Euskararen aurkako erabakiak

Lorea Martinez eta Ana Murua
2019ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Donostiako Udalak udarako kontratatuko dituen 95 lanpostuetarako udaltzain eta mugikortasun agenteei ez die euskara jakiterik eskatuko eta Udaleko bi atal euskaldunetan, Hezkuntzan eta Gazterian, zinegotzi elebakar erdalduna izendatu du.

LABek irmoki salatu nahi ditu Eneko Goiak harturiko euskararen aurkako azken bi erabaki berriak. Batetik, udan mugikortasun agente eta udaltzain lanetan aritzeko Donostiako Udalak kontratatuko dituen 95 pertsona berriei ez zaie euskara jakiterik eskatuko, lanpostu horietan aritzeko II. Hizkuntza Eskakizunaren jabe izatea ezinbestekoa den arren. Eta, bigarrena, osatu den Udal berrian egin den ardura banaketan, gaur arte Donostiako Udalean Euskara Atal zirenez, euskaraz soilik funtzionatzen zuten bi ataletan, PSEko Enrique Ramos zinegotzi elebakar erdalduna izendatu dutelako. PSEk bi zinegotzi euskaldunak dituela kontuan izanik, erabaki bereziki larria eta iraingarria da euskaraz lan eta bizi nahi dugun guztiontzat.

Gauza da Mugikortasunean eta Udaltzaingoan udararako egin behar diren 95 kontratazio berriak egiteko ez dagoela inolako lan poltsarik. Donostiako Udalaren aurreikuspen falta nabarmena da hori. Administrazioak adierazitako «premia» dela eta, udalaren erabakia euskararen normalizazioaren kontrakoa izan da, berriro ere. Euskaldunon hizkuntza eskubideak egunero zapuztuko dituzten mugikortasun zein udaltzain agenteek beraien zerbitzua eskainiko dute Donostian uda honetan. Ulertezina bada ere, erabaki hori aurrera ateratzeko, Euskara Zerbitzuak aldeko txosten informatiboa egin du, hau da, kontratazioa egiterakoan euskararen ezagutza bermatuko ez duen proposamenaren alde jo du Euskararen VI. Plangintzaldiak honakoa esaten duela azpimarratuz:

Salbuespena: Jarraibide hauek betetzeak administrazioaren antolamenduan edo zerbitzu publikoa eskaintzerakoan ondorio larriren bat eragingo balu, salbuespenez, bestelako irizpiderik ezarri ahal izango da Euskara Zerbitzuaren aldeko txostenarekin eta Hizkuntza Normalizazioaren Batzorde Teknikoaren oniritziarekin. Gertakari larri horren aurrean Eneko Goiak ez du Euskara Batzorde Teknikoaren premiazko bilerarik deitu eta sindikatuoi gure iritzia posta elektroniko bidez eskatu digu. Ez dugu uste jokabide zuzena izan denik. Halere, lau sindikatuetatik hiruk, LABek, ELAk eta ERNEk, erabaki horren aurkako boza eman dugu eta CCOO izan da aldeko boza eman duen bakarra. Baina nahikoa izan da CCOOren bozari udalaren izenean Euskara Batzorde Teknikoan dihardutenudal ordezkari politiko zein teknikariena gehitzea proposamenak aurrera egiteko. Aurrera atera da, beraz, kontratazioa.

Salagarria da oraintxe bukatu berria den mugikortasun agenteen EPEan ez dela lan poltsa osatzeko jenderik geratu. LABek uste du horrelako prozesu luze eta garestietan sortuko diren beharrei erantzuteko lan poltsen osaketa bermatu behar dela eta Udalak ez du horrelakorik egin. Udaltzaingoaren EPE bateratuak egitearen ondorioak argi erakusten digu berezko lan poltsa ez izateak sortzen dituen arazoak.

Udal bakoitzak berezko lan poltsa sortu eta indarrean izango balu, gure kasuan Donostiako beharretara egokitutakoa, hau da, hiri euskaldunera begira osatutakoa, Hizkuntz Eskakizuna betetzen dutenak izango lirateke lan poltsan eta ez litzateke horrelakorik gertatuko.

Gauzak gaizki egin dira eta, ondorioz sortutako «egoera larria» dela medio, Udaltzaingoaren zein Mugikortasunaren zerbitzuak euskaraz emateko gaitasunik ez duten pertsonekin zerbitzua gaztelaniaz eskainiko da, herritarren hizkuntza eskubideak bortxatuz eta euskararen normalizazio prozesua oztopatuz.

Gazteria eta Hezkuntza zinegotzi erdaldun elebakarren esku dago, halaber. LABek gogor salatu nahi du azken udal hauteskundeen ondoren Eneko Goia alkatearen zuzendaritzapean osatu den PNV-PSEko Udal Gobernu berriak ez duela bertako karguak izendatzerakoan zinegotzien euskararen ezagutza kontuan hartu. Ondorioz, gaur arte Donostiako Udalean euskaraz funtzionatu duten bi Euskara Ataletan, Gazterian eta Hezkuntzan, Enrique Ramos zinegotzi elebakar erdalduna izendatu dute. Berez erabaki larria da, baina are eta ulergaitzagoa bihurtzen du PSEk bi zinegotzi euskaldun dituela kontuan izanik.

Bigarren erabaki hau Donostiako Udalak onartu berri duen Euskararen VI. Planaren helburuaren aurkakoa da, helburu nagusia administrazioaren euskarazko funtzionamendua oztopatu besterik egingo ez baitu izendapen horrek.

Ez legoke soberan udal gobernuak sortu duen egoera berria sakonki hausnartzea eta PSEren bi zinegotzi euskaldunetako bat Euskara Atalen buru jartzea, eginiko hanka sartzea zuzenduz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.