David Meseguer. Kazetaria

«Europak ez ikusiarena egiten du Turkiaren krimenen aurrean»

Meseguerrek ohartarazi du Rojava okupatuta iparraldeko eta hegoaldeko kurduak banatuta gera daitezkeela: «Turkiak Siria iparralde osoa bereganatuko balu, eremu koltxoi bat sortuko luke erdian arabiarrekin».

BERRIA.
Kristina Berasain Tristan.
2020ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
David Meseguer (Benicarlo, Katalunia, 1983) freelance kazetaria da. Ekialde Hurbileko eta Afrikako hainbat herrialdetako gatazkez idatzi du hainbat komunikabidetan, eta liburu bat argitaratu du bere herri kuttunaz, herri kurduaz : Respirando fuego: en las entrañas de la lucha kurda por la supervivencia (Sua arnasten: kurduen iraupenerako borrokaren erraietan). Karlos Zurutuza kazetariarekin batera idatzitako liburua lau estatutan zatituta dauden herritarren kronika da, kurduek azken urteotan bizi izan dituzten promesen eta traizioen kontakizuna: «Nahi genuen liburua idatzi dugu. Urteak daramatzagu kurduez idazten, eta baztertutako herriari ahotsa eman nahi genion». Meseguerrek errefuxiatuen auzia ere hartu du hizpide.

Turkiak ateak ireki dizkie errefuxiatuei. Europako Batasunarekin ituna sinatu zuela lau urte beteko dira orain. Zer iritzi diozu itun horri?

Europari xantaia egiteko akordioa da. Dirutza baten truke errefuxiatuen exodoa geraraztea lortu du Europak. 2015eko irudiak oso gogoan ditut. Siriako gerratik ihesean ari ziren milaka errefuxiatuei mugak itxi zizkieten, hesiak eraiki zituzten bideak oztopatzeko, eta hurrengo urtean etorri zen akordioa, 2016an. Itunak B alde bat dauka: Turkiak egiten dituen giza eskubideen urraketak direla-eta isilik egotea.

Europaren isiltasuna erosi du Turkiak. Recep Tayyip Erdoganen errepresio politikak etengabeak dira, ez soilik herri kurduaren kontrakoak, baizik eta oposizio guztiaren kontrakoak. Ez dugu ahaztu behar estatu-kolpe saialdi bat egon zela. Oraindik ez dakigu oso ondo zer gertatu zen, baina aitzakia ederra izan zen errepresio politikak justifikatzeko. Orduz geroztik, ehunka lagun atxilotu dituzte, akademikoak, epaileak, kazetariak, militarrak... Europa isilik egon da errepresio hau dela eta. Bere arima saldu dio deabruari.

Idlibeko gatazkaren harira, auzitan egon da akordioa.

Xantaiak funtzionatzen duela ikusi dugu, beste behin. Bruselak alfonbra gorria jarri dio Erdogani. Turkiaren eskaera guztiak onartu dituzte akordioa bertan behera gera ez zedin, nahiz eta hemen beste kontu bat ere badagoen. Errusiak Turkiako hainbat soldadu hil ditu Idliben. Errusia Baxar al-Assaden aliatua da. Eta Erdogan estatu kideak estutzen saiatu da; NATOko kideak diren heinean, ea presioa egiten dioten Errusiari. Turkiak Al-Assaden kontrako aliatuak nahi ditu.

Siriako gerraren etorkizuna dago jokoan...

Siriako gerrak bederatzi urte bete ditu, milaka pertsona hil ditu, baina, orain, hildakoak ez dira soilik siriarrak edo kurduak. Turkiako soldaduak hil dira azken borroketan. Eta Errusiaren jarrera ere aldatu da. Turkiak 2018an egin zion eraso Afrini. Eta iazko urrian, Serekaniye eta Tel Abiad arteko eremuari. Turkiak Rojava inbaditu izanak ez du eraginErrusiaren erreakzioa, baina Idliben gauzak bestelakoak dira. Damaskok eta Ankarak talka egin dute Idliben. Turkia ez dago prest amore emateko, interesak dituelako eremu horretan. Eta Al-Assadek bere garaian esan zuen lurralde osoa berreskuratu arte borrokatuko zela, eta horretan ari da, Errusiaren eta Iranen laguntzarekin.

Turkiak Rojava inbaditu duenetik, milaka kurdu errefuxiatuta eta desplazatuta daude euren jaioterrian. Zein da egoera?

Ehunka mila kurdu daude desplazatuta euren lurraldean, baina ez soilik kurduak, arabiarrak, siriakoak eta asirioak ere badaude. Rojavan babestutakoak dira asko. Afringo 150.000 lagun ondoko eskualdean daude. Alepo hirian ere babestu dira asko eta asko, edo Kandri edo Al-Hassakan. Ipar Kurdistanen nintzen, 2011n, Diyarbarriren. Orduan, aurreneko exodoa iritsi zen. Inork ez zuen pentsatzen bederatzi urtez egongo zirenik errefuxiatuta. Siriara itzuli ziren batzuk, eta horietatik asko hilda daude, beste asko han geratu ziren, eta beste asko Europara etortzen saiatu ziren. Irakeko Kurdistanen Rojavatik ihes egindako 200.000 kurdu zeuden errefuxiatuta, 2017an. Estatu Islamikotik ihes egindako errefuxiatuak ziren.

Europara etorri nahi zuten familia horietako askok, baina ez zuten dirurik. Turkia eta Grezia arteko itsas zeharkaldiak dirutza balio zuenez, sendiko pertsona bakarra bidaltzen zuten, normalean gizona. Emaztea, seme-abalak eta gurasoak errefuxiatu guneetan geratzen ziren. Zatitutako familiak ziren, lau-bost urtez egon direnak errefuxiatu estatusa aitortzeko eta elkartzeko zain. Familia horietako batekin akordatzen naiz. Alemanian zegoen aitak esaten zidan semearen ahotsa telefonoz baino ez zuela ezagutzen, emaztea haurdun zegoela ihes egin baitzuen.

Negu gorrian hotzez hil diren errefuxiatuak daude...

Bai. Oso baldintza gogorretan daude. Ekialde Hurbilean, kontrakoa pentsatzen badugu ere, hotz handia egiten du neguan, gauean bereziki, eta errefuxiatuak oso egoera latzetan daude. Eta ez ditugu ahaztu behar zeharkaldietan daudenak ere. Irango Kurdistandik Turkiako Kurdistanera bidean hainbat lagun hil dira negu honetan. Errepresiotik ihes egin, eta heriotza aurkitu dute bidean.

Turkiak Rojavan elkartu nahi ditu errefuxiatu siriarrak, aldaketa demografikoa egiteko.

Afrin izan zen politika horren abiapuntua. Bi urte dira Turkiak okupatu zuela, eta milaka familia arabiar bizi dira han, baita talde islamistetako familiak ere. Eredu hori zabaltzen ari dira. Turkiak murru batzuk ere eraiki ditu, eta badirudi anexionatu egin nahi dituela. Eremu batzuk de facto bere egin ditu: Turkiako bandera ezarri dute udaletan, eta eskoletan turkieraz ari dira... Agenda islamista ezarri, eta neskatoak jihad-a eramatera behartzen dituzte. Rojava bereganatu, eta kurduak hegoalderago desplazatu nahi ditu. Eta Turkiak Siria iparralde osoa bereganatuko balu, eremu koltxoi bat sortuko luke erdian arabiarrak ezarriz, eta iparraldeko eta hegoaldeko kurduak banatuz. Kurduek mendeetan izan duten harremana hautsiko litzateke.

Erdogan prest dago mugak zeharkatzeko, kurduen kontra egiteko bada.

Bai. Turkiak Siriako gerran egin zuen lehen ekintza militarra, 2016an izan zen, kurduek iparralde osoa bereganatzea saihesteko, eta helburua lortu zuen. Gerora ikusten ari gara zertan ari den. Eta bereganatu dituen eremu horietan giza eskubideen urraketak etengabeak dira, milizien eskuetan uzten baititu, mota guztietako krimenak egiten dituzten miliziak baitira.

Zer motatako krimenak?

Lapurretak, bahiketak, hilketak, exekuzioak, bortxaketak, behartutako ezkontzak... Zerrenda oso luzea eta oso larria da. Dokumentatuta daude urraketak. Eta Europak ez ikusiarena egiten du Turkiaren krimenen aurrean.

Erdoganen aurkari nagusiak dira kurduak. Rojavako iraultza, konfederalismo demokratikoa akabatzea al da helburua?

Ez nuke esango kurduak bere aurkariak direnik. Kurdua ez da herri homogeneoa eta bateratua, fakzio ezberdinak daude, tribuek ere pisu handia daukate, eta badaude izaera kontserbadoreagoa duten alderdiak. Barzanitarren PDK Kurdistango Alderdi Demokratikoak historikoki oso harreman ona izan du Turkiarekin, eta, tarteka, harekin egin du bat PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren kontrako borrokan. Erdoganen aurkaria ideologikoa da, izan kurdua, kristaua edo arabiarra, ez etnikoa. Abdulah Ocalanen bide orriarekin bat egiten dutenak dira haren aurkariak. Erdogan konfederalismo demokratikoaren bide orriaren kontra dago beste ezeren gainetik; proiektu hori deuseztatzeko zer egiteko prest dagoen ikusten ari gara gaur egun.

Turkiako Kurdistanen gogor ari da kurduen kontra.

2015ean eta 2016an armadak hainbat hiri kurdu suntsitu zituen, milaka desplazatu eraginez. Txikitutako eremu horietan etxebizitzak eraikitzen ari dira errefuxiatuentzat, siriarrentzat, baina baita uigurrentzat ere, musulmanak direlako. Aldaketa demografikoa gauzatzen ari da horrela, eta honek hauteskunde helburuak ditu: egunen batean nazionalitate turkiarra aitortzen badiete Erdoganek AKP Justizia eta Garapenerako Alderdiaren garaipena bermatuko du. HDP Herriaren Alderdi Demokratiakoak bere gotorlekuak galduko lituzke.

Iranen erabatekoa da hermetismoa.

Irango Kurdistanen kurduak erabat baztertuta daude, historikoki zokoratuta egon dira menperatuta egoteko. AEBen blokeoak herrialde osoan du eragina, baina horri gehitzen badiozu bazterketa historikoa, izugarria da nahasketaren emaitza. Egoera zailean daude. Langabezia tasa oso handia da kurduen artean, eta lanikzailenak egitera behartuta daude. Errealitate hori jasotzeko, alkohola zamaketariek eta kontrabandistek eramaten dutela idatzi nuen liburuan.

Liburuan, beste behin agerian geratzen da kurduak traizionatuak izan direla.

Siriako kurduek bazekiten AEBen babesa koiunturala zela, eta ikusi dugu Estatu Islamikoaren kontra borrokatu ostean bakarrik geratu direla. Munduko potentziek ezartzen dute agenda eta kurduak bakarrik geratzen dira, baina jada ez dira inorez fidatzen, beraien buruaz ez bada. Hortik dator liburuaren izenburua, historiak erakutsi die aldian aldiko bizitzera, erresistentzian bizitzen, eta erresistentzia bizitzen dela, sua arnasten ikasi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.