Tejeria, mahaiko buru berriro

Eusko Legebiltzarra eratzeko bilkura egin dute. EAJko bi ordezkarik, EH Bilduko batek, PSE-EEko batek eta EPko beste batek osatuko dute Legebiltzarreko Mahaia. Ostegunean bilduko dira berriz

Bakartxo Tejeria, Josu Erkorekak lagunduta, Legebiltzarrera sartzen, atzo. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
gotzon hermosilla
2020ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Abian da Eusko Legebiltzarraren hamabigarren legegintzaldia, eta,oraingoan ere, aurreko bietan bezala, Bakartxo Tejeria jeltzalea izango da Legebiltzarreko presidentea. Eratze bilkuran, Legebiltzarreko Mahaiko kideak hautatu dituzte, eta EAJk, PSE-EEk eta EP Elkarrekin Podemosek aldez aurretik hitzartu bezala, presidentetza eta lehen idazkaritza EAJren esku gelditu dira, presidenteordetza PSE-EErentzat izan da eta EPk idazkaritza bat lortu du. EH Bilduk, berriz, bigarren presidentetza izango du.

Bozketa egin aurretik, Adineko Mahaiak izan du bilkura gidatzeko eginkizuna, hau da, parlamentari zaharrenek eta gazteenek. Jose Antonio Suso jeltzaleari egokitu zaio presidentetza, legebiltzarkiderik zaharrena izaki, eta harekin batera Iñaki Agirre eta Joseba Diez Antxustegi jeltzaleak, PSE-EEko Txarli Prieto eta EH Bilduko Eraitz Saez de Egilaz aritu dira.

EPko legebiltzarkideek boto zuria eman dute presidentea eta presidenteordeak aukeratzeko bozketetan, eta, horrela, ez dituzte oztopatu EAJren eta PSE-EEren hautagaitzak. Idazkariak aukeratzeko bozketan, berriz, hiru alderdiek hitzartuta zuten EAJko eta PSE-EEko legebiltzarkideek «nahikoa boto» emango ziotela EPko hautagaiari atera zedin bermatzeko, eta hala gertatu da: Gustavo Angulok 11 boto izan ditu orotara, bere taldeko kideen seiak eta beste bost.

PP-C's koalizioak Laura Garrido aurkeztu du idazkari izateko, baina bere taldeko sei botoak baino ez ditu lortu, eta mahaitik kanpo gelditu da. Voxeko Amaya Martinezek, berriz, bere burua aurkeztu du ardura guztietara, eta bozketa guztietan emaitza berbera izan du: boto bakarra, berea alegia.

Tejeriarekin batera, Txarli Prieto lehen presidenteordeak (PSE-EE), Eba Blanco bigarren presidenteordeak (EH Bildu), Iñigo Iturrate lehen idazkariak (EAJ) eta Gustavo Angulo bigarren idazkariak (EP) osatuko dute mahaia.

COVID-19aren izurritearen ondorioz, segurtasun neurri handiekin egin dute bilkura. Parlamentariek maskarak jantzi dituzte, gonbidatu kopurua murriztu dute, eta legebiltzarkideen eserlekuetan kristalezko itxiturak jarri dituzte.

Bilkura amaitutakoan, EH Bilduko legebiltzarkide Nerea Kortajarenak adierazi du EAJk, PSE-EEk eta EPk egindako ituna «aulki banaketa hutsa» izan dela, «inolako eduki politikorik gabea; guk ez dugu horretan sartu nahi izan». Kortajarenak uste du ez dela zilegi lehen presidenteordetza PSE-EEren esku gelditzea, EH Bilduk baino askoz ordezkaritza murritzagoa izanik, baina, hala ere, iragarri du ez dutela eztabaida horretan «gotortzeko» asmorik, «egoera honetan hori ez delako garrantzitsuena».

Akordioa egin duten hiru alderdiek ez dute auzia berdin ikusi. «Demokrazian gehiengoak erabakitzen du», esan du PSE-EEko legebiltzarkide Eneko Anduezak; «EH Bildu horretaz nahigabetzea absurdoa iruditzen zait». EPko parlamentari Iñigo Martinezek, berriz, esan du mahaian «Legebiltzarrean dagoen aniztasuna ordezkaturik» dagoela, eta hori zela «helburua». Martinezek ez du uste gertatutakoak EH Bilduren eta EPren arteko urruntzea ekarriko duenik.

PP-C's koalizioko Carlos Iturgaizek, berriz, leporatu dio EAJri «beste instituzio batzuetan gutxiengoak errespetatzeko» eskatzen duela, baina Legebiltzarrean ez duela «berdin» egiten, koalizioa mahaitik kanpo utzita.

Legealdiaren lehentasunak

Bakartxo Tejeriak, bere lehen hitzaldian, gogora ekarri ditu pandemiak eragindako biktimak, eta adierazi du horren ondorioen kontra borrokatzea «lehentasuna» izango dutela hurrengo agintaldian: «Herri honetan bizi diren guztiek aurrera egin ahal izango dutela bermatu behar dugu».

Tejeriak oroitarazi du, era berean, aurten 40 urte betetzen direla Eusko Legebiltzarra eratu zenetik: «Gernikako estatutua onartu eta lau hamarkadara, oraindik osatu gabea da, eta gure autogobernua eguneratu beharra dago», adierazi du.

Tejeriak ezarri du legebiltzarraren hurrengo batzarraren eguna: datorren ostegunean, abuztuak 6, izango da, eta Bateraezintasunen Behin-behineko Batzordea hautatuko dute orduan. Horrekin, bidea libre geldituko litzateke Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izendatzeko bilkura egin ahal izateko; hori, berriz, irailaren lehenengo asteetan izan daiteke.

Zinaren inguruko polemika

Bilkura hasi aurretik, PP-C's koalizioko Carmelo Barriok eskaera bat aurkeztu du legebiltzarkideek zin egin dezaten Espainiako konstituzioari men egingo diotela, baina Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorreko Mahaiak atzera bota du eskaera.

Diputazio Iraunkorreko Mahaiak ebatzi du Barriok ez zuela horrelako proposamenik egiteko ahalmenik, Legebiltzarra eratzeko bilkura oraindik egin gabe zegoelako eta, hortaz, Barrio oraindik ez zutelako legebiltzarkide izendatu. Halaber, Diputazio Iraunkorreko Mahaiak azaldu du horrelako erabaki batek Legebiltzarraren arautegia aldatzea ekarriko lukeela, eta ez duela horrelakorik egiteko eskumenik. Aurreko agintaldiaren hasieran ere, konstituzioari men egitea zin egin behar izatea baztertu zuten.

Voxek bat egin du PP-C's-en eskaerarekin, eta iragarri du eskatuko duela eratze bilkura berriro egitea, parlamentariek zin egin dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.