Presidentetzarako bozak Kolonbian. Lehen itzulia

Ezkerra, zentrorantz jotzera behartuta

Petro ezkerreko presidentegaiak nabarmen lortu du boto gehien bozen aurreneko itzulian, eta Hernandez populistarekin lehiatuko da bigarrengoan

Ospatzen. Petro —erdian—, herenegun, Bogotan, emaitzak ospatzen. Haren ondoan, gorriz, Francia Marquez dago, presidenteorde izateko hautagaia. MAURICIO DUEÑAS CASTAÑEDA / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Bai, ezkerrak lehendabizikoz ditu Kolonbian agintera iristeko aukera argiak. Presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulia izan zen herenegun, eta Gustavo Petro Itun Historikoa ezkerreko koalizioaren presidentegaiak lortu zuen boto gehien, % 40,3 bereganatuz. «Aro bat, aldi bat, bukatu da», adierazi zuen emaitzen berri izan eta gero, azpimarratuz uribismoaren proiektu politikoa mendean hartzea lortu dutela. Hala da. Ikusteko dago, ordea, garai baten amaierak zer dakarren. Izan ere, bozen bigarren itzulian, datorren ekainaren 19an, Rodolfo Hernandezekin lehiatuko da Petro. 77 urteko presidentegai populistak botoen % 28,1 lortu zituen. Itun Historikoaren hautagaiaren esanetan, ezkerrak irabazten baldin badu, garai berrian «aurrerantz» begiratuko dute; beste aukeraren aldeko hautua egitea, berriz, «suizidatzea» litzateke.

Ikusi gehiago: Akabera eman diote uribismoaren segidari

Hori bai, irabazteko eta estreinakoz presidentetzara heltzeko, ezkerra zentrorantz jotzera behartuta dago datozen hiru asteetan. Eta igande gauean albiste txar bat eman zion Petrori Federico Gutierrez Kolonbiaren Aldeko Taldea eskuineko koalizioaren hautagaiak (%23,9). Iragarri zuen Hernandez babestuko duela bigarren itzulian, eta, horretarako, ezkerraren mamua haizatu zuen: «Ez dugu Kolonbiaren etorkizuna, gure familiena, gure seme-alabena arriskuan jarriko».

Bost milioi boto pasa bildu zituen Gutierrezek. Inkesta gehienen arabera, bera eta Petro ziren bigarren itzulira igarotzeko faboritoak, baina azkenean Hernandezek hartu dio aurrea, diskurtsoa ustelkeriaren kontrako aldarrian oinarrituta.

Bost milioi botoko poltsa

Hain zuzen ere, oraingoan Gutierrezi botoa eman diotenek erabakiko dute, hein handi batean behintzat, nor izango den Kolonbiako hurrengo presidentea. Eta hori hala izanik, Petrok badaki mezuak nori zuzendu beharko dizkion. Are gehiago aintzat hartuta lehen bozketaren aurretik Aholkularitza Zentro Nazionala etxeak kaleratutako inkesta baten emaitza: haren arabera, Gutierrezen botoen emaileen %85ek Hernandezen alde egingo lukete bigarren itzulian. Uribisimoak ere babestu egingo duela jakinarazi zuen atzo.

Beste milioi bat boto inguru egon daitezke jokoan, gainera. Hain zuzen, Sergio Fajardo zentrokoak (%4,2) eta John Milton Rodriguez artzain ebanjelistak (%1,3) zakuratutakoak.

Eta parte hartzea bera ere kontuan hartzeko aldagai bat da hauteskundeetan. Lehen itzulian %54,9koa izan da. 2018ko bozetan %54,2koa izan zen, eta bigarren itzulian apenas aldatu zen: %54. Azken hiru hamarkadetako presidentetzarako bozak aztertuz gero, ikus daiteke lehen itzuliko emaitzak estuak baldin badira parte hartzea dezente handitzen dela bigarren itzulira begira. Hori gertatu zen 1990ean (%33,7 eta %43,4), 1994an (%54,6 eta %62) eta 2014an (%40 eta %47,9). Kasu honetan, ordea, nabarmena izan da Petrok lortutako garaipen partziala; beraz, eta Kolonbiako presidentetzarako bozetan lehen itzulitik bigarrenera gertatu ohi dena errepikatzen bada, parte hartzea apaldu egingo da.

Hamabi puntu pasako aldea atera dio Hernandezi, eta Kolonbiako hauteskundeetan aurreneko itzulian hamar puntu baino gehiagoko aldea lortu izan duen hautagaiak bozak irabazi izan ditu. Alde horretatik, horrenbestez, Bogotako alkate ohi (2012-2015) eta M-19 taldeko gerrillari izandakoak badauzka baikor egoteko arrazoiak. Egia da, halere, 2018ko bozen bigarren itzulian lortutako botoekin konparatuta —Ivan Duque jarduneko presidentearekin lehiatu zen orduan— milioi erdi gehiago lortu dituela orain; alegia, ez direla askoz ere gehiago. Petrok 60 urte ditu, eta hirugarrenez aurkeztu da presidentetzarako hauteskundeetara.

Herritarren askotariko eskaerak kontuan hartuz osatu zuten Itun Historikoa koalizioa, eta Bogotako Nariño etxera —presidentearen egoitza da— helduz gero, besteak beste erronka hauek izango ditu mahai gainean: hezkuntza eta osasungintza publikoak hobetzea, nekazaritza eta zerga sistema erreformatzea, eta pentsio eredua erreformatzea.

Igandean bere jarraitzaileen aurrera agertu zenean, bigarren itzulirako kanpaina egiten hasi zen eta, aipatu gabe, Hernandezi mintzatu zitzaion: «Ez gaude hemen diskurtsoarekin engainatzeko, baizik eta errealitateak planteatzeko eta gizarteari esateko norantz goazen».Uste du Hernandezek planteatzen dituen aldaketak «suizidioak» direla.

Hautagai populista, berriz, ez zen bere jarraitzaileekin bildu. Emaitzak jakin eta gero, bideo bat zabaldu zuen. Bere etxeko sukaldetik ari zen. «Badakit herrialdea batu behar dela gaur [herenegun] agerikoa egin den aldaketaren bidean jarraitzeko». Lehen itzulirako kanpainan ia ez zuen ekitaldi publikorik egin; sare sozialen bidez eman zuen bere proposamenen berri. «Ustelkeriari ez zaio aurre egiten Tiktok-eko esaldien bidez», leporatu zion Petrok, herenegun. Hernandezen aholkulari batek atzo iragarri zuen hautagai populista bigarren itzuliko debateetan parte hartzekoa dela.

Hernandez eraikuntzaren sektoreko enpresari bat da, eta 2016 eta 2019 bitartean Bucaramanga hiriko alkatea izan zen. Auzipetuta dago sasoi hartan eginiko kontratu baten adjudikazioan izaniko irregulartasunengatik. Ustelkeriaren aurkakoa izan da kanpainan astindu duen bandera bakarra, eta, igandean, Petrok gogorarazi zion hain justu ustelkeriagatik epaituko dutela. Donald Trump AEBetako presidente ohiarekin ere konparatu izan dute. Itxuragabe agertu izan da publikoki, eta adierazpen nola matxistak hala migratzaileen kontrakoak egin izan ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.