Albistea entzun

Errusiak onartu du ez duela Nordstream irekiko zigorrek iraun bitartean

Gasak koska bat egin du gora, eta petrolioa ere garestitu da, LPEEk eta Errusiak ekoizpena jaistea hitzartu ondoren. EBk bilera du ostiralean, energia merkatua erreformatzeko
Nordstream gasbidearen konpresorearen zati baten kablea, olio isuri batekin.
Nordstream gasbidearen konpresorearen zati baten kablea, olio isuri batekin. GAZPROM / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Irune Lasa - Iker Aranburu -

2022ko irailak 6

Aste erabakigarria aurrean, astelehena gogorra etorri da Europarentzat. Gora egin dute gasaren eta petrolioaren prezioek, behera euroak, eta presio gehigarria jarri diete Europako Batasuneko buruzagiei, ostiraleko bileran argindar merkatuan sakoneko erreformak egiteko. Azken horien artean aipatzen dira gasari gehien- ezko prezio bat ezartzea eta gaur egungo erreferentziazko merkatua, Herbehereetako TTF, alde batera uztea, gorabehera txikiagoko baten mesedetan. Energia konpainien «gehiegizko irabaziak» EBren mailan zergapetzeko proposamena egin dute Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta Olaf Scholz Alemaniako gobernuburuak.

Astea gaizki hastea espero zen, ostiral arratsean Gazpromek iragarri baitzuen Nord Stream 1 gasbidetik gasik bidali gabe jarraituko duela. Hiru egunekoa izan behar zuen mantentze lanetarako itxiera datarik gabe luzatu zuen, arrazoi teknikoak emanez. Baina, egunek aurrera egin ahala, gero eta indar handiagoa hartzen du beste azalpen batek: Nordstreamen iturria ixteak lotura handiagoa du ostiralean G7ko taldeak Errusiaren petrolioari gehieneko prezio global bat ezartzeko proposamenari erantzun nahiarekin.

EBk ez ditu oraingoan ere Gazpromek emandako arrazoi teknikoak sinistu. Gasa garraiatzeko beharrezkoa den turbinaren egileak, Alemaniako Siemensek, dio halakoak konpondu izan direla gasa garraiatu bitartean ere.

Eta Moskun ere gero eta gutxiago ezkutatzen dute gasbideekin daraman jokoaren helburua dela Mendebaldeko zigorren amaiera. Errusiako lehendakaritzako bozeramaileak, Dmitri Peskovek, ziurtatu zuen atzo Nordstream 1ek itxita jarraituko duela zigorrek iraun bitartean, haien ondorio direlako arazo teknikoak.

Baina arrazoi bakarra hori balitz, Errusiak EBrekin lotzen duten beste gasbideetatik gas gehiago eramango luke, eta ez da horrelakorik gertatzen ari. Itxita dago Jamal-Europa —Poloniak ez duelako errubloetan ordaindu nahi—, eta erdizka ari dira funtzionatzen Ukraina zeharkatzen dutenak eta Turkiatik barrena doan South Stream.

Modu batera edo bestera, Errusiako gasik gabe gelditzeak Alemanian eta Europa Ekialdean gas naturalaren errazionamendua eta atzeraldi ekonomikoa ekar ditzakeela da kezka handia. Alemaniak, gaur-gaurkoz, gas biltegiak %86 ditu beteta, baina, energia arautzailearen arabera, %95ean beterik izango balitu, Errusiako gas gehiago gabe, herrialdeak soilik bi hilabete eta erdirako gasa luke.

Nola ez, astelehenarekin merkatu asko zabaldu direnean, gasaren prezioa izan da lehena igartzen Ukrainako gerraren nazioarteko jokalekuko azken norgehiagoka. Eta kolpea handia izan da. %30 garestitu dira goizean Herbehereetako TTF gerokoak, megawatt-ordua 272 euroan salerosteraino. Arratsaldean igoera apaldu da.

Petrolioaren iturria

Gasa ez ezik, petrolioa ere garestitu da. Izan ere, azken hilabeteotan apurka ekoizpena handitzen aritu ondoren, kontrako bidea hartzea erabaki dute Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak (LPEE) eta haren aliatuek, Errusia buru dutela. LPEE Plus izeneko taldeak erabakitako murrizketa sinbolikoa da —100.000 upel gutxiago urrian irailean baino—, baina nahikoa izan da petrolio upelaren merkatzea geratzeko: arratsalde amaieran 95 dolarrean ari zen salerosten Brent upela, goizean baino bi dolar gehiago.

Atzeraldi hotsak eragindako erabaki bat izan da kartelarena eta haren aliatuena. Izan ere, ekainean 120 dolarrak gainditu ondoren, udak aurrera egin ahala, merkatzen aritu da upela, inflazio handiaren ondorioz atzeraldi bat etorri eta kontsumoa asko jaitsiko duelakoan. Upela gehiago merkatu aurretik, ehun dolarren bueltan mantentzeko ahaleginduko dela erakutsi nahi du horrela LPEE Plus taldeak.

Erabakiak erakusten du Joe Biden AEBetako presidentearen eragina oso mugatua dela. Izan ere, uztailean, Bidenek alde batera utzi zuen Jamal Khaxoggi kazetariaren hilketagatik Saudi Arabiarekin harremanak hozteko erabakia, eta herrialde hura bisitatu zuen. Han eskatu zion Mohammed bin Salman Saudi Arabiako de facto-ko buruari —eta ustez Khaxoggiiren heriotza agindu zuenari— petrolio ekoizpena «nabarmen» handitzeko. Halakorik ez zen izan, baina bai, ordea, igoera txiki eta progresibo bat abuztuan eta irailean.

Horrenbestez, egunean, ofizialki, 43,85 milioi upel ekoitziko dituzte LPEE Plus taldeko kideek. Horri gehitu behar zaie mugarik ez duten hiru herrialdeak —Venezuela, Iran eta Libia—. Edonola ere, gauza bat da hitzezko produkzioa eta beste bat benetan gertatzen dena, herrialde batzuk ez direlako beren kuotara iristen, eta beste batzuek gainditu egiten dute.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Larrialdi zerbitzuak, istripua gertatu den upategiaren kanpoaldean, gaur, Lantziegon (Araba). ©Raquel Manzanares / EFE

Bi langile hil dira Lantziegoko ardo upategi batean

Berria

60 eta 61 urte zituzten hildakoek. Lankide bat ardoa egiten den edukiontzi batera erori da, eta hari lagundu nahian hil dira, anhidrido karbonikoa arnastuta.

 ©GUILLAUME FAUVEAU

«Gu bezalako laborarientzat ez da lerro bat idatzia izan»

Joanes Etxebarria

Hegazti gripea aurki itzuliko dela ziurtzat jotzen dute, eta, lehen aldiz, Frantziako Estatuko zerbitzuek ahate gizenak txertatzera behartuko dituzte laborariak, urrian hasirik. Perezen gisako hazle ttipientzat ez da protokolorik egokiena.
Ines Zalbide. ©Oskar Matxin Edesa

«Loiutik AEBetara aire bide zuzena izateko itxaropena ez dut galtzen»

Ibai Maruri Bilbao, Bizkaiko Hitza

Markak hautsita ospatu du 75. urteurrena Bilboko aireportuak. Bilbao Air arduratzen da Loiu beste aireportu batzuekin lotuko duten bide berriak lortzeaz. Bizkaiko enpresen beharrak asetzen ahalegintzen direla esan du Ines Zalbide zuzendariak.

Landabengo lantokia, 2020an. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...