Norberaren ipurdia garbitzeko, gainerakoena zikintzen

2021eko urriaren 13a
00:00
Entzun
Ken Loachek 2019ko zinemaldiaren itxiera ekitaldian esan zituen hitz haiek, «babes itzazue greban diren zahar-egoitzetako langileak eta babestu ezazue bere sindikatua», argazkietan jartzen duen irribarre behartuarekin txalotuko zituen Markel Olanok. Maskara gabeko garaiak ziren, baina ezin izan genuen ikusi egoitzetako egoeraren Gipuzkoako ahalduradun nagusiaren keinua.

Garai hartakoa da ere ELA sindikatuak Hego Euskal Herriko egoitzetan egindako azterketa. Lurraldeka zenbat langile dagoen egoiliar bakoitzeko (ratioa) eta eguneko 24 orduetatik zaintzaileak egoiliar bakoitzarekin zenbat denbora pasa dezakeen neurtu zuten. Gipuzkoako datua: 92 minutu. Azterketan, hala zioten langileek: «Egoiliarrak zaintza duina jasotzeko behar duen dedikazioa eta kalitatea ez dira, inondik inora, bermatzen [...] Langileok behin eta berriz eskatu dugu ratioak igotzea, gizartea gero eta zaharragoa den heinean, gero eta gehiago direlako menpekotasun egoeran diren pertsonak, eta gero eta anitzagoak profilak».

Egiten zuten proposamena zehatza zen: zaintzaileek egoiliar bakoitzari egunean gutxienez bi ordu dedikatu ahal izatea, erizaina 24 orduan, garbitzaile kopurua %53 handitzea eta sukaldari bat 50 egoiliarreko. Eskaera hauek 2019ko otsailean egin zituzten Hego Euskal Herriko zahar-egoitzetako ELAko langileek. Hiru urte ondoren egoera ez da aldatu, eta Hegoaldeko lau lurraldeetako erresidentzietako langileak borrokan dira, lurralde bakoitzean dagoen indar-harremanen arabera,bakoitzak ahal duena hobetzeko helburuarekin.

Garrantzitsua iruditu zait sektoreko azken urteotako panoramaren errepaso labur bat egitea Txara I-eko eskandalua eta ekarri dituen erreakzioak hobeto ulertzeko. Zoriondu egin behar da elDiario.es-eko Iker Rioja kazetaria, ekaitza sortzea lortu duen izenburua jarri ziolako albisteari: Una inspección revela que una residencia privada de Donostia tenía a los mayores 14 horas sin comer.

Berehala atera zen Maite Peña esanez kasu isolatu bat zela, 325 ikuskapenetatik bakarra dela, Txara I-eko 116 egoiliarretatik 16 soilik egon zirela egoera horretan, garai puntual batean, gainera, abuztuan.

Egoiliarren senideek, ordea, egoera horiek ohikoak direla esan zuten. Arazoa ez zela egoitza horretan soilik ematen, baita besteetan ere. Hamasei egoitzatako langileek ere beraien testigantza eman zuten, datu zehatzak mahai gainean jarriz, arazoa orokorra eta aspaldikoa dela azpimarratzeko. Iker Riojak berak ikerketa bat egin zuen egoitza desberdinetan, eta ondorioztatu zuen beste dozena bat egoitzatan ere egoiliarrak 13 eta 15 ordu artean izaten zituztela jan gabe. Iturri desberdinetatik zabaltzen ari ziren informazioekin, iritzi publikoan nahiko argi gelditzen ari zen egoera puntual izatetik urrun zela. Orduan, jokalekua lokazten eta zarata ateratzen hasi zen diputazioa.

Noticias de Gipuzkoa-ko editorialak, Al fondo, la batalla sindical, Unai Rementeriak, Bizkaiko erresidentzietako langileak greban zirela, El Correo-n idatzi zuen artikulu bat ekarri zidan gogora. «Egoitzetako langileak ELAren txotxongiloak dira», zioen Rementeriak bertan. Eta Markel Olano harago joan da: «ELA ez da hauteskundeetara aurkezten» eta «ez dugu erresidentzietako langileen lana zikintzen utziko».

Olano jauna, egoliarrak hamalau orduz ohean ezer jan gabe edukitzea edo astean behin dutxatzea ez da langileen errua. Langileek dena eta gehiago ematen dute, bereziki pandemia garaian, baina ez dira iristen. Urteak daramatzate egoera salatzen. Eta egoera zikin horren arduraduna zeu zara, baina ez dituzu langileak entzun nahi, ez duzu ELAko erresidentzietako langileekin bildu nahi, «Maite Peña gezurtera» oihukatzen dutelako diputazio aurrean. Hiru urte daramatzate egoera hobetzeko borrokan. 252 egun greban.

Alde batetik, erresidentzietako langileak besoak, bizkarra eta arima uztera behartzen dituzu, diputazioak ez duelako zaintza lan hori duintzeko baliabiderik jarri nahi. Hori gutxi ez eta esaten diezu langile horiei erresidentzietako lana zikintzen ari direla! Ze, ez dakit jakingo duzun, baina erresidentzietako langileek bozkatzen dute, eta bere ordezkariak aukeratzen dituzte. Eta badakizu zer ordezkaritza duen ELAk Gipuzkoako zahar-egoitzetako langileen artean? %60a. Bai, Olano, testigantza eman zuten langileek ez dute soilik beraien izenean hitz egiten, erresidentzietako langile guztien izenean baizik, demokratikoki duten ordezkaritza dela medio. Zergatik uste duzu, bada, ezagutzen duela ELAk hain ongi Gipuzkoako zahar-egoitzetan gertatzen dena? Ia erresidentzia guztietan direlako zaintza lana duintzeko eta egoiliarrak hobeto egoteko lanean dabiltzan ELAko zaintzaileak.

Eta sistema guztia pikutara bidali nahi duen sindikatu komunista-bolivarianoa, interes partikularrengatik, gezurrak zabaltzen eta langileen lana zikintzen dabilen bitartean, zer egiten du diputazioak? «Gipuzkoak proba pilotu bat martxan jarri du, eta gosariak aurreratu ditu zahar etxeetan. Oraingoz, aldaketa Txara II-n soilik egin da, baina asmoa beste egoitzetara ere zabaltzea da, ondo baldin badoa». Baina ez al zen, bada, Txara I-ekoa kasu puntual bat?

Zarata eta gezurrak zabal daitezke, baina denborarekin errealitatea gailentzen da. Bereziki egoiliarren bizi baldintzekin hain konprometituak dauden, beraien lana horren ongi ezagutzen dituzten eta hain antolatuta eta boteretuta dauden emakumeen aurrean. Unai Rementeria ere berdin ibili zen Bizkaian. Baina, 378 greba egun ondoren, errealitatea onartu eta akordiora iristea beste biderik ez zuen izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.