Memoriarik gabeko Eliza

Memoria Demokratikoaren Lege berria onartu zuten uztailaren 7an Espainiako Kongresuan. Aurreko legea hobetu arren, erakunde memorialistek salatu dute Eliza ez dela aipatzen testuan

Arabako Batzar Nagusiek Aguraingo (Araba) San Juan elizan egindako prozesioa, 1959an. PHOTO.ARABA.EUS.
Mikel Garcia Martikorena.
2022ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Gurutzada erlijiosoa. Horrela definitu zuen Marcelino Olaetxea Iruñeko apezpikuak Espainiako II. Errepublikaren aurkako altxamenduaren osteko gerra. 1936ko abuztuaren 23koak dira hitzok, eta, haren ostean, beste hamaika apezpikuk baieztatu zuten gauza bera, gerrarako bidezko arrazoi bat eman nahian. Legitimatze hark frankismo osoan iraun zuen. Historiaren parte hori erabat ahaztea egotzi diote elkarte memorialistek Espainiako Gobernuari. Uztailaren 7an onartu zuten Memoria Demokratikorako lege berria, frankismo garaiko bidegabekeriak aitortu eta memoria «demokratikoa» eraikitzen ahalegintzeko. Elizarik ez da aipatzen testuan. Hutsunea nabarmena zaie memorialistei.

Josu Ibargutxi Euskal Plataformako ordezkari eta Goldatu elkarteko kideak dioenez, memoria demokratikoaren legea atera zenean «poztu» egin ziren. Frankismo garaiko epaiketak baliogabetzea jasota baitago, esaterako. Baina, plataformaren ustez, garrantzitsua da oso memoria historikoa ezartzeko bidea eratuko duen lege batean Elizak frankismoan izan zuen papera agertzea. Hori dela eta, plataformak legeari egindako zuzenketan —bost puntuz osatua da—, puntu bat Elizaren erantzukizunari buruzkoa da. Ibargutxiren ustetan, Elizak «rol izugarria» jokatu zuen frankismoan. Ideia hori ez da erakunde memorialistena soilik, hainbat historialarik gauza bera baieztatu dute hamaika ikerketa lanetan; are gehiago, garai hartan apaiz izandako hainbatek berdin pentsatzen dute. Horien artean da Juan Mari Zulaika Aizpurua.

1960ko hamarkadan Zamorako konkordatu espetxean (Espainia) egondako apaiz ohiaren aburuz, Eliza «baitezpadakoa» izan zen gerran eta ondorengo diktaduran. Haren ustetan, indar politikoa Elizak eskaini zion, «batez ere altxamendua zurituz». Herritarren aurrean erregimenaren irudia zuritzeko, frankismoak iraun zuen lau hamarkadetan mezan ereserki frankista abestu eta banderak jartzen ziren. Eliza gerraren eta errepresioaren inguruan isilik egon zela dio Zulaikak. Horregatik egin zen antifrankista, eta «debekua etxean» ikusten zuelako.

Errepresiorako lanabesa

36ko gerraren hasieratik izan zen Eliza Errepublikaren eta haren ideien kontrako errepresioaren parte. Ibargutxiren esanetan, Elizak «errepresio kulturala» ezarri zuen frankismoak iraun zuen bitartean. Baina gerran eta altxamenduan hori baino gehiago izan ziren. Nafarroan, esaterako, hainbat apaizek parte hartu zuten altxamenduaren prestaketan. Altxamenduaren ostean etorri zenak 3.000 hildako utzi zituen. Hortaz, Nafarroan gutxienez, ezin da baieztatu Elizak errepresio kulturala soilik ezarri zuenik. Apaizek fusila hartu zuten.

Hala ere, behin frankismoa erregimen gisa ezarri zenean, Elizak «izugarrizko» eragina izan zuen estruktura osoan, Ibargutxiren arabera. Hezkuntzan zuen bere boterea Elizak. Eskola guztietan sartu zuten erlijioa beharrez, eta apaizek ematen zuten testuak kaleratzeko baimena. Ibargutxi: «Kulturan, orokorrean, zentsura eklesiastikoa zegoen; apezpikuaren sinadura behar zen liburu edo testu bat kaleratu ahal izateko». Horretan ere, Nafarroako Eliza izan zen aitzindari. Julian Casanovak Elizari buruzko liburuan azaltzen duenez, 1936an Nafarroako Foru Aldundia izan zen lehena erlijio katolikoa eskoletan berreskuratzen, eta katolizismoaren, Espainiaren ideia unitarioaren eta agintearen aurka egiten zen edozer galarazi zuen.

Zulaikarentzat, hezkuntza Elizaren menpe egotea «erabakigarria» izan zen erregimenari hainbeste urtean eutsi ahal izateko. Elizaren eta erregimenaren arteko sinbiosi hori ez zen soilik eskoletan gauzatzen: unibertsitateak ere sistemaren parte ziren, eta Euskal Herrikoek rol nabaria zuten, gainera. Zenbait ministro frankista Deustuko Unibertsitatean ikasitakoak ziren, esaterako. Hortaz, ez da zaila pentsatzea parrokietan, eskoletan eta unibertsitateetan euskal kulturaren aurka egiteko aginduak zeudela; are, Virginia Lopez de Maturana EHUko Historia Garaikideko irakaslea bat dator horrekin. Memoria Demokratikoaren Lege berriaren hirugarren artikuluan, euskal kultura frankismoaren biktimatzat hartzen da. Hala ere, Elizari aipamen zuzenik ez.

Izan ere, Eliza hitza behin bakarrik aipatzen da 50 orrialdeetan; eranskinean, zehazki: hainbat elizatako plaketan «eroritakoen» izenak jarri zirela aipatzen da. Horrek lotura zuzena du legearen 35. artikuluarekin, zeinetan «memoria demokratikoaren aurkako ikur, elementu eta ekintzak» gaitzesten diren, eta eremu publikoan zein pribatuan dauden frankismo garaiko elementuak kentzeko hautua egiten da; halere, eranskineko plaken aipamen zehatzik ez. Zulaikarentzat, baina, arazoa ez dira kaleak, ezta plakak ere: «Konkordatua da hemen kendu behar dena».

Francoren esker ona

Erregimenaren zutabe politiko eta ideologiko garrantzitsuenetako bat izateaz gain, batez ere hasierako nazionalkatolizismo delakoarekin, Elizak ahalmena izan zuen jendea erregimenarengana erakarri eta biltzeko. Horregatik, Francok hainbat pribilegio eman zizkion. Zulaika: «Francok ondo eskertu zion Elizari eskainitako laguntza, batez ere konkordatuaren bidez». Apaiz ohiarentzat Vatikanoarekin sinatutako konkordatua ez da soilik diktadoreak 1953an «sinatu zuen paper bat»; atzerrian zabaldu zen frankismotik zetorren lehen idazkia izan zen, eta horrek «legitimitatea eman zion».

Lopez de Maturana iritzi berekoa da: «Vatikanoarekin sinatutako konkordatuak eta AEBekin batera egindako akordioek nazioartera zabaldu zuten erregimena. Konkordatuari eta bestelako abantailei esker, Elizak botere handia lortu zuen». Ibargutxirentzat, botere hori duela gutxira arte ikusi izan da Euskal Herrian, immatrikulazioen harira, eta, Zulaikaren ustez, Elizak oraindik eusten dio frankismoaren bitartez izandako irabazi ekonomikoari. Horrek zuzenean lotzen du Eliza legearen 31. artikuluarekin. Hartan, frankismo garaian indarrez edo legez kanpo eskuratutako ondasunen aurka egiten da. Baina, berriz ere, aipamen zehatzik ez Elizari.

Botere hezitzailea eta ekonomikoa ez ezik, komunikabideak ere bazituen Elizak, Francok emanak. Zulaikarentzat, garai hartan irabazitako boterearen zati handi bati eusten diote oraindik: «Horrek erakusten digu zer-nolako indarra zuen eta duen Elizak». Bidegabetzat jo du Elizak meskitak bere ondasuntzat hartu ahal izatea. Horretarako modua ematen duten legeak oraindik mantentzea salatu du, eta gogoratu indar hori guztia «Francok emana» dela. Baina Juan Mari Zulaika ez du beti jakin Elizak zerrol jokatzen zuen. Izan ere, Arantzazun pare bat urte egin arte, ez zen antifrankista egin.

Apaiz antifrankistak

1960ko hamarkadan izan zen hori, eta Euskal Herriko abadeen artean joera antifrankista bat agertzen ari zen. Gizartean bezala, Elizaren barnean polarizazioa zegoen. Horren erakusgarri da 339 apaizek euskal kulturaren eta euskararen alde sinatu zuten gutuna. Zulaika: «Elizak Euskal Herrian boterea irabazi zuen arren, sinesgarritasuna galdu zuen jendearen eta apaizen artean». Hala ere, herri fededuna zen oraindik ere; mezara joatea asteko eginkizuna zen euskal herritar askorentzat. Lopez de Maturana irakaslearen esanetan, Eliza frankismoaren oposizio izan zen zenbait instituziotan. Gasteizen, bozak irabazi zituen gazte katolikoen elkarte batek 1960ko hamarkadan, gobernadore zibilaren zerrenda garaituta. Gasteizko Udalean sartu zirenek euskal nazionalismoa, ezkerreko taldeak eta errepublikanismo kontserbadorea ordezkatzen zituzten.

Hala ere, Zulaikaren pareko abade langileak ziren elizatik etorritako antifrankismoaren adibiderik argiena Euskal Herrian. Bera, esaterako, Bilboko parrokiatik bota zuten emakumeei haurdun ez geratzeko pilularen inguruan hitz egiteagatik; garai hartan, pentsaezina zen hori erregimenaren barnean. Zulaikak dioenez, «sudurra sartu» ahal zuten guztietan zeuden: Espainiako bandera kendu eta ereserki nazionala abesteari utzi zioten, baina, horren gain, «kalean» ere lan egiten zuten, «manifestazioetan parte hartuz». Horrelako jokaera antifrankistengatik eraman zuten Juan Mari Zulaika hiru aldiz espetxera.

Elizaren parte batek rol garrantzitsua jokatu zuenez gero frankismoaren aurkako mugimenduan, Lopez de Maturanak dio «orokorkeriak» baztertzea dela onena Elizaren inguruan hitz egiteko orduan. Batez ere frankismoaren azken hamarkadetan. Horretarako eta ikertu ahal izateko Eliza Katolikoko kideek zer rol jokatu zuten frankismo osoan, EHUko irakaslearen uste du Memoria Demokratikoaren Legeak modua eman beharko lukeela Elizaren fitxategi eta dokumentuak eskura jartzeko. 26. artikuluan, estatu kolpeari, gerrari eta diktadurari buruzko artxiboko eta beste eratako dokumentuak eskuratzearen, babestearen eta zabaltzearen alde egiten du legeak. Baina bestelako auzietan bezalaxe, aipamen zehatzik ez Elizari.

Euskal Plataformaren ustez, Elizak bi betebehar ditu orain. Batetik, barne hierarkizazioa, hau da, barne estruktura bertan behera uztea. Baina, Ibargutxik dioenez, hori ez dute egingo, «2.000 urte daramatzatelako horrela». Bestetik, «benetan Eliza zintzoa izango balitz», barkamena eskatuko luke Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan Errepublika garaitik izan duen rolagatik. Memoria «demokratikoa» denen artean eraiki ahal izateko, gizartearen parte diren denek dute erantzukizuna, eta badirudi Elizak ez duela memoriarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.