Albistea entzun

Euskal ikus-entzunezko kontseilua: gardentasuna, aniztasuna eta kalitatea

Miren Manias Muñoz - Ikus-entzunezko komunikazioan doktorea eta EHUko irakaslea

2021eko urriak 7

Lau urte igaro nituen Eskoziako lagunei eta unibertsitateko lankideei azalduz EiTB euskal irrati-telebista publikoaren zuzendari nagusia Eusko Jaurlaritzak hautatzen duela. Behatzarekin. Inolako lehiaketa publikorik egin gabe. Areago, pertsona hori lau urtean behin alda daitekeela ere esplikatu nien. Hala agintzen du EiTBren sortze legeak. Beraz, edozein gobernu aldaketak EiTBko zuzendaritzan eragin zuzena dauka. Erakunde publikoaren zuzendari kargu guztiak aldatzeko aukerarekin; besteak beste, ETBko zuzendaria, programazio zuzendaria, albistegien zuzendaria, irratien zuzendaria, aldaketa digitalerako zuzendaria, eta abar. Dena oso independentea. Eskozian ezin zuten ulertu.

Horrez gain, aipatu nien EiTBk orain dela urte gutxi arte ez zuela kontu ekonomikoen gaineko informazio guztia argitaratzen bere webgunean. Nahiz eta gardentasunari, informazio publikorako sarbideari eta gobernu onari buruzko legea dela eta (19/2013 Legea), behartuta dauden. Esaterako, herritarrok jakin dezagun pertsonal, hornikuntza eta kanpo zerbitzuen kontratazioko gastuak nola banatzen dituen. Bestela esanda, zati handi batean gure zergekin finantzatzen den hedabideak aurrekontua nola kudeatzen duen ezagutzeko. Finean, herritarrontzako zerbitzua da EiTBrena.

Gaur-gaurkoz, webgunean argitaratutako informazio horretatik, ezin da jakin adibidez EiTBk zenbat euro bideratzen duen ETB1era eta ETB2ra. Alegia, euskarazko eta gaztelerazko telebista saioak ekoizteko eta sustatzeko. Ez da sekretua desberdintasun handiak daudela bi kateen eduki eskaintzan. Bai programazio estrategiari dagokionez, baita edukien kalitateri dagokionez ere. Eta informazio hori eskuragarri egonez gero, ba euskal telebistaren egungo zenbait egoera azaltzeko eta hainbat ondorio ateratzeko moduan egongo ginateke. Gardentasun osoz.

Eskoziako lagunek eta unibertsitateko lankideek The Office of Communications (Ofcom) erakunde publikoaren berri eman zidaten. Erresuma Batuko telekomunikazio, hedabide eta posta zerbitzuen jarduera arautzeko eta ikuskatzeko aginpide independentea. Eskumen dezente ditu sektore horietan. Zehazki, «herritarren eta kontsumitzaileen interesak ordezkatzeko», eta «publikoa eduki kaltegarritik edo iraingarritik babesteko». Emisio lizentziak, ikerketa lanak, kode etikoak, politika publikoak, medioen arteko lehia eta herritarren kexak kudeatzen ditu Ofcomek. 2001ean sortu zuten legez, eta bi urte geroago jarri martxan.

Erakunde «super-erregulatzaile» gisa aurkeztu zuten, eremu digitalerako saltoa «azkar» egiten ari ziren hedabideak «ikuskatzeko». 2017tik, Erresuma Batuko BBC irrati-telebista digital publikoaren jarduera kontrolatzen zuen BBC Trust erakundea ere ordezkatzen du Ofcomek. Tartean, BBC Alba Eskoziako gaeleraz —Eskoziako iparraldean eta mendebaldeko uharteetan hitz egiten den hizkuntza gutxitua— emititzen duen telebista publikoaren jarduera arautuz eta kontrolatuz. Ofcom-ez gain, Erresuma Batuak komunikazioaren lege propioa ere badu: Communications Act 2003. Eta Eskozian bulego propioa dauka Ofcomek: The Ofcom Scotland Team.

2003tik, genero, kultura eta hizkuntza aniztasun hutsuneagatik, edo edukien balio sozial eskasagatik (legez kanpoko jarduerak), Ofcomek zigor zorrotzak (isun ekonomikoak) ezarri dizkie hainbat hedabideri. Publikoak zein pribatuak. Analogikoak zein digitalak. Erakundeak honako ekintza interesgarria ere badu: sektoreko eragileei eta publiko orokorrari kontsultak egitea. Lehendabizi, web-orrian argiratzen dituzte praktika txarrekin lotutako hainbat dokumentu, eta horien gaineko iritzia eskatzen diete herritarrei. Jasotako informazioarekin erabakiak hartzen ditu Ofcomek.

Euskal Herriko ikus-entzunezko komunikazio esparruari ondo etorriko litzaioke halako erakundea edo kontseilua. Eusko Jaurlaritzatik independentea dena. Ideologia desberdinetako adituz osatua. Batetik, gardentasuna, zuzentasuna, berdintasuna, kultura, hizkuntza eta ideologia aniztasuna, edukien kalitatea eta publikoaren babesa arautzeko; eta, bestetik, horiek guztiak sektorean bermatzen direla ziurtatzeko. Ramon Zallo EHUko ikus-entzunezko irakasle emerituak ezin hobeto adierazi zuen egunkari honetan: «Gobernuak ez dira ausartzen ikus-entzunezko hedabideen aurka neurriak hartzera, eta kontseiluek ahalmena dute isunak jartzeko; legea aplikatzea ahalbidetzen dute». Aldi berean, euskal ikus-entzunezko industria indartzeko ere balioko luke kontseiluak. Bildutako informazioarekin sektoreko arazoei zein etorkizuneko erronkei egoki erantzuteko moduan egongo ginatekeelako.

Izatez, 2000ko hamarkadaren hasieran, herrialde guztietan ikus-entzunezko kontseilu independenteak egotea gomendatu zuen Europako Kontseiluak. Eta, egia esateko, zaila egiten zait ulertzea bizi dugun plataforma digital indartsuen aroan eta guregatik aukeratzen duten hedabide pribatu handien aurrean entitate ikuskatzaile zorrotzagorik ezarri nahi ez izatea gurean. Izan ere, indarrean dauden legeekin zein organoekin gardentasuna, berdintasuna, aniztasuna, kalitatea eta publikoaren babesa dagoeneko bermatzen ez direla agerian dago. Txostenak hor daude. Tartean, Ikus-entzunezkoen Europako Behatokiko web-orrian. Iazko txosten baten arabera, herrialde anitzetan zerbitzua eskaintzen duten 160 streaming plataformetako filmen %19k Europar Batasuneko jatorria dute. Bakoitzak atera ditzala ondorioak hizkuntza gutxituetako film eskaintzari dagokionez. Beraz, zeren beldur da Jaurlaritza? Euskal ikus-entzunezko kontseilua sortzeari alde onak besterik ez dizkiot ikusten eta.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.