteak.

Botere borroka ere egon da, jakina, baina hori Perezek galdu egin zuen 2017ko udaberriko primarioetan. Gutxigatik, ozta-ozta, baina galdu egin zuen. Eta mugarri horretan datza krisiaren funtsa: elkarren arteko konfiantza elikatu ordez, mesfidantza nagusitu da. Ahal Dugu-k susmatzen zuenez, 2017ko udazkenean bi urte barrurako proiektu politikoa sortzeko lehen urratsa egin zuten Perezek eta beste hainbatek, Orain Mugituz adierazpena sinatuta. Agiri horren edukiak laburbiltzen du gaur Perezek Ahal Dugu-ri egiten dion kritikaren mamia: Nafarroako alderdiaren autonomia ez errespetatzea eta aldaketa sakonik ez bultzatzea. Atzean, beste susmo bat dago: egora berri batean Ahal Dugu-k begi onez ikus dezakeela PSNrekin ituna egitea.

Susmo horiek elikatu dute haustura. Beste proiektu baterantz zihoalakoan, Ahal Dugu-k Laura Perez kanporatu zuen, kostu pertsonal handiko prozedura bat eginda. Orain Baikoek, berriz, uste zuten Perezek primarioetarako hautagaitza aurkezteko beldurrari erantzun ziola kanporatze horrek, eta jazarpen kanpaina baten biktima izan zela. Behin gatazka bere gordinera iritsita, Cousok, Velascok eta Carrillok bat egin zuten Perezekin, eta gehiengo hori baliatu dute alderdiaren interesen kontrako neurriak hartzeko.

Eta hemen azaleratzen dira kontraesan guztiak. Ahal Dugu-ri 2015eko printzipioei eta herritarren aginduari traizio egitea leporatzen diote, baina haiek dira printzipio eta agindu horren epaile eta interpreteak. Egiazki, herritarrek Ahal Dugu-ri eman zioten botopapera, eta 2019ko hauteskundeetan erabakiko dute traizio egin ote duten edo ez. Kritikoek bi bide zituzten euren bidea defenditzeko: barrutik gauzak aldatzen saiatu, baina alderdiaren erabakiei leial izanda; edo etxera joan, eta handik, egoki ikusiz gero, beste proiektu bat eraiki. Bi bideek eragozpen handiak dituzte, baina, bederen, legitimitatea irabazten da. Aldiz, erakundeetako eserlekuei eutsi eta zurea ez den proiektu baten baliabideak zure interesen alde erabilita, galdu egiten da ukiezina bezain baliotsua den aktibo politiko hori. Zeren arrazoi politiko osoa izan dezakete Orain Baikoek —etorkizunak erakutsiko du—, edo ez, baina horrek ez du deusetarako balio zilegitasunik ez badu.

Erantzukizuna handia da. Herenegun Mikel Buil, Ainhoa Aznarez eta Tere Saez kanporatzeko emandako arrazoiak ez dira serioak, inork ez baitu ulertu mugimendua: legealdi honetan talde barruan izan diren liskar guztiek eragindako mendekuari erantzuten badio, jokabide kamikazea da; proiektu berria bultzatu nahi badute, euren kapital guztia agortu dute. Ez hanka, ez buru.

Larriena da hainbeste kostatu den aldaketari bete-betean jo diotela. Batetik, esku hutsik zegoen oposizioari krisi instituzionala oparitu diote. Bestetik, hauteskunde kanpaina urte berriarekin hasiko da, eta horrek zaildu egingo du falta diren legeak aurrera ateratzea. Dena den, aldaketaren erronka nagusia berriz gehiengoa lortzea da, eta, tamalez, aste honetako albistea oso txarra da, sektore horren desmobilizazioa elikatzen baitu boto guztiak beharko diren testuinguru batean. Hala ere, jokalekua nabarmen okertu den arren, partida ez da amaitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.