Koronabirusa munduan

Ekonomia indartu, kurba apaldu gabe

Afrikako herrialde gehienek garaiz hartu zituzten pandemiari aurre egiteko neurriak. Baina hiru hilabete joan dira geroztik, eta askorentzat ezinezko bilakatu da berrogeialdiko neurriei eustea.

Afrikan dagoeneko ohitu egin dira koronabirusarekin bizitzen. OSKAR EPELDE.
Oskar Epelde Juldain.
Nairobi
2020ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Pandemiak foku ugari ditu Afrikako hegoaldean eta ekialdean. Agerian, Nairobin, makina bat auzogunetan hamarnaka kasu berri jakinarazten dituzte egunero; bereziki, bizi baldintza txarrek eta aurrezkirik ezak bakartzea are zailago bihurtzen duten auzoguneetan. Itxialdien ondorioz lanik eta diru sarrerarik ez dutenek gosea ala kutsatzeko arriskua aukeratu behar dute, eta, beraz, ezinezkoa zaie bakartzea eta oinarrizko osasun neurriak betetzea.

Afrikako gobernu gehienek garaiz hartu zituzten neurri zorrotzak, martxoaren hasieran, lehenengo kasuak baieztatu zituztenean atzerritik joandako hainbat pertsonarengan. Itxialdiak ekonomian izan zitzakeen ondorioen mehatxua alde batera utzi, eta aireportuak, eskolak, merkatuak, elizak, garraiobideak eta abar itxi zituzten. Horri esker, bigarren hiruhilekoan pandemiaren hedapena geldotzea lortu dute, eta denbora irabaztea osasun zerbitzuak prestatzeko eta gizartearen jarrerak aldatzeko.

Hegoafrikan, nahiz eta 40.792 kutsatu dauden, pandemiak izan zezakeen ibilbide are arriskutsuagoa aldatzea lortu dute itxialdiari esker, Osasun Ministerioaren arabera. Modu horretan, errazagoa izan da komunitateak zaintzea, eta milioi erdi pertsonari probak egitea. Hiru hilabeteren buruan, ordea, nabaria da, batetik, birusa ez dela hiruhileko batetik bestera desagertuko, eta, bestetik, orain arte bezala itxialdiei eustea jasangaitz bihurtu dela. Lehentasuna biziak salbatzea izanik ere, ezinbestekoa da familien bizimoduak aintzat hartzea, asko diru sarrerarik gabe geratu direlako hiru hilabeteko geldialdiaren ondoren.

Kenyan ehunka mila lanpostu galdu dira. Turismoa, agidanez, itxita dago erabat. Kenya Airwaysek 77.200 euro galdu ditu hilero,eta konpainiaren 36 hegazkinak lurrean daude. Baina murrizketak arintzen hasiko direla iragarri dute. Hasieran, herrialde barruko hegaldiei ekingo diete, baina uztailetik nazioartekoak jarriko dituzte abian. Berdin autobus konpainietan eta Standard Gaude trenbidean, segurtasun tarteak gordetzeko, autobusetan bidaiarien erdiak joango dira, tokian tokiko matatu-etan egiten den bezala.

Mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen lautik hiruk itxi egin beharko dute aldaketarik ez bada. Gobernuak ere langileen errentaren gaineko zergak behar ditu beste lanei eusteko, eta «gutxi dabil lanean»: horrela esan du Barne ministro Karanja Kibichok, eta gaineratu datorren astetik aurrera ekonomia berriz abian jartzearen aldekoa dela, betiere mailaka egiten bada.

OME Osasunaren Mundu Erakundeak iragarri du haurren malnutrizioaren zama handitzen ari dela itxialdien ondorioz, batez ere lehendik elikadura gabeziak zituzten eskualdeetan. Errenta gutxien dutenek ez dute dieta orekatua egiteko aukerarik, eta horrek ondorioak ditu osasunean eta bizitzan.

Osasun ikuspuntutik ondorio malerusakizan ditzake irekierak

Nekazaritza eremu bateko erietxe batean lan egiten duen eta izenik eman nahi ez duen mediku baten ustez, Kenyan«zorigaiztokoa» izan daiteke, kasuak ugaritu eta ugaritu ari diren honetan, indarrik gabe uztea bakartze neurriak, bulego eta negozioen itxierak eta etxeratze aginduak: «Jakina da ekonomiak sufritu behar duela; mundu guztia ari da sufritzen. Hartzen diren neurriak orekatuagoak izan daitezke, eta toki bakoitzaren arriskuei egokitutakoak. Baina herritarrek izan behar dute lehentasuna, eta ez ekonomia handiek. Orain arte lortutakoa arriskuan jartzen bada, kasuak ugaritu egingo dira, eta horrekin batera beharrak, eta, jakina, heriotzak ere bai».

Koronabirusaren heriotza tasa %3,2 da gaur egun Kenyan, baina indize horrek gorabehera asko izan ditzakeela ikusi da. Osasun langileak beldur dira gaixo kopuruaren zama handitzen bada ez ote diren baliabideak faltako probak egiteko, kasu positiboekiko kontaktuak ikertzeko, eta bakartzeak eta tratamenduak bermatzeko. Batez ere, nekazaritza eremuetan, non osasun azpiegiturak are eskasagoak baitira, jakina denez.

«Ez dugubeste aukerarik»

«Ohiko bizimodura itzultzera behartuta gaude», dio Maureen Amolo soziologia ikasleak. Badirudi harekin bat datozela Nairobiko herritar gehienak. Etxeko alokairua ordaintzeko, eta supermerkatura joan eta erosketak egiteko lan bila zebilela, etxetik egin ahal duen lan bat aurkitu berri du. Baina, hala ere, jabetzen da inguruan ikusten duen sufrimenduaz eta goseaz. Ekonomia berriz martxan jartzearen aldekoa da, jakina. «Jendeak bere bizimodua berreskuratu nahi du».

Orain arte, baimen bereziak behar izan dituzte Nairobitik irten edo Nairobira sartzeko. Baina hiri barneko merkataritza guneak, eta matatu-ak taxi pribatuak lanean dabiltza iluntzera arte, eta banakoen esku dago birusari aurre egiteko neurriak hartzea. Amolo bere maskararekin eta sanitizer-arekin ateratzen da etxetik; jendartean segurtasun tartea gehiago zaintzen du, eta supermerkatura edota bankura sartu aurretik eskuak garbitzen ditu. Matatu-etan ohiko bidaiari kopuruaren erdia onartzen da, baina txartelak ere bikoitza balio duela dio Amolok.

Arazoa konfinamendua balitz bezala, herritarrek informazioa jasotzen dute, erakunde eta egunkarien bitartez, hark eragin dituen galera ekonomikoez, mugetako kamioi ilarez, gaueko atxiloketez —Kenyako Poliziak 11 pertsona hil ditu—, ondasunen garestitzeaz eta elikadura segurtasunik ezaz. Hegoafrikak bezala, Ugandak, Ruandak eta Tanzaniak murrizketak arindu dituzte ekonomia suspertzeko.

Tanzaniak nazioarteko hegaldiak ere hasi ditu turismoaren diru sarrerak berreskuratzeko. Hegoafrika hirugarren eta laugarren fasean sartu da, eta datorren astelehenetik eskolak irekiko ditu berriz, zazpigarren eta hamabigarren mailako ikasleentzat. Segurtasun tarteak baliatuz kutsadurak eragotzi daitezkeela uste dute gehienek, nahiz eta oraindik ere kutsatu kopurua %5 inguru handitzen den egunero Hegoafrikan.

Ugandak ere murrizketak leundu ditu astelehenetik, nahiz eta igandetik asteazkenerako tartean 183 kasu berri baieztatu dituzten kolpetik.

Mezu horiek guztiak nahasten direlarik, indarra hartzen ari da konfinamenduak ez direla beharrezkoak diotenen diskurtsoa.

Mukuruko bazter auzoko arazo ikusezina

Mukuru kwa Njenga txabola auzoko xafla izurtuzko etxeetan egunero agertu dira kasu gehiago azken astean. Hango bizilagunek egunean eguneko ordaindutako lanak aurkitzeko aukera gutxiago dute orain, eta, lana aurkituta ere, gutxiago ordaintzen diete. Bodaboda edo mototaxietan lan egiten duen gazte andana bat lan bila dabil noraezean. «Ezer lortuz gero, ez da lehen bezala», esan du Ashek. Gizonen kasuan, buruko osasun arazoak zabaldu egin dira, kasu askotan ez direlako gai euren familien beharrizanak asetzeko.

Amos Omondia eraikuntza lanak egiten ari diren tokietara joaten da lan bila egunero, eta batzuetan ematen diote. Haren bizilagun Purity Kamanthik gibela handituta dauka 17-63 zentimetroko hepatomegalia du, eta ez du dirurik behar dituen sendagaiak erosteko. Auzokoen artean bildutako dirua hartu, matatu-ra igo, eta hirigunera joan da Omondia, Kamanthirentzako sendagaiak erostera, auzoko botiketan ez baitago. Kamanthik, gainera, sei hilabeteko haurra du, baina, diru sarrerarik ez duenez, depresioak jotako gizon batekin bizi da auzogunearen erdian. Egoera berezi horri aurre egiteko, laguntza behar du. Hepatomegalia sendatzeko, barazki fresko organikoak behar dira, baina laguntza bakarra auzotarren elkartasunaren eskutik jasotzen du, gobernuarentzat ikusezina baita.

Koronabirusaren probak, berrogeialdiak eta ospitaleko tratamenduak ordaintzeko engaiamendua hartu du Kenyako gobernuak. Ez du beste aukerarik izan, kutsatu kopuruak gora egin ahala. Hala, nazioarteko diru laguntzak lortu ditu, beti bezala nazioarteko finantza erakundeen maileguen bitartez.

Aurrera begira, finantza erronka handiak izango ditu, komunitateetan gero eta test gehiago egiteko gaitasuna ordaindu beharko baitu, baita osasun publikoko Kenyako ereduak desberdintasun sozialak gainditzeko duen ezintasuna konpondu ere.Familia pobreen elikadura ere bermatu beharko luke, eta aitortu pertsona guztiak sendatu arte inor ez dela seguru egongo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.