Koronabirusa

Negua ez luzatzeko neurriak

Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua bat datoz: koronabirusaren «okerrena» iristeke dago. Nafarroak ehun milioi euroko funts bat osatuko du, eta Sanchezek kontu «estrasozialak» agindu ditu

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, atzo, alarma egoerari buruzko azalpenak emateko kongresuan eginiko saioan. MARISCAL / EFE.
jon olano
2020ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Udaberria bihar hasiko da ofizialki, baina koronabirusak euskal herritar askoren osasunera, bizimodura eta ekonomiara ekarri duen negu gorriak luze joko duen traza areagotu zen atzo, Hego Euskal Herrian ezarritako konfinamenduaren bosgarren egunean. Izan ere, mezuan bat etorri ziren atzo Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua. «Ez dugu goia jo», adierazi zuen Jaurlaritzak; edo, bestela esanda, «okerrena iristeke dago», Espainiako Gobernuaren hitzetan. Alarma egoerak hamabost eguneko epea badauka ere, inor gutxik uste du jada epe hori igarota alarma egoera kenduko dutenik.

Datuak gordinak dira, birusarekin kutsatuta daudenen eta gaitzaren ondorioz hiltzen direnen kurba moteltzen ez den neurrian: 1.359 dira kutsatuak eta 44 hildakoak. Asteartetik asteazkenera bitartean, beste lau pertsona hil ziren. Jaurlaritzak nahiz Espainiako Gobernuak datu horiek eskuan zituztela ohartarazi zuten koronabirusaren ondorioak eta haren hedapena eragozteko neurriak luzatu egingo direla.

«Oraindik ez dugu goia jo, eta egoera larria da orain ere», ziurtatu zuen atzo Miguel Sanchez Eusko Jaurlaritzako Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak. Haren hitzetan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 4.020 pertsonari egin dizkiete probak koronabirusa daukaten ala ez jakiteko, etanabarmendu zuen Europakobatezbestekoaren gainetik dagoela hori —milioi biztanleko 350 proba egin dituzte Europan, eta 1.837 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan—. Gainera, asteartean beste dei zentro bat ireki zutela esan zuen, «erregistratutako 47.500 deiak aztertuta, hamarretik sei informazioa eskatzeko direla egiaztatu ondoren».

Hain zuzen, egoera luzatu daitekeela ikusita, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak atzo jakinarazi zuen «beste abisu bat eman arte» bertan behera utziko dituela eskolak. Joan zen astean, aurrez aurreko eskolak bertan behera uztea erabaki zuen Jaurlaritzak, baina orduko agintean hamalau eguneko itxialdia agindu zuen Hezkuntza Sailak; orain ez du eperik jarri itzulerarako.

«Okerrena iristeke» dagoela esan bazuen ere, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea tonu epikoan mintzatu zen atzo Espainiako Kongresuan; komunitateaz, gerraz, birusa garaitzeaz eta segurtasunaz. Alarma egoera arautzen duen dekretuaz azalpenak emateko eguna zuen atzo Sanchezek, eta ia erabat hutsik zegoen osoko bilkura batean, «neurria emateko» eskatu zien alderdiei: «Sakrifizioa eta batasuna eskatzen ari naiz. Beharrezkoa da biziak salbatzeko. Indartuta aterako gara, erakutsiz zer garen. Zutoin sendoekin berrosatuko dugu gure ongizate estatua. 47 milioi baino zerbait gehiago gara; komunitate bat, hizkuntza eta hizkera ezberdinekin kausa beraren alde borrokatzen dena: birusa garaitzea». Martxoaren 25ean egingo dute kongresuan dekretua luzatzeko saioa, eta gobernuak bermatua du alderdien babesa.

Sanchezek osasun publikoaren eta ongizate sistemaren aldeko diskurtso bat eraman zuen saiora, hori ekonomikoki laguntzeko beharra nabarmenduta: «Osasun sistema justurik ez dago zerga sistema justurik gabe. Zenbat eta ongizate estatu handiagoa, orduan eta segurtasun eta babes kolektibo handiagoa». Horregatik, jakinarazi zuen bere gobernuak aurrekontu proiektu «estrasozial» bat aurkeztuko duela. Alor ekonomikoan Madrilek hartutako neurrien «erabat alde» agertu zen Aitor Esteban EAJko diputatua, baina Sanchezi eskatu zion ez luzatzeko alarma egoera «behar baino gehiago».

Birusaren aurkako neurriek ekonomian izango duten eragina apaltzeko lanetan ari da Nafarroako Gobernua ere. Atzo bildu zen gobernu kontseilua, eta ondoren Maria Txibite lehendakariak iragarri zuen 100 milioi euroko funts bat sortuko duela, «enplegu, familia, osasun eta hezkuntza arloetan likidezia bermatzeko». Antzeko neurri bat iragarri zuen asteartean Jaurlaritzak.

Armada, «behar denean»

Testuinguru horretan, konfinamendu agindua betearazteko lanetan aritu da Polizia egunotan; atzo kalean jende gutxiago zebilela eta, Josu Erkoreka Jaurlaritzako eledunak ETBn esan zuen ezinbestekoa dela «kontzientziazio lana» nahiz Poliziarena, eta Ertzaintza «indarrean dagoen legeria betearazten» baino ez dela ari: «Gehiegikeria militarrak, norberak nahi duen bezala ebaluatu ditzala». Izan ere, Espainiako armada hasia da hedatzen, eta atzo Gasteizen eta Eskoriatzan (Gipuzkoa) ikusi zituzten, besteak beste. Espainiako Defentsarako Batzorde Nagusiko buru Miguel Angel Villarroyak azaldu zuen Euskal Herrian eta Katalunian esku hartuko dutela «hala eskatzen denean edo beharrezkoa denean».

Hain justu, armadako buru eta Espainiako errege Felipe VI.aren aurkako lapiko jotzeak egin zituzten leihoetan atzo eguerdian eta iluntzean, eta protestarekin bat egin zuten Llotja de Marreko adierazpenaren sinatzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.