'Fotogramak' 

Hitzezko irudiak

Egilea: Goiatz Labandibar. Argitaletxea: Elkar.

2016ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Goiatz Labandibarrek bi zaletasun uztartu ditu bere lan berrian: argazkigintza eta literatura. Diziplina osagarriak direlakoan, haren bigarren ipuin-liburu argitaratua den honetan, hainbat argazki zaharretatik abiatu da irudimena aske utzi eta horietan oinarritutako narrazioak idazteko. Proiektua ez da, ordea, paperean agortzen; izan ere, Elkar argitaletxeak atari digital bat sortu du, gogoa duten irakurleek argazkiak ikusi eta horien inguruko informazioa (irudiaren izena, argazkilariari buruzko datuak, etab.) jaso dezaten. Hala, idazlearen begiradak argazkilariarena gainditzen du, argazkietako egoera eta pertsonaiak fikzioaren bidetik berrinterpretatuz.

Liburuak hamaika istorio dakartza. Horiek partekatzen duten ezaugarri bakarrenetakoa protagonista guztiak emakumeak izatea da. Bestela, ipuinak elkarrekiko zeharo ezberdinak dira. Labandibarrek munduko herrialde eta hiri batetik bestera garamatzan bidaia proposatzen digu, historiako une esanguratsuak aukeraturik: 1960ko hamarkadako hippy giroa, 1950eko Hegoafrikako apartheida, Espainiako Gerra Zibila...

Generoaren laburrak baldintzaturik, gertaera historiko bakoitzaren ikuspegi itxi eta lausoa eskaintzen du autoreak, anekdotara murrizturik halabeharrez, hura estereotipatuegia, xaloegia izanik sarritan. Konplexutasunari ihesi eta argumentu-hari bakarrari tiraka, ideia bana dago narrazioen oinarrian. Gatazka ardatz duten kontakizunetan agerikoa da gertaera latzen eta pertsonaien jokaera friboloaren arteko kontrastea, arintasunerako joera hori ipuin gehienetan azaleratzen bada ere.

Idazkera garbia darabil autoreak, zeharo ulerterraza. Testuinguruaren deskribapenak eta egoeraren aurkezpenak pisu nabarmena dute kontakizunetan, bi alderdi horietan sakontasun handirik antzematen ez den arren. Oro har, ipuin atseginak dira, baina, zenbaitetan, badaezpadako abiapuntuak edota amaierak eta ekintza mailako lotura sendoen faltak sinesgarritasunari eragiten diote.

Labandibarrena ez da batere estilo efektista; ez du, antza, artifizio narratiboetara jotzea gustuko. Nahiz eta kontakizun laburrak izan, erraz irudika daitezke horietako gehienak eleberri baten zati gisa. Batez ere orrialde gutxitan pertsonaia ugari ageri direnean, edo gertaera historikoak narrazioa luzatu eta sakonago aritzeko aukera ematen duenean. Hala ere, ipuinen irakurketak, beren xumetasunean aintzat harturik, modu autonomoan funtzionatzen duelako zalantzarik ez da.

Oraingoan irizpide literario hutsak baztertuta, argazkien eta haien inguruan asmatutako istorioen arteko jolasa izan daiteke literaturaz harago doan proiektu honen alderdirik erakargarriena. Horregatik soilik merezi du esperientzia original honetan murgiltzea. Norberak erabaki dezala irakurketari irudiak ikusi aurretik, bitartean edo ondoren ekitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.