Trumpek Pentagonoaren funtsa erabili ahalko du horma eraikitzeko

AEBetako Auzitegi Gorenak baimena eman dio herrialdeko presidenteari 2.242 milioi euro murruaren proiekturako erabiltzeko

AEBetako Calexiko herrian dagoen horma iragan urtean berritu zuten, presidentearen aginduz. DAVID MAUNG / EFE.
ander perez zala
2019ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak 2.242 milioi euro gehiago lortu ditu Mexikoko mugan horma eraikitzeko. Auzitegi Gorenak atzo baimena eman zion Trumpi Kongresuak Pentagonoarentzat onartu zuen funtsa haren proiekturik ezagunenean erabiltzeko, eta, hortaz, auzitegiak desblokeatu egin du murruaren finantzaketaren zati bat. Denera, AEBetako presidenteak 18.800 milioi euro behar ditu.

Auzitegi Goreneko bederatzi epaileetako bostek egin zuten Trumpen nahiaren alde —horietako bi AEBetako presidenteari esker dira auzitegiko epaile—, argudiatuta erakunde eta talde pribatuek ezin diotela helegiterik jarri hormaren finantzaketari buruzko erabakiari. Izan ere, iragan maiatzean, Kaliforniako epaile batek behin-behinean blokeatu zuen murrua eraikitzeko planaren zati garrantzitsu bat, Askatasun Zibilen Batasun Amerikarraren helegitea onartuta.

Zehazki, bi erabaki hartu zituen Haywood Gilliam epaileak: batetik, Trumpek ezin zuela Pentagonoaren eta Altxorraren funtsik erabili proiektu horretarako, larrialdi nazionalera deituta egin asmo zuen bezala; eta, bestetik, murruaren eraikuntza bi hiritara mugatu zuen: El Pasora eta Yumara. Gorenaren atzoko erabakiak, hortaz, indargabetu egin du blokeo hori.

AEBetako presidentea pozarren agertu zen atzo, eta Twitter sare sozialaren bidez adierazi zuen erabakia «garaipen handi bat» izan zela «mugako segurtasunarentzat eta legediarentzat». Hormaren eraikuntza 2016ko bozen kanpainako promesarik garrantzitsuena da, eta, hiru urte pasatu diren arren, Trumpek ez du lortu hori gauzatzea.

Larrialdi nazionala

Joan den otsailean, Kongresuak onartu zuen mila milioi euro inguru erabiliko zituela murrua eraikitzeko, baina kopuru hori urrun geratu zen Trumpen oinarrizko zenbakitik. Hori ikusita, AEBetako presidenteak larrialdi egoera deklaratu zuen Mexikoko mugan, erabaki horrek ematen baitio modua Pentagonoaren eta Altxorraren funtsak Kongresuaren onespenik gabe nahi bezala erabiltzeko; haren kasuan, hegoaldeko mugan horma bat eraikitzeko.

Larrialdi nazionalari esker, Trumpen asmoa da Pentagonoari eta Altxorrari emandako ia sei mila milioi euroak 376 kilometro luzeko proiekturako erabiltzea. Hori gauzatu bitartean, AEBetako presidenteak lortu du Mexikok bere migrazio kontrolak gogortzea bi herrialdeen arteko mugan: iragan hilean 21.912 migratzaile deportatu zituen, maiatzean baino %33 gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.