Katalunia. Zigor Kodearen erreformaren ondorioak

Sedizioa baztertuta, Puigdemont espetxeratzeko bide berriak abian

Diru publikoaren erabilera bidegabea egotzi dio Llarenak Kataluniako presidente ohiari, tiporik larrienean. 12 urteko espetxe zigorra jaso dezake. Agintariak berretsi du Europan defendatuko duela bere burua

Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohia, Europako Parlamentuan, artxiboko irudi batean. JULIEN WARNAND / EFE.
Iosu Alberdi.
2023ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Espainiako Zigor Kodearen erreforma indarrean sartuta, baliogabetuta gelditu zen atzo sedizio delitua estatuan, eta aldaketa horrekin batera iritsi zen Espainiako Auzitegi Goreneko epaile Pablo Llarenaren erabakia: Kataluniako presidente ohi Carles Puigdemonten aurkako sedizio akusazioa bertan behera utzi zuen. Magistratuak ebazpena baliatu zuen PSOEren eta ERCren arteko erreforma adostua kritikatzeko. Adierazi zuenez, lege aldaketak «despenalizaziotik gertu» utzi du Kataluniak 2017ko urriaren 1ean egin zuen erreferenduma. Halere, Puigdemontek jarraitzen du bidegabeko diru erabilera larriagotuagatik eta desobedientziagatik auzipetuta, zigor handien mehatxupean.

Ikusi gehiago:Olga Arderiu: «Espero dut Gorenaren sententzian ere sedizio delitua desagertzea»

Llarenak indargabetu egin zituen sedizio delituengatik egindako euroaginduak, baina Puigdemont, eta Lluis Puig eta Antoni Comin Generalitateko kontseilari ohiak funts publikoen bidegabeko erabilera larriagotuagatik —delitu horregatik hamabi urtekoa izan daiteke espetxe zigorra eta 20koa inhabilitazioa— eta desobedientziagatik bilatzeko eta atxilotzeko aginduak mantendu zituen, Zigor Kodearen aldaketara egokituta.

Era berean, euroagindu berriak eskatuko dituela ere adierazi zuen, baina Europako Batasuneko Auzitegi Orokorrak Puigdemonten eta Cominen immunitate parlamentarioaren inguruan ebatzi arte itxarongo du horretarako. Comin, Puig eta Ponsati bilatzeko eta atxilotzeko agindua, berriz, Espainiako Estatuaren lurraldera baino ez dago atxikita.

Marta Rovira ERC Esquerra Republicanako idazkari nagusiaren eta Clara Ponsati Generalitateko kontseilari ohiaren kasuan, berriz, desobedientzia delituagatik auzipetuta egongo dira aurrerantzean. Biak atxilotzeko agindua eman zuen, baina deklaratzeko soilik. Desobedientzia delituak ez du espetxe zigorrik aurreikusten; gehienez, bi urteko inhabilitazioa eta zigor ekonomiko bat.

Puigdemont, Comin, Puig, Ponsati eta Rovira zeuden sedizio delituagatik auzipetuta. Llarenak atzo azaldu zuen bost kideei egozten zaizkien ekintzek ez dutela bat egiten desordena publikoko delituarekin.

Erabakiak, neurrira

Puigdemontek agerraldi bat egin zuen iluntzean, Llarenaren ebazpena baloratzeko. «Espainian auzitegietatik egiten da politika, eta ebazpen judizialak moldatzen dira komenentziaren arabera, prozesu independentistari jazartzeko eta hura zigortzeko», salatu zuen. Kataluniako presidente ohiak adierazi zuen ez duela akordiorik egingo Espainiako Gobernuarekin eta Europako justizian defendatuko duela bere burua.

Rovira ere mintzatu zen. «Ez dut erabaki azkarrik hartuko», esan zuen Genevan (Suitza); hara erbesteratu zen 2018ko martxoan. Hala ere, nabarmendu zuen Kataluniara itzultzeko asmoa duela. Bestalde, balioa eman zion ERCk Zigor Kodearen erreforman izan duen rolari: «Politikoki guri jazartzeko erabili duten eta artean Espainiako Zigor Kodearen parte zen antigoaleko delitu politiko bat [sedizio delitua] ezabatu dute».

Llarenaren ustez, Zigor Kodearen erreforma zuzenean lotuta dago buruzagi politiko katalanen aurkako epaiketarekin. Hala, salatu zuen sedizio delituaren «aplikazio bakan bat» soilik duela oinarri aldaketak. Magistratuaren iritziz, sedizio deliturako aurreikusitako zigorrak Espainiaren «ingurura homologagarriak ziren». Gaineratu zuen aldaketak ez duela zigorrak murriztea eragingo, horiek «despenalizatzetik gertu» uztea baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.