Albistea entzun

'Nork'

2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusia

Iraitz Urkulo -

2016ko otsailak 21

Idazlea: Xabi Paya. Ilustratzailea: Patxi Gallego Argitaratzailea: Bertsolari aldizkaria.

Bertsolari aldizkaria 1991ko maiatzean argitaratu zen lehendabiziko aldiz. 25 urte geroago, kalean da jadanik 100. zenbakia. Zifra borobil hori ospatzeko, ohiko egituratik aldentzen den zenbaki berezia osatu dute. Nork izenburua darama eta Xabi Paya gidoilariaren eta Patxi Gallego marrazkigilearen irudimenetik sortutako umorezko komiki bat da. Paper lodiko edizio zaindu batean, koloretan jaso dute 140 orrialdeak gainditzen dituen istorioa.

Demagun Andoni Egañak, egun osoa leporaino betetako Bilboko BECen bertsotan aritu ondoren, 2013ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa irabazi duela eta, txapeldunari dagokion agurra kantatzera doala, mikrofonoa ukitu eta oholtza gainean elektrokutatuta hiltzen dela. Jakin badakigu, zorionez, Egañak bizirik dirauela eta ez zela halakorik gertatu, besteak beste, Egañak ez zuelako final hartan parte hartu eta Amets Arzallusek jantzi zuelako urte horretan txapela. Fikzio hutseko komikia da Nork, gertaera dramatiko horretatik abiatzen bada ere, berehala umorez betetako istorio bati bide ematen diona. Hilketaren erruduna aurkitzeko asmoz, Ertzaintzak bere lau detektiberik onenen esku utziko du kasua, zein baino zein xelebreagoa: Amezketako aguazila, Bertsokop, Jesika Fletxeberria eta Amaia Ezpeldoi.

Ikerketan zehar, euskal unibertso txikiko hamaika aurpegi ezagunekin egingo dute topo, gertatutakoa argitu ordez, egoera are gehiago nahasiz sarri. Komikiaren azalean 40 inguru agertzen badira ere, askoz gehiago dira barrualdean Patxi Gallegoren esku finak ekintzan parte har dezaten paperera ekarritakoak; gainera, errealitatetik hartutakoei fikziozko pertsonaiaren bat edo beste batzen zaie. Irakurleak den-denak lehen begiratuan ezagutuko ditu, batere ahaleginik egin gabe ezagutu ere, hain da trebea marrazkilaria aurpegiak fidelki irudikatzen.

Xabi Payaren gidoiak, izaera ganberroaz gain, badu umore beltz dosi altua, ez inor iraintzeko asmorik, ordea. Euskal kulturaren mundua zabal hartuta, idazle, sukaldari, ETBko aurkezle, Olentzero eta Mari Domingi eta, batez ere, bertsolari mordoa Euskal Herriko txoko ezberdinetan kokatu ditu, irudika litezkeen egoerarik absurdoenetan. Horretarako, biderik sanoena hautatu du: arlo bakoitzaren topikoez eta ahoz ahoko esamesez baliatu da ?bazuen non aukeratua?, horiek muturrera eramanez, ahalik eta gehien puztuz, geure buruaz barre egin dezagun.

Irakurleak hain hurbilekotzat antzemango ditu komikian aipatzen diren kontuak, non ez zaion irribarrea konplizea une bakar batez ere ezabatuko. Bertsolari aldizkariak argitaratua izanik espero izatekoa zen bezala, bertso umoretsu ugari daude orrialdeotan, eta pertsonaia bakoitza bere hizkeran mintzo da, euskara hainbat doinu eta kolorerekin jantziz. Nork euskal umore grafikoaren maila altuaren erakusgarri da; literatura, sukaldaritza edota bertsolaritzan egon daitezkeen tirabirei zukua atereaz, bertsotan barre batzuk botatzeko aukera aparta eskaintzen digun lana.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Herritar bat, asteon, Donostiako areto bateko karteldegiari begira. ©GORKA RUBIO / FOKU

LEKUA EGIN NAHIAN

Ainhoa Sarasola - Ainize Madariaga

Zinema areto, jaialdi eta ziklo gehienetan, euskarazko filmen eta azpidatzien presentzia txikiagoa da beste hizkuntzetakoekin alderatuta. Hainbat eragilek azaldu dute pixkanaka kopuru hori handituz doala, baina ehunekoei erreparatuta, salbuespenak salbuespen, oreka lortzetik urrun dago oraindik.

Cordal, erakusketako lanetako batekin. ©Aritz Loiola / Foku

Egunero, atsedenik hartu gabe

Amaia Igartua Aristondo - Bizkaiko Hitza

Isaac Cordal artistak etengabe produktiboak izatearen beharra jorratu du ’24/7′ erakusketan. Bilboko SC Gallery aretoan dago ikusgai, hilaren 28ra arte.

Cat Power, azken diskoaren promozio argazki batean. ©MARIO SORRENTI

Bizitza bat bertsioetan

Alex Uriarte Atxikallende

Cat Powerrek 'Covers' albuma plazaratu du. Bere ibilbide musikalean funtsezkoak izandako 11 egileren kantuen bertsioak egin ditu, eta 'Hate' izeneko bere abestia berrinterpretatu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.