Albistea entzun

«Kasuak banaka ikusi beharrean batera ikusten dituzunean, beste kontu bat da»

Hainbat urtez sexu jazarpena eta lanekoa pairatu ostean, Bilboko perfume denda bateko langileek arduradun bat salatu zuten iaz. Enpresak aurten kaleratu du erasotzailea.

Olatz Silva Rodrigo -

2022ko azaroak 24

«Guk zortea izan dugu plantilla osoak bazekielako arduraduna zer egiten ari zen; ez dut imajinatu nahi zein zaila izan behar duen pertsona bakarrarentzat hau jasan behar izatea». Bilboko perfume denda batean egiten du lan Violetak —nahiago izan du benetako izena ez eman—. Duela urte batzuk, denda ireki eta berehala hasi zen bigarren arduradun postuan zen gizona sexu jazarpena eta laneko jazarpena egiten. Horren aurrean, orain urtebete, langile guztiak batu eta salaketa jarri zuten, ELA sindikatuak lagunduta; enpresak aurten kaleratu du erasotzailea. Violetaren iritziz, langile guztiek arduradunaren aurka egin izanak erraztu egin du dena: «Aurretik batuta geunden, baina honek indartu egin gaitu». Arduraduna lanean ez dagoenetik, giroa aldatu egin da dendan: «Atseden izugarria izan da nire buru osasunerako, eta guztien osasunerako ere bai».

Ikusi gehiago: ELAk salatu du enpresa askok ez dutela sexu jazarpenaren aurkako protokolorik

Ardura postu bat zuen Violetak, baina erasotzailearen azpitik. «Gainerako saltzaileek are babes gutxiago zuten». Azaldu duenez, gizonak langile guztiei jazarri zien, «nagusi zituenei ere bai». Lankideen gerria ukitzen zuen, edo belarria ukitzen zien hitz egiten zuten bitartean: «Autoritatea kentzen zien». Bezeroei buruzko iruzkinak ere egiten zituen; «Nolako bularrak dituen horrek» esaten gogoratzen du Violetak. «Txartelarekin ordaintzen zutenean, izena gogoratu eta Instagramen bilatzen zituen, ligatzeko».

Langile askok aurre egin zioten arduradunari. Hala ere, gizonak haietaz «barre» egiten zuela esan du Violetak. Eta aurre egiteak ondorioak ekarri zituen. «Izorratu egiten bazenuen, hurrengo egunean hark izorratzen zintuen zu, lan karga izugarria emanez edo deseroso sentiaraziz». Violetak gaixoaldia hartu behar izan zuen: «Kontu horrek antsietate izugarria eragin zidan». Orduan ohartu zen egoera aldatzeko premiaz. Nagusiari esan zion bulegoetara idatzi bat bidali behar zutela. «Zuzendaritzakoek antzerki pixka bat egin zuten», kritikatu du: «Enpresako ordezkari batek langile guztiak elkarrizketatu zituen. Baina ez zuen ezertarako balio izan, langileak ez zeudelako eroso haren aurrean halako salaketa bat egiten».

Garai hartan enpresak ez zeukan sexu jazarpena eta laneko jazarpena bideratzeko protokolorik, baina bazuen salaketak jartzeko nolabaiteko bide bat. «Hainbat langilek salaketa jarri zuten; batzuek lau aldiz». Ez ziren inora iritsi. Lurrindegiak beste enpresa bat zuen kontratatuta salaketa horiek kudeatzeko, baina ez zuen jakinarazi, kexak anonimoki egin zirela argudiatuz. «Kanal horrek, beraz, zertarako balio zuen?», galdetu du Violetak. Etsi egiteko eta gertatzen zena bere horretan uzteko zorian utzi zituen horrek.

Pandemiaren ostean, ELAko ordezkari izendatu zuten Violeta, eta horrek egoera irauli zuen. Bi langilek harengana jo zuten. «Batek esan zidan arduradunarekin bakarrik zegoenean ez ziola kasurik egiten, elkarrizketatik at uzten zuela eta lan karga izugarria ematen ziola, jakinda lesio bat zuela eta gauza jakin batzuk ezin zituela egin». Hori laneko jazarpen «izugarria» dela salatu du. Eta beste lankideak adierazi zion arduradunarekin ez zela eroso sentitzen: «Arduraduna zaharragoa zen. Lankidea oso txikia zenez, gerritik hartzen zuen bere borondatearen kontra». Horrez gain, zenbait iruzkin egin zizkion. «'Hau ez dugu egingo, nire neska-laguna jeloskor jarriko delako', eta gisakoak esaten zizkion, nolabaiteko jolas mentala sortzeko, euren artean erakarpena balego bezala; emakumearen partetik, noski, ez zegoen halakorik».

Violetak sindikatura helarazi zuen salaketa hura. «Lotsa eman zidan ikusteak nola normalizatu genituen hainbat gauza; kasuak banaka gertatzen direnean agian ez diezu kasu handirik egiten, baina banaka ikusi beharrean denak batera ikusten dituzunean, beste kontu bat da». Sindikatuak idatzi bat egiteko aholkatu zion Violetari, eta denek sinatzeko. «Zuzendaritzari bilerak eskatu nizkion, baina ez zidaten erantzun». Idatzi hori bulegoetara bidali zutenean, berriz, «hamar minututan» erantzun zuten, kasua aztertzen ari zirela esanez.

Enpresa ordurako hasia zen jazarpenaren aurkako protokolo bat «nola edo hala» lantzen, baina, Violetak oroitu duenez, bide hori baztertzeko «negoziazio bat» ere proposatu zien langileei. «Guk salatu genuenean abiatu zuten protokoloa, eta, nire ustez, kasuak aurrera egin ahala joan ziren osatzen». Enpresak auzitegi psikologo bat kontratatu zuen, langile guztiekin hitz egin zezan. «Ondorio argiak aterako zituen, horietan oinarrituta enpresak arduraduna bota baitzuen».

Kaleratu osteko egoera

Violetarentzat, arduraduna kaleratzea «lasaitu izugarria» izan da: «Hilabete askotan ez nuen atsedenik hartu; ez nuen lorik egiten». Sindikatuko kideak argi utzi zion gogorra izango zela, «eta hala izan da, maila emozionalean batez ere». Eskertu egin du langile guztiak batu izana: «Babesik gabe askoz gogorragoa izango litzateke».

Orain ari dira berdintasun plana lantzen. Izan ere, protokolorik ez izateak eta gaiaren inguruko ezjakintasunak eragina izan dute kasua kudeatzean: «Abokatuekin harremanetan jarri ziren arte, enpresak ez zuen jakin gaia nola landu». Adibide gisa, gehitu du sindikatuak enpresaren jarduna zuzendu behar izan zuela behin baino gehiagotan.

Kaleratu zutenetik, arduraduna pare bat alditan pasatu da denda ingurutik. «Aurreko bankuan jesarri zen behin, eta denbora luzez gelditu zen dendara begira». Sare sozialen bidez langile ohiekin harremanetan jarri da, baina ez diote kasurik egin. «Ez du besterik egin. Argi du langileak elkartuta gaudela eta neurriak hartuko ditugula».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Mintzodromo bat, San Telmo museoan, Donostian. ©GORKA RUBIO / FOKU

Aniztasunerako zubigintza

Iraia Vieira Gil

Euskaraz ez dakitenak erakartzeko jardunaldiak antolatu ditu Euskaltzaleen Topaguneak. Euskarak sortzen dituen barne eta kanpo gatazkak izan dituzte hizpide.
Idurre Eskisabel, atzean Euskalgintzaren Kontseiluaren logoa duela. ©EUSKALGINTZAREN KONTSEILUA

Idurre Eskisabel izango da Kontseiluko idazkari nagusia

Julen Aperribai

Paul Bilbaok hamabi urte eman ditu kargu horretan, eta hura ordezkatuko du Eskisabelek gaur zortzi, Durangon. Euskararen auzia «gizartearen lehentasun» bihurtzea eta aliantzak sendotzea jarri ditu helburu

Indarkeria matxistaren aurkako protesta bat, Iruñean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

'Baietz da baietz' legearen aurretiko kondenei eutsiko diete Nafarroan

Ion Orzaiz

Nafarroako Auzitegiak ez du murriztuko zigorra, hura lege berriaren parametroetan sartzen bada. Gipuzkoako Auzitegiak etzi ebatziko du

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.