Gerra Ukrainan. Iheslariak Euskal Herrian

Euskal Herrian daude elkartasun karabanak ekarritako ukrainarrak

Getxoko Ereaga hondartzan (Bizkaia), harrera familiekin elkartu dira batzuk, eta Euskal Herrian aurrez zituzten senideekin besteak. NBEk kalkulatu du lau milioi iheslari sor daitezkeela gerrak iraunez gero

Ukrainako errefuxiatuak, atzo, Getxoko Ereaga hondartzan (Bizkaia). MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Getxo
2022ko martxoaren 10a
00:00
Entzun

Talde handi batek egin zien harrera gatazkatik ihesi etorri diren 25 ukrainarrei, atzo, Ereagako hondartzan (Getxo, Bizkaia). Berton bizi diren ukrainarrak ziren asko; ongietorria ematera etorriak batzuk, itzulpen lanak egitera besteak. Bazeuden harrera familiak ere, ukrainarrei etxea eskaini dietenak. Urduri jaitsi ziren furgonetetatik, kameren eta ezezagun talde handiaren aurrean, baina segituan hurreratu zitzaizkien hemengo ukrainarrak abegi egitera.

Olena Kyzymak eta alabatxoak negarrez hartu zituzten amaginarreba eta lagunak,furgonetetatik jaitsitakoan. Euskal Herrian bizi diren ukrainar batzuek ere emozio handiz hartu zituzten herrikideak, ezagutzen ez bazituzten ere. Kyzymak esaldi bat entseatu zuen gaztelaniaz, kameren aurrean errepikatzeko: «Gure familiek hona etortzea lortu dute, baina jende asko ezin izan da etorri, hirietan harrapatuta».

Nergroup enpresa taldearen eta ACEV Euskal-Eslaviar Kultur Elkartearen ekimenez, martxoaren 5ean Eslovakiara jo zuten ekintzaile batzuek lau furgonetatan. Bertako Kosice hirira asteleheneko 07:00etan heldu ziren, eta 26 ukrainar hartu zituzten, Euskal Herrira ekartzeko. Emakumeak dira gehien-gehienak, baina badira mutiko nerabe batzuk eta gizon pare bat haien artean.

Etsipena, alde batera

Egun bi eman dituzte osotara bidean, eta bidaian aurkitu duten eskuzabaltasuna txalotu du Iryna Dotsenko Astigarragan (Gipuzkoa) bizi den ukrainarrak. «Ostatua eman digute; afaltzeko, gosaltzeko eta errepidean jateko ere bai».Dotsenko oporretan itzuli zen Ukrainara otsailaren 26an, eta, gerra hastean, ama Euskal Herrira ekartzeko aprobetxatu zuen. Euskal Herrira heldu eta egun batera, baina, boluntario moduan joan zen berriz furgoneten karabanan, itzultzaile lanak egitera eta bidaiarekin laguntzera.

Nekatuta heldu ziren ukrainarrak Ereagara, bidaia luzea gainean. Helduei gehiago igartzen zitzaien ardura eta kezka. Umeek, berriz, pozik hartu zuten hondartza eta itsasoa, arazoen berri jakin barik. Seme birekin etorri da Diana Hryhorian. Kieven dauka ama, eta Odesan anaia. «Ez da erraza herrialdetik ateratzea».Gironara (Katalunia) joko du orain, lagun baten turista apartamentuan geratzeko udara arte.

Hemengoen eta hangoen arteko lotura lanak egiten aritu da Kateryna Kaminska, Ukrania SOS elkarteko koordinatzailea. Zortzi urte daramatza hemen, eta oso kezkatuta ikusi du nola piztu den gerra: «Hasi zenean, hiru egun igaro nituen negar eta negar, baina senarrak eta biok erabaki genuen zeozer egin behar genuela laguntzeko».Formulario bat sortu dute harrera familia izan nahi dutenentzat, eta 600 eskaera jaso dituzte dagoeneko, laguntzeko. Kaminskak adierazi du antolatu dituztela espainolezko «eskola urgenteak»dagoeneko: «Iraila baino lehen baliabideak izatea nahi dugu, berton bizitza normala egin ahal izateko».Udalekuak ere prestatzen dabiltza, errusieraz eta gaztelaniaz egin dezaten umeek.

Ikusi gehiago:Hego Euskal Herriko hainbat udalek babesa adierazi diote Ukrainari

Laguntzera etorri diren horietako bat Imanol Fernandez da. Hiru dira etxean, eta lau ukrainar hartuko dituzte orain: bikote bat eta nerabe bi. «Gure betebeharra da gure eskuetan dagoen guztia egitea ihes egiten ari direnei laguntzeko»,azaldu du.

2,15 milioi dira dagoeneko Ukraina utzi duten errefuxiatuak, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera: Jugoslaviako gerra guztiek 1990eko hamarkadan eragindakoak adina ia. Poloniak hartu du errefuxiatu gehien; 1.3 milioi dagoeneko. Hungariak eta Eslovakiak ere hainbat hartu dituzte, baina gehienek bidean jarraitzen dute Poloniara, Alemaniara eta Txekiara heldu arte, herrialde horietan ukrainar komunitate handiak daudelako. UNHCReko Filippo Grandik esan duenez, 2,15 milioi baino askoz gehiago izango dira gatazka ez bada eteten. Guztira 4.000.000 izan daitezkeela kalkulatu du agentziak, eta herrialde barnean mugitu beharko dutenak ere ugari izango direla.

Nafarroan, 130

Ukrainako gerrak eragindako errefuxiatuak ari dira pixkanaka Nafarroara ere iristen. Javier Remirez Nafarroako Gobernuaren bozeramaileak emandako datuen arabera, 130 artatu dituzte dagoeneko, erdiak adin txikikoak. Gainera, espero du datozen egunetan zenbaki hori handituz joatea eta 200 pertsonara iristea. «Zorroztasunez, seriotasunez eta segurtasun juridikoz»artatu nahi dituzte guztiak.

Eusko Jaurlaritzak, berriz, elkarlanez eman nahi dio erantzuna Ukrainako krisi humanitarioari, eta, besteak beste, Zehar-Errefuxiatuekin elkartearekin batera ari da koordinatzen Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara iristen ari diren ukrainarren arta. Atzo, Oñatiko (Gipuzkoa) Larraña Etxea harrera zentrora iritsi ziren gerratik ihesi egin duten zenbait pertsona. Komunikabideekin topaketa bat izan zuten horietako batzuek, eta eskertu egin zuten Euskal Herrian jasotako «babesa». Egun, 3.500 ukrainar inguru bizi dira hiru lurraldeetan, eta horiekin harremanetan da Jaurlaritza. Harrera familiarik ez dutenei ere erantzuna emango dietela esan zuen Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.