Koronabirusa

Ziurtagiria, presaka eta ehunka zalantza artean

Gauerditik aurrera COVID-19 ziurtagiria eskatzera derrigortuta daude kontzertu aretoak eta 60 mahaikidetik gorako jatetxeak Nafarroan. Totem eta Zentral aretoek azaldu dute ez dutela denborarik izan antolatzeko.

Larunbatean, Zentral aretoan aurkeztu zuten Euskaraldia. IDOIA ZABALETA.
joxerra senar
<i>Iruñea</i>
2021eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Nafarroako Auzitegi Nagusiak COVID-19 ziurtagiria erabiltzea onetsi zuenetik bi egun ez dira pasatu, eta gauerditik aurrera agiri hori behar da hainbat tokitara sartzeko: hala nola 60 mahaikidetik gorako jatetxeak, diskoteka eta dantzalekuak eta jaten edo edaten ematen duten mila lagunetik gorako kultur ekitaldietan. Atzo, hori guztia antolatzen zebiltzan Iker Isiegas Totem aretoko ekoizlea eta Olatz Pison Zentral aretoko komunikazio arduraduna. Biek nabarmendu dute presaka egin behar izan dutela dena, eta, indarrean sartu aurretik, «ehunka zalantza» eragin dizkiela.

«Gure erreakzio denbora eskasa izan da», aipatu du Pisonek. Nahiz eta iragan asteko bilera batean gobernuak pasaportea ezartzeko asmoaren berri eman, Isiegasek azpimarratu du «epe bat» behar dutela egokitzeko: «Ez dut esaten bi aste behar ditugula, baina ez da posible ostegunean erabakiaren berri izan eta hura ostiralean abian jartzea. Asteburu honetakoa utzi egingo nukeen,astelehenetik aurrera erabiltzaileei jakinarazteko baldintza berriak».

Totemek eta Zentralek kontzertu batzuk dituzte antolatuak, eta ziurtagiria indarrean sartzeak ondorio legal batzuk ditu: «Bezeroek arrazoi dute baldintzak aldatu direlako, eta dirua itzuli egin behar diegu nahitaez», dio Pisonek. Dena den, linbo moduko bat sortzen da, eta horrek kalte egingo die. «Onargarria da txertoa jaso ez duenari itzultzea dirua, baina zer gertatzen da? Edonork eska dezakeela hori, eta ez dudala telefonoz edo posta elektronikoz hori egiaztatzerik», azaldu du Isiegasek. Bezeroen eskubideaz gain, langileenarekin ere dudak pizten dira, ez baitago argi txertoa jasotzera derrigortuta ote diren.

Eurak arduratuko dira agiriaren QR kodea irakurtzeaz. Gobernuak Suitzan egindako aplikazio bat erraztu die, eta Anaim Nafarroako musika industriaren elkarteak Kataluniako beste bat jarri die ere eskura. «Nahiko ondo doa, baina nahiko mantso», esan du Isiegasek. Presaka egokitu behar izatearen ondorioz, ez dakite nola erantzungo duen: «Begiratu behar dugu sarrera, QR kodea eta NA agiria ziurtatzeko hori dela pertsona. Saiatuko gara ahalik eta hobekien egiten», gaineratu du. Pisonek ez du zalantzarik: «ilara ikaragarriak» sortuko dira.

Isiegasek esan du azken hilabetean oso ondo ari zirela lanean, baina ziurtagiria «baldekada bat ur hotz» izan dela; «Aldi baterako erregulaziotik atera berri ginen, inbertsioa egin dugu eta orain hau dator». Horregatik, kultura arloak egindako esfortzuari balioa emateko eskatu dio gobernuari Pisonek: «Edukiera murriztuarekin inori ez zaio interesatzen kontzertuak antolatzea. Kultur ekitaldiak seguruak ez diren mezua eman da, eta zigortuak izan gara. Toki seguruak diren mezua zabaldu behar litzateke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.