Presidentetzarako bozak Kolonbian. Lehen itzulia

Akabera eman diote uribismoaren segidari

Kolonbiako herritarrek atea itxi diote Alvaro Uribe presidente ohiaren inguruan biltzen diren elite ekonomikoen multzoari, mende hasieratik agintean egon ostean. Hala, aldaketa berri bat ekarri du herrialdean.

CARLOS ORTEGA / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Kolonbiak establishment-aren eta betiko gobernu tradizionalen aurka bozkatu zuen herenegun presidentetzarako hauteskundeetan. Herritarrek aldaketaren aldeko hautua egin zuten jarraipenaren ordez, eta, gisa horretara, atea itxi diote uribismoari, hots, Alvaro Uribe presidente izandakoaren (2002-2010) inguruan biltzen diren indarren multzoari, mende honen hasieratik gobernu kontserbadoreak elite politiko beraren eskuetan egon ostean. Kolpe handia, beraz, Federico Gutierrez Fico Kolonbiaren Aldeko Taldea koalizio eskuindarreko hautagai eta elite ekonomikoko ordezkariarentzat. Hirugarren postuan geratu da, hurrengo presidentea izateko lasterketatik kanpo.

Ikusi gehiago: Ezkerra, zentrorantz jotzera behartuta

Uribismoa bere historiako krisirik handienetako batean murgilduta heldu zen hauteskundeetara, joan den martxoan egindako Kongresuko bozetan Uriberen proiektu politikoa ordezkatzen duen herrialdeko indar nagusia bosgarren postura amildu baitzen, ohi zuen lehen postutik urrun; botoen %10 besterik ez zuen lortu. Izan ere, Ivan Duquek —2018tik jarduneko presidentea, abuztuaren 7ra arte— ez zituelako hitzemandako eginkizunak bete; besteak beste, FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileekin izandako bake negoziazioetan, indarkerian edota gizarte politiketan.

Halaber, korronte ekonomiko global oso indartsuek herrialdearen egonkortasuna gogor astindu dute azken urteotan, statu quo-ari uko egiteko egoera egokia sortuz. Hain zuzen ere, koronabirusak eragindako pandemiak krisi ekonomiko larri bat eragin zuen 2020an eta 2021ean, eta milioika herritar pobrezian edo pobreziaren atarian utzi zituen.

Horrekin lotuta, gainera, Duqueren gobernuak izurriak estatuaren diru kutxari eragindako zuloa estaltzeko proposatutako zerga erreformak herritarrak asaldarazi zituen, eta sindikatuek eta gizarteko mugimenduek lanuzte orokorra antolatu zuten apiril amaieran. Tentsioa hain zen handia, Poliziarekin izandako liskarretan hamalau pertsona hil ziren. Horrek herritar askoren haserrea eragin zuen, eta botere eliteari ez bozkatzea erabaki zuten.

AEBekiko harremanak

Gobernu tradizionalek babestu izan duten establishment-ari amaiera ematea ez ezik, baliteke Kolonbiak AEBekin izandako harreman estua tenkatzea. Uribismoa 2002an agintera iritsi zenetik —narkotrafikoaren aurkako borroka betean—, Bogota Washingtonen Latinoamerikako aliatu nagusia izan da. Venezuelan chavismoak gora egin zuenean, AEBek beren base militarrak, tropak eta aholkulariak bidali zituzten Kolonbiara, Uriberen gobernuak hala eskatuta. AEBentzako leku estrategikoa da, baina kolonbiarrek gobernu zentrista eta kontserbadorea alboratu dutela eta, arriskuan dago AEBen esku hartzea.

Datorren ekainaren 19ko bigarren itzuliko emaitza edozein dela ere, Kolonbian boterearen oreka aldatu berri da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.