Etxerako bidean

Joseba Azkarraga, Bego Atxa, Ramon Zallo eta Iñaki Lasagabaster
2021eko ekainaren 11
00:00
Entzun
ETAko kide izateagatik edo erakunde horri laguntza emateagatik kondenatutako presoak penintsularen iparraldean kokatutako espetxeetara hurbiltzen ari dira, berandu eta astiro bada ere. Eta hurbiltze horrek argi erakusten du Espainiako Gobernuaren jarreran aldaketa bat egon dela, baita espetxe-politika aldatzen ari dela ere. Halaber erakusten du gobernuak uko egin diola arrazoi politikoengatik espetxeratutakoak haien bizilekuetatik ahalik eta urrunen eramateari. Izan ere, hori izan da orain arte zigor hutsean oinarritutako espetxe-politika ez-errestauratiboaren ardatz nagusia.

Ia 35 urtez, epaituak eta zigortuak izan gabe, preso horien senideak—adineko pertsonak eta adingabeak barne— joan-etorri luzeak egitera behartu dituzte, bisita laburrak egin ahal izateko.

Kanarietako, Balearretako, Ceutako eta Melillako espetxeak eta Estatuaren luze-zabalean sakabanatutako besteko berrogeita hamar espetxe legez kanpoko krudelkeriaren egoitza bihurtu ziren. Eta hori guztia egin da presoen oinarrizko eskubideak urratuta; Europako jurisdikzio-instantzia gorenenek eta, bereziki, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak aitortutako eskubideak urratuta, hain zuzen. Auzitegi horrek beren-beregi adierazi zuen presoen sakabanaketak ez zeukala justifikaziorik ETA desagertu eta gero. Lehenago ere ez zuen.

Espetxe-politikak estatuan bertan ezarritako legezkotasuna bera ere urratu du. Izan ere, Espetxeei buruzko 1979ko Lege Organiko Orokorraren 12. artikuluak ezartzen du ahaleginak egingo direla espetxe-beharrizanak betetzeko eta zigortuen deserrotze soziala saihesteko behar beste establezimendu izan dadin lurralde bakoitzean. Deserrotze hori saihestea zen legelariaren borondatea, baina borondate hori erabat hautsi zen 1987-1989an, Espainiako Gobernuak urruntzeari ekitea erabaki zuenean. Gobernu guztiek sistematikoki erabili dute politika hori, gobernuaren kolorea aldatu bada ere.

Horrenbestez, zuzenbideko estatu baten espetxe-legeria gobernuen terrorismoaren aurkako estrategiaren menpe jarri zen, legezkotasun-printzipioa erabat baztertuta. Eta ahazte hori behin eta berriro erabili zen eremu kritikoetan ere, hala nola atxiloketa eta galdeketetan. Kasu hauetan guztietan, erantzukizuna esku hartzen zuten auzitegi eta epaileei egotzi zitzaien, baita polizia jarduleei ere.

Eta hori hala izan da hamarkada hartatik gaur arte etengabea izan den euskal aldarriaren gainetik, Sare sare herritarrak, Etxerat-ek eta beste elkarte batzuek, alderdi politiko gehienek, sindikatu guztiek eta Euskal Herria ordezkatzen duten erakundeek behin eta berriz babestu duten aldarriaren gainetik. Norabide berean bultzatu dute beste hauek ere: konponbidearen eta bizikidetzaren alde egiten duten indarkeriaren biktimen adierazpenak, ETAk borroka armatua bertan behera utzi zuenetik pasatutako 11 urteek, EPPK-k graduen erregimenaren baldintzak betetzeko hartutako erabakiak eta espetxeen eskumena Eusko Jaurlaritzari transferitzeko erabakiak.

Laster, Andaluzia, Levante, Galizia edo Extremadurako espetxeek, besteak beste, euskal presoak atxikitzeko leku izateari utziko diote. Baina, oraindik ere, 12. artikulua ez da betetzen ari, euskal espetxeetan, bereziki Zaballan, behar beste leku baitago ETArekin izandako loturagatik zigortutako ia 200 presoak hartzeko, Frantziako estatuan dauden 28 presoak zenbatu gabe. Euskal Herrira ekartzen ez dituzten bitartean, ezin izango dugu esan gure herria bizikidetza normaltasunez garatzen ari denik. Helburu utziezina da.

Sare sare herritarrak Etxerako bidean jartzea aldarrikatzen du, hau da, etsaiaren Zigor Zuzenbidean oinarritutako eta iraganeko garaietarako diseinatutako salbuespeneko espetxe-politika amortizatzea. Zigorra eta ordaintze hutsa indarrean dagoen ordenamenduaren espiritua eta edukia urratzen dituzten printzipioak dira, eta, haien ordez, gizatasun, erreparazio, legezkotasun eta bizikidetzaren printzipioak ezarri beharko lirateke.

Euskal Herrian dauden espetxeetara hurbiltzeaz gainera, badaude beharrezkoak diren beste neurri batzuk, justizia arruntaren arlokoak. Hasteko, kartzelatik atera beharko lirateke, berehala, gaixotasun larriak dituzten pertsonak eta 70 urtetik gorakoak. Kartzelan mantentzeak ez dauka inolako justifikaziorik, eta indarrean dauden arauen kontrakoa da.

Presoen %90ek aukera izan behar zuketen bigarren graduari dagozkion baimenak hartzeko, eta hirugarren gradua lortzear egon beharko lukete. Presoen herenak baino gehiagok beteak dituzte kasu batzuetan orain dela asko ezarritako kondenaren hiru laurdenak, eta, beraz, hirugarren graduan egon beharko lirateke, baldintzapeko askatasunean.

Zigorrak oso-osorik eta modu efektiboan betetzeko neurriei buruzko 7/2003 Lege Organikoa 40 urteko askatasun-gabetzeak ezarri ditu, baita hirugarren gradua lortzeko muga gaindiezinak ere indargabetu egin behar da, eta euskal presoei aplikatzeari utzi behar zaio. Halaber, 7/2014 Lege Organikoa indargabetu behar da, eta Europar Batasunean betetako kondenak metatzeko eskubidea onartu behar da. Baina Europako jurisdikzioak oraindik ez du zehaztu ea lege horrek Europako zuzentarauetan ezarritakoa betetzen duen ala ez.

Pozez betetzen gaitu amaieraren hasiera honek, bide onean ibiltzeko estimulua baita. Baina legegintzaldi honi geratzen zaion denbora hurbiltze prozesua amaitzeko, presoak elkartzeko eta espetxe-politika arrunta aplikatzeko baliatu beharko litzateke, egindako urratsek gai hau berriro euskal politikaren erdigunean jarriko lukeen atzera-bueltarik izan ez dezaten.

Gure herrian asko sufritu da, bizitza asko galdu dira eta elkar ulertzeko zubi asko apurtu dira. Berreraiki egin behar dugu gizarte gisa, oroimena present izanda, baina mendeku barik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.