Etxebizita kooperatibak, 'cohousing'-etik harago

Aitor Korres eta Esther Garcia
2021eko martxoaren 16a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Agian ez da erakargarria, agian ez da modernoa... baina hau da Bizikoopon proiektua definitzeko dugun izena: erabilera lagapeneko etxebitza kooperatiba gara. Ez gara cohousing bat, ez dugu izan nahi. Zergaitik? Nahasgarria delako, izen beraren baitan kontrajarriak diren ereduak zabaldu daitezkeelako, ez duelako gure izana deskribatzen. Gure ibilera hasi zenetik, hau behin eta berriz errepikatzen ari bagara ere, azken asteetan Gasteiz mailan atera diren berriek eta politikarien adierazpenek eredu hau guztiz desitxuratzen dutela uste dugu. Izan ere, ez da gauza bera kooperatiba bat, jabetza pribatua, espazio konpartitua, kudeaketa pribatua….

1960ko hamarkadan ohikoa zen gure hirian etxebizitza kooperatiba erregimenean eraikitzea: eraiki bai, baina eraiki ostean banaketa egiten zen eta jabetza pribatura pasatu. Hortik aurrera merkatu espekulatiboaren baitan mugitu dira 1960ko hamarkadako etxe horiek guztiak. Gure apustuan, kooperatibak etxebizitzaren jabetza izaten jarraitzen du eraiki ondoren ere, eta eraikinaren kudeaketa bere gain hartzen du.

Tutoretzapeko apartamentu, espazio konpartituak dituzten ikasle egoitza, padel pistak konpartitzen dituzten eraikin edo kudeaketa pribatuko erresidentziekin nahastu da cohousing-a... Zaintza lanak negozio bihurtu dituzten horiek dira kudeaketa pribatuko cohousing-ak? Telebista gela konpartitzea ote da orain cohousing-a? Gu ez gara hortaz ari. Cohousing-a entzuten dugunean, espazio konpartituak datozkigu burura, baina zabaldu nahi dugun ereduak baditu beste ezaugarri interesgarri asko.

Etxebizitzaren eskuratze eta kudeaketa komunitarioaz ari gara: jabetza kolektiboa da, une oro kooperatibarena. Kooperatibak egiten dio kide bakoitzari etxea erabiltzearen lagapena. Horri egiten zaio erreferentzia erabilera lagapena abizenarekin. Hasierako kuota bat dago kooperatibista izateko, eta erabilera kuota bat hilero ordaintzen dena. Horrelako proiektu bat martxan jartzeko, birgaitzea izan daiteke aukera bat, edo eraikitzea. Eraikina edo zorua, bi bidetik lor daiteke. Pribatu bati erosiz edo administrazioak utziz azalera eskubidearen bitartez. Administrazioak 75 urtez zorua lagatzeko duen erreminta legala da azalera eskubidea. Kasu honetan administrazioak lehiaketa publikoak egin ditzake sustatu nahi dituen proiektuak aurkez daitezen.

Gure proiektua udaletxean azaldu dugunean, egia esan, harrera nahiko ona izan du, baina aitortu beharra dago pedagogia nahikorik ez dugula egin. Ez baitugu lur zorua gure etxea eraikitzeko doan eskatzen.

Lur zoruak irabazi asmorik gabeko kooperatibentzat lehiaketa publiko bidez eskaintzea proposatzen dugu, erabili gabe, hutsik eta degradaturik dauzkaten lur zoruei edo eraikinei irteera bat ematea. Noski, halako lehiaketa bat zabalduz gero, irabazi asmorik gabeko entitateei bideratua egotea eskatzen dugu; negozioa egiten duten higiezin agentziak sartzea, beste eredu bat bultzatzea litzateke. Lur zorua kooperatibak eskuratuz gero, kooperatiba da promozioaren gastuak ordaintzen dituena, eraikinaren kudeaketa egiten duena, eta, 75 urte pasatuta, lur zoru horrek udalarena izaten jarraitzen du. Izaten jarraitzen du nahita jarri dugu, ez diolako inoiz ere izateari utzi: erabilera egiten da, baina jabetza udalarena da. Babes ofizialeko etxeetan ere hala izaten da, baina azken urteetan Jaurlaritza etxeen jabeei lurra saltzeko eskaintza egiten ibili da, eta ikasturte hasieran babes ofizialeko 500 etxe saldu zaizkio Gasteizen funts putreei. Hori da gure ustez ondare publikoa esku pribatuetara pasatzea.

Guk ez dugu jabetza eskatzen, erabilera sustatu nahi dugu. Bestalde, estatuan egiten ari diren ezaugarri bertsuko lehiaketetan, tokian tokiko proiektuak izatea, jasangarriak, komunitate jarduera, proiektu arkitektonikoa edota zerbitzuen nolakotasuna dira baloratzen ari diren irizpideak, tokian tokiko garapenean ez da dena dirutan neurtzen.

Azalera eskubidearen bitartez gure proiektua aurrera eramateko aukera zegoela esan izan digutenean, hainbat aukera aztertu ditugu. Kooperatibak berak babes ofizialeko etxeak sustatzea izan da aukera bat, edota izaera mistoko proiektu bat garatzea. Guretzat ere nahasturak balio erantsia baitu, eta, diru sarrera desberdinak ditugun kideak elkartzen bagara, elkar-laguntza sareak jostea errazagoa izaten da. Horrek esan nahiko luke kooperatiba izango litzatekeela etxebizitza publikoa sustatuko lukeena, udalaren lur zoru batean; interesgarria da, ezta? Etxebizitza sozialaren politiken baitan horrelako apusturik egin liteke? Proiektuetatik eta erakunde publikoetatik neurriak hartuz herritar guztientzat eskuragarria den eredua susta daitekeela uste dugu, hori da gure nahia.

Ekonomia sozialarekin konprometitutako eredu batez ari gara, gure kontsumoaren eta erabiltzen ditugun zerbiltzuen bitartez balio etikoak dituen ekonomia sustatzeaz.

Azken ezaugarri bat aipatu gabe ez genuke geratu nahi. Izan ere, eredu honek etxebizitza merkatu espekulatibotik ateratzea lortzen du; kooperatibaren estatutuen bidez eta lehiaketen baldintzen bidez lortzen da hori. Inork ezingo du etekinik atera etxebizitza horiekin: etxe horiek erabiltzeko dira, ez dira inoren aurrezki. Hori da gure ustez eredu honek duen balio eraldatzailea, komunitatearekin eta elkar zaintzarekin batera; hori ez du cohousing-ak azaltzen.

Erabilera lagapeneko etxebizitza kooperatiba gara, eredu hau ez da ezaguna eta ondo azaltzeko beharra ikusten dugu, nahi beste aldiz, nahastu ez gaitezen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.