Zaintza greba

Zaintza eredu publikoa eta baldintza hobeak eskatu dituzte langileek kalean

ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuek instituzioen jarrera kritikatu dute, zaintzak ez dituztelako behar bezala indartu. Zahar etxeetako egoiliarren senideek greba babestu dute

Bizitzak Erdigunean plataformak atzo Bilbon egin zuen bilkura. M. DEL VALLE / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2021eko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Zaintza sektoreko langileek lanuztea egin zuten atzo, eta kalera atera ziren berriz «sektoreko prekaritatearen aurka» egin eta lan baldintza hobeak eskatzeko. ELAk, LABek, CCOOk eta ESK-k egin zuten grebarako deia, bakoitzak bere aldetik, eta manifestazio bat egin zuten Bilbon, beste bat Donostian eta beste bat Gasteizen; denek antolatutako bigarren zaintza greba izan zen atzokoa, baina deitzaileen zerrendatik UGT erori zen atzokoan. ELAk Nafarroan ere egin zuen lanuztea. Deialdiari emandako erantzuna «oso handia» izan zela esan zuten sindikatuek, nahiz eta gutxieneko zerbitzuak %100ekoak izan Hego Euskal Herri osoan. Eusko Jaurlaritzaren jarduna kritikatu zuten sindikatu denek, gutxieneko zerbitzu horiek greba eskubidea oztopatu zutelakoan. Ildo horretan, ELAk Jaurlaritzaren erabakia auzitara eraman zuen herenegun.

Lanuztea egiteko baldintzak gorabehera, eguerdiko manifestazioetan milaka behargin atera ziren kalera. Egungo zaintza eredua aldatzeko eskatu zieten Gasteizko eta Iruñeko gobernuei, eta pertsonengan oinarritutako zaintza eredua «berehala» martxan jartzeko. «Interes kapitalisten edo alderdikoien aurrean», blindatutako zaintza sistema galdegin zuten sindikatuek, eta horretarako hainbat eskaera egin zituzten: langile guztiak publikoak izatea; ratio nahikoekin zaintza hurbila bermatzea; lan baldintza duinak izatea; benetako neurriak hartzea genero arrakala ezabatzeko; laneko osasuna bermatzeko neurri eraginkorrak abiatzea; eta langileentzako «erreparazio emozionalerako plan bat» eratzea, pandemiak utziko dituen ondorioak hein batean arintzeko.

Bilbon egin ziren atzoko manifestazio nagusiak. Sindikatu bakoitzak bere aldetik egin zuen martxa, eta udaletxe aurrean bildu ziren denak. Han aldarrikapen bateratuak egin zituzten, baina mobilizazioen aurretik egin zituzten adierazpenak langileen ordezkariek. ELAren kasuan, Irune Cerezok azaldu zuen zaintza sistemaren pribatizazioa egiturazkoa dela: «Koronabirusaren pandemia amaituko da, baina zaintzen pribatizazioa amaierarik ez duen pandemia da». Horregatik, sindikatuek dei egin zieten instituzioei zerbitzu horiek publifikatzeko urratsak egin ditzaten. Jaurlaritzaren aurka ere mintzatu zen, gutxieneko zerbitzuak «patronalaren interesekoak» zirela esanez: «Martxoaren 8rako lau egun falta direla, milaka emakume ezin izan dira kalera atera».

Bide beretik jo zuen Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak. Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira instituzioek zaintzaz jardun dute kanpaina nagusietan, eta Aranburuk mezu argi bat eman nahi izan zien arduradun publikoei —batez ere EAJkoei—: «Lelo hutsek ez dute ezertarako balio. Propaganda gutxiago, eta zaintzen sistema publiko baten bidean ekintza gehiago eman ditzatela». Izan ere, salatu zuenez, zaintzen sektorea «enpresa pribatuentzako negozio iturri» bihurtzen ari da, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden egoitza askoren kudeaketa «EAJrekin harreman estua duten pertsonen esku dago».

Sektoreko langileek ezinbesteko lana egiten dutela gogorarazi zuen Aranburuk, eta lan horrek «orain dutena baino ordainsari hobea merezi dutela».

Loli Garcia Euskadiko CCOOko idazkari nagusiak ere hitza hartu zuen Bilboko mobilizazioa abiatu aurretik, eta nabarmendu zuen zaintzen sektorea sindikatuaren agendaren erdigunean jarriko dutela aurrerantzean. Izan ere, urte askoan «ezkutatua» egon den lana izan da zaintzarena.

Berak ere instituzio publikoetako arduradunen jarrera salatu nahi izan zuen. «Zaintzaileei zuzendutako txaloak eta omenaldiak izan ziren itxialdian, baina garai hura igarota, hilabete luzetan herri honen oinarrian egon diren langileak ahaztu egin dituzte. Eta hori ezin da horrela izan». Zaintza sektorean beharrean aritzen direnen lana aintzat hartzeko zer egin behar den esan zuen ondotik: kalitatezko zerbitzuak eskaini, eta sektoreko langileen baldintzak duinak eta egokiak izan daitezela bermatu.

Bilbon entzun ziren aldarrien parekoak izan ziren Iruñekoan ere. ELAk egoitzetako lan ituna lortzeko egin zuen lanuztea Nafarroan, baina zerbitzu publiko baten aldeko aldarria egin zuen. «Egun indarrean dagoen zaintza eredua neoliberala da, pribatizatuta dago, eta emakumeen prekarizazioan oinarritzen da. Ezinbestekoa da publikoa izatea, eta baldintza duinak izango dituen lan itun bat izenpetzea».

Eragileen babesa langileei

Atzoko lanuztean, ordea, beharginek ez zuten sindikatuen babesa bakarrik jaso, baita eragile sozialena ere. Babestu Bizkaia, Babestu Araba, Gipuzkoako Senideak, pentsiodunen plataformak, Bizitzak Erdigunean plataforma, Itaia, Irauli Zaintza, Malen etxea eta beste hainbat elkartek ere bat egin zuten zaintzako aldarrikapenekin. Pentsiodunek eta zahar etxeetako egoiliarren senideen elkarteek ohar bateratua ere kaleratu zuten atxikimendua adieraziz. «Pandemiaren hilabetetako eragina jasan ondoren, ezin da onartu instituzioen aldetik jasotzen den tratu txarrik. Ezin da onartu ere instituzioen autokritikarik eza, eta are gutxiago, egoitzetako egoeraren errua langileei edo eta senitartekoei egoztea. Gizarte arreta haien erantzukizuna da, eta onartezinak dira egoitzetako kaleratzeak». Bilbon, feministek elkarretaratzea egin zuten iluntzean, Bizkaiko Diputazioaren aurrean, zaintza sistema publikoa eskatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.