Orain Presoak dinamikak ekitaldia antolatu du bakeaz eta elkarbizitzaz aritzeko

Urriaren 20an egingo da, Miramar jauregian, manifestazioaren aurretik. Bide orri bat galdegin dute berriro, presoen urruntzea amaitzeko

Orain Presoak dinamikako kidea, atzo, Donostiako Alderdi Ederren. JON URBE / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2018ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Bi aste baino gutxiago falta dira Orain Presoak dinamikak urriaren 20rako antolatu duen manifestaziorako. Apurka, egun horri buruzko xehetasunak ari dira ematen antolatzaileak, eta atzo Donostian egindako agerraldian eman zuten beste sorta bat. Egun bererako, izan ere, «giza eskubideez, elkarbizitzaz eta bakeaz mintzatzeko» ekitaldi publiko bat egingo dutela iragarri zuten. Miramar jauregian egingo da, ordubete lehenago (16:00).

Ez zuten ekitaldi horretan parte hartuko duten lagunen izenik eman nahi izan— «eragile bakoitzak datozen egunetan jakinaraziko du nortzuk izango diren han», BERRIAri adierazi ziotenez—, baina politikan, sindikalismoan, herri ordezkari gisa instituzioetan edo giza eskubideen, bakearen eta elkarbizitzaren alorrean lanean dabiltzan pertsonak ari dira gonbidatzen ekitaldi horretara, «baita sufrimendua jasan behar izan duten eta jasaten duten hainbat herritar ere».

Manifestazioari buruzko xehetasunak ere aurreratu zituzten: zortzi metroko oihal bat eramango dutela manifestazioaren buruan, eta jendartean alor ezberdinetan egiten duten lanagatik ezagunak diren hamar-hamabost lagunek eramango dutela.

Egungo espetxe politikaz hausnarketa egiteko ere baliatu zuten atzokoa. Azkena Espainiako Gobernuak izandako jarrera aldaketa «pozez eta itxaropenez» jaso zutela adierazi arren, bide orri baten falta nabarmendu zuten berriro, eta zera deitoratu: «Presoen Euskal Herriratzea nola gauzatu asmo duten jakin gabe jarraitzen duela jendarteak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.