Presidentetzarako bozak Brasilen. Komunitate indigenak

Indigenak, basoaren zaindari

Bolsonarok 2019an agintea hartu zuenetik, Brasilgo Amazoniako deforestazioak %50 egin du gora. Munduko biodibertsitatearen %80 komunitate indigenen lurraldeetan dago, eta, Sarah Shenker antropologoak azaldu duenez, «indigenak dira basoaren eta naturaren zaindari onenak».

Hainbat etniatako indigenak ATL Lur Askearen aldeko Kanpalekuaren 18. edizioan, Brasilian. JOEDSON ALVES / EFE.
maddi iztueta olano
2022ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Brasilgo Amazonian, komunitate indigenak naturarekin bat bizi izan dira mendez mende, beren arbasoen ohiturei jarraituz. Baina azken hamarkadotan oihanaren bihotzeraino iritsi dira lobby handien interes ekonomikoak, eta indigenak milaka urtez zaindu dituzten lur eremuak galtzen ari dira.

Sarah Shenker Survival International erakundeko antropologoak hainbat denboraldi igaro ditu Brasilgo komunitate indigenekin. «Basoaren eta naturaren zaindari onenak dira», nabarmendu du.

Beharrezko dituzte basoak eskaintzen dituen baliabide naturalak; elikagaiak lortzeko, tresnak egiteko, etxeak eraikitzeko, materiala biltzeko eta erritual espiritualak egiteko, besteak beste. Munduko biodibertsitatearen %80 beren lurraldeetan dago, baina, satelitetik begiratuta, «deforestazio eremu handien artean dauden borobil txiki berdeak baino ez dira».

Ikusi gehiago:Munduaren arnasgunea, itotzear

Amazoniako baliabide naturalak ustiatu nahi dituztenen aurka egiteko ezer gutxi dute indigenek. Brasilgo Konstituzioaren arabera, eskumena dute beren lurraldeen erabilera esklusiborako, baina horretarako mugatze prozesu bat egin behar dute. «Prozesuaren helburua da komunitate indigena bakoitzaren antzinako lurraldea zehaztea. Horiek identifikatzeko, ezinbestekoa da arkeologoen, hizkuntzalarien, adituen eta indigenen lana», azaldu du Shenkerrek. Prozesuak baldintza bat du: 1988 eta 1993 bitarteko epean abian jarri izana. Hortaz, egun beren lurraldeak mugatzeko zain daude oraindik ehunka komunitate indigena.

Aitzitik, 1989an onartutako Herri Indigenen eta Tribuen Konbentzioaren arabera, Brasilgo indigenek beren lurraldeen gaineko jabetza izan behar lukete. Gobernuak, baina, nahiago du jabetza horiek beretzat gorde. Shenkerren ustez, instituzioak «ahulak» dira, eta legez kanpoko trafikatzaileen eta meatzarien alde daude. Antropologoaren esanetan, «Bolsonaroren [Jair, Brasilgo presidentea] gobernua indigenen lurralde guztiak lapurtzen saiatzen ari da».

Erasoen aurka, basozain taldeak sortu dituzte indigenek. Talde bakoitzak bere lurraldea patruilatzen du, okupatzaileak edo legez kanpoko jarduerak egiten dabiltzanak identifikatzeko. «Gobernuaren lana da hori, baina ez dute egiten. Arriskutsua da, eta, ondorioz, indigena asko hiltzen ari dira», gaitzetsi du Shenkerrek.

Antropologoak gehitu du gaiaren inguruko «sentsibilizazioa eta kontzientzia» sustatu behar direla. Horretarako, iritzi dio erakunde eta nazioarteko politiketatik at, norbanako bakoitzak ere lagun dezake, haren ustez; esaterako, sare sozialen bidez.

Amazonia dago jokoan

Lehia bizia dago Brasilgo presidentetzarako hautagaien artean. Bozen lehen itzulia urriaren 2an egin zuten, eta Luiz Inacio Lula da Silvak aurrea hartu zion egungo presidente Bolsonarori, baina ez zituen irabazteko adina boto lortu. Ezin polarizatuago dagoen herrialde horretan, igandean egingo da hauteskundeen bigarren itzulia. Orduan lortuko du agintea batak edo besteak, eta, zenbaiten ustez, emaitzaren esku egongo da Amazoniaren etorkizuna.

Behin-behineko presidente ultraeskuindarrak pribatizazioaren aldeko politikak sustatu ditu, eta gorrotoz betetako diskurtso klasista, LGTBfobo eta arrazistak zabaldu ditu lau haizeetara, familia tradizionalaren alde. Horiez gain, nahi adina ustiatu ditu Amazoniako baliabide naturalak, lurrarentzat kaltegarriak diren laborantza ereduak bultzatuz, nekazaritzaren eta meatzaritzaren lobby handien interesen alde.

Ikusi gehiago:«Babesa» ez da basoko izkina guztietara iristen

Txanponaren beste aldean, PT Langileen Alderdiko hautagai Lulak langile klasearen eta herritarren interesak jarri ditu kanpainaren erdigunean. Amazoniari dagokionez, presidente ohiak ziurtatu du ingurumen krimenen, okupatzaileen eta milizien aurkako neurriak hartuko dituela, baita indigenen aferez arduratuko den ministerio bat sortuko duela ere.

PTk agindu zuen urteetan, 2004tik 2016ra bitartean, deforestazioak %72 egin zuen behera. Shenkerrek iritzi dio Lularen garaipenak indigenen bizi baldintzak «nabarmen» hobetu ditzakeela, «baina ez ditu arazoak egun batetik bestera konponduko». Antropologoak azaldu du gobernuak baino indar handiagoa dutela Amazoniaren ustiaketarekin lotutako enpresa handiek: «Lulak ez du lobby handien aurka borrokatzeko adina botere politikorik, ezta nahikoa interesik ere».

Bolsonarok 2019an presidente kargua hartu zuenetik, %50 egin du gora Brasilgo Amazoniako deforestazioak, eta sekulako goraldia izan dute indigenen hilketek eta Amazoniaren lurren gaineko liskarrek. Brasilgo Ikerketa Espazialen Institutu Nagusiak argitaratutako datuen arabera, joan den irailean 1.455 kilometro koadroko baso eremua galdu zen: 2015etik erregistratutako daturik handiena da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.