Kritika. Dantza

Mitoak, guri begira

Agus Perez.
2022ko irailaren 11
00:00
Entzun

'Mytohologies'



Konpainiak: Preljocaj balleta eta Bordeleko Opera Nazionaleko balleta. Koreografia: Angelin Preljocaj. Musika: Thomas Bangalter. Eszenografia: Adrien Chalgard. Argiak: Eric Soyer. Jantziak: Adeline Andre. Bideoak: Nicolas Clauss. Lekua: Miarritzeko Gare du Midi (Lapurdi). Eguna: irailaren 9a.

Preljocaj balletaren eta Bordeleko Opera Nazionaleko balletaren arteko elkarlanetik sortu da Mytohologies (Mitologiak) dantza-lana, eta harekin zabaldu da Miarritzeko Dantza Maitaldiaren egitaraua, aurten Lapurdiko beste antzoki batzuetara ere hedatuko dena —Baionakora eta Senperekora, besteak beste—.

Izenburuak dioenez, mitologia kontuak ekarri nahi izan ditu Preljocajek taula gainera dantzaren bidez, eta bere konpainiako hamar dantzari Bordeleko konpainiako beste hainbesterekin elkartu ditu superprodukzio moduko batean. Kontua borobiltzeko, nori eta Thomas Bangalter konpositoreari eskatu dio dantza emanaldiaren musika.

Bangalter Daft Punk talde famatuaren sortzaileetariko bat da, baina oraingo honetan nahiago izan du soinu elektronikoak alboan utzi eta musika sinfonikoan zentratu. Horren emaitza guztiz koherentea izan da koreografoaren planteamenduarekin, nolabaiteko girotzea eta jarraitutasuna eman diolako Preljocajek sortutako mitoen segida zatikatuari.

Izan ere, 24 atal izan ditu emanaldiak, eta haietariko gehienetan Antzinaroko mito bana aurkeztu omen da —Zeus, Minotauroa, Afrodita, Ikaro...—, baina beste bitan beste gai batzuei ekin die, hala nola Maia herriari edota Catch delako borroka-estetikari, arestian aipatutako kontuekin zerikusirik ez duten arren. Bestalde, obertura batek eta duo batek ireki dute emanaldia, amaiera aldera bukaera bat eta epilogo bat izan dira, eta —inolako ziorik gabe— virgule (koma) izeneko pasarte bi tartekatu dira emanaldian zehar.

Esan bezala, Bangalterren musika izan da pilaketa zentzugabeari kohesio apur bat eman diona, baina musika elektronikoan bikain jardun zuena Txaikovskiren erromantizismo berantiarraren eta Hollywooden estiloko soinu banden artean mugitu da gehienbat, noizbehinkako ukitu minimalista batzuk tartekatuta.

Bestalde, hasierako eszenetan aurpegi batzuen begiradak proiektatu dira atzeko pantailan, eta orduan uste izan dugu begirada haiei esker hartuko lukeela zentzua proposamenak. Beranduago eskuak izan dira irudien protagonista, baina gero desagertu egin dira proiekzioak, eta itzuli direnean, dekorazio figuratiboaren rol soila betetzeko izan da.

Era horizontalean mugitzen ziren argi-zerrendak eta alde batetik bestera desplazatu diren panel bertikalak izan dira alde eszeniko aipagarriak, dantzarien prestakuntza fisiko bikainarekin batera, eta esan genezake osagarri horiei esker egin zaigula pasagarriagoa dantzaren arteari ekarpen eskasa egin dion koreografia hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.