Adio, Trump; ongi etorri, Biden

2021eko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Joe Biden Pennsylvanian jaio zen 1942. urtean. Lau anai-arrebaren artean zaharrena izan zen, sendi katoliko eta jatorriz irlandar umilean munduratu zen. Bere aitak autoak salduz irabazi zuen bizitza, ama Catherinek etxekoandre gisa etxeko lanetan eta lau seme-alabak zaintzen zituen bitartean. Bidenek 13 urte zituenean, etxez aldatu ziren, Claymontera hain zuzen. Hango Saint Helen ikastetxean egin zituen ikasketak, baina ez zuen inoiz inolako atxikimendurik garai haiekiko; sasoi deserosoak, totela zen eta gelakide bihurriek eta lagunek burla eta iseka egiten zioten-eta. Bere aitak esan ohi ziona sarritan gogora ekartzen du bere autobiografian: «Txapelduna, gizon baten neurria ez datza zenbatetan lurrera jaurtitzen duten, baizik eta zutitzean duen prestutasunean eta arintasunean».

Lanean eta erresilientzian gogor aritzeko hezita, beti saiatu zen hitz egiteko zuen totel oztopoa gainditzen, eta, horrela, olerki zati luze osoak buruz ikasten zituen ispilu baten aurrean, ondoren hitzez hitz errepikatuz. Bere ikasketak eta prestakuntzak Archmere akademia katoliko garesti eta ospetsuan temati saiatu zen burutzen. Akademia bertako kristalak garbitzen eta lorategia zaintzen eta txukuntzen irabazten zuen diruaz laguntzen zituen bere gurasoak, eta bide batez bere matrikula ordaindu. Ikasle aurreratua, kirolari ona eta prestua bilakatu zen berehala. Delawareko Unibertsitatean matrikulatu zen, Historia eta Zientzi Politikoak ikasi ahal izateko.

Garai haietan John F. Kennedy iritsi zen AEBetako presidente izatera, eta Bidenengan zirrara piztu zuten presidentearen izaerak eta jarrerak, politikaren harra barruraino barneratu zitzaion, zaletu egin zen politikarekin. Unibertsitatean ikasten ari zela, hirugarren urtean eta bidaia bat zela medio Neilia Hunter Syracuse Unibertsitateko ikaslea ezagutu zuen; supituki maitemindu, eta hurrengo urtean, 1966an, ezkondu egin ziren. Bidenek Delawareko Unibertsitatean bere ikasketak amaitu bezain laster Syracuseko Zuzenbide Eskolan matrikulatu zen, bere bihotzeko maiteñoa ikasten ari zen leku berean, hain zuzen.

Bi urteren ondoren, abokatu gisa aritu zen lanean Delawareko Wilmington izeneko bulego batean. Alderdi Demokrataren magalean politikan lehen urratsak egin nahi izan zituen, eta, horrela, New Castleko Kondaduko Kontseiluko kide izatera iritsi zen. Baina egun batetik bestera tragedia latz eta mingarri batek dena lausotu zuen: guztia goibeldu zitzaion Bideni 1972ko Gabon gauean: senatari izendatu bezain laster, trafiko istripu batean, sasoi horietako pinua erostera zihoazela hain zuzen, emaztea eta 13 hilabeteko alabatxoa hil ziren; bere beste bi semeak, nahiz eta oso larri suertatu, bizirik irten ziren. Kolpe latz honek ia-ia bere buruaz beste egitera eraman zuten Biden: «Ez zegoen, egon ere, ez errezorik, ez sermoirik ni zertxobait lasaitzeko balio zuenik. Itxaropena galduta, birrinduta, amore emateko zorian egon nintzen». Baina ez zuen aukerarik, aurrera jarraitu behar, bi ume zituen koskortu eta hezi beharrak. Senatari kargua bere semeak osatzen ari ziren erietxean bertan sinatu zuen.

1977. urtean, Joe Biden berriro ezkondu zen, Jill Tracy Jacobs hezkuntzan doktore eta unibertsitateko irakaslearekin. Jatorri umila izandako eta egoera latzetan hezitako senatore honek errespetua eta begirunea islatzen zituen bere inguru zabalean. Atzerriko politikan jakituna zen, eta, horrela, Sudaneko Darfurren gertatutako genozidioa eta Irakekiko George Bushen jarrera oldarkorra oso gogor salatu zituen. 1988. urtean, buruan aneurisma bat aurkitu zioten eta osasun egoera oso larrian egon zen, juxtu presidentetzarako izendapena lortzeko hautagai izatekotan izan zenean, hain zuzen.

Joe Bidenek, 77 urte eta bost biloba dituen politikariak, aurreko urteko azaroaren 3an izandako hauteskundeak irabazi zituen, irabazi zizkion Donald Trumpi. Urtarrilaren 20an AEBetako presidente izendatua izan da ofizialki. Atzean geratuko dira zoritxarreko Donald Trump pertsonaia makur, tranpati eta nardagarriaren jarrera itxurabako eta itsusiak, hitz desegoki eta gezurrak, atzean bere trikimailu atorranteak hauteskundeen emaitzak ez onartzeko helburuaz... atzean geratuko dira bere politika eta erabaki tamalgarri eta etsigarriak. Atzean arduragabekeria eta keinu malapartatuak.

Bidenek, eduki, badauka, izan ere, aparteko lan eskerga benetan eta guztiz itzela esku artean: AEB herrialde zatitua berriro batzeko eta elkarganatzeko ahaleginak ez dira, ez, txantxetakoak izango. Baditu Joe Bidenek eta bere gobernuak nahiko lan, bai, etxe barruan eta kanpoan ere alor, esparru eta gai askotan: ekonomia, inbertsioak, langabezia, pandemiaren drama eta Osasuna, OMEra bueltatu, Parisko klima aldaketaren forora itzuli, nazioarteko eta kanpo politika, multilateritatea, arrazakeria lotsagarria, immigrazioaren auzi guztiz latza, diplomazia, Europa, Txina, Iran, Siria, Israel eta palestinarrak eta bereziki Donald Trumpek ahuldu, zipriztindu eta deslegitimizatu dituen AEBetako Justizia eta Instituzioei beraien legitimizazioa itzultzea, harrotasuna eta zintzotasuna berenganatu ahalik eta lasterren berriro. Zorte on, inoiz ez bezala 80 milioi boto baino gehiago eskuratu dituen Joe Bideni eta bere presidenteorde den Kamala Harrisi. Hala bedi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.