Albistea entzun

Abortatzeko eskubidearen aurkako protestak, gutxienez ehun metrora

Askabide klinikara doazenei jazartzen dietenen aurka kautelazko neurriak hartu ditu epaileak
Gasteizko mugimendu feministak aurre egin zien atzo abortatzeko eskubidearen aurka ari zirenei.
Gasteizko mugimendu feministak aurre egin zien atzo abortatzeko eskubidearen aurka ari zirenei. JAIZKI FONTANEDA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Edurne Begiristain -

2022ko urriak 8

Gutxienez, ehun metrora. Abortatzera doazen emakumeei jazartzen dietenek aurrerantzean ezin izango dute osasun zentroa dagoen lekutik ehun metro baino gutxiagora egon. Donostiako epaile batek arrazoia eman dio Askabide klinikari, eta aintzat hartu du abortatzeko eskubidearen aurkako protesten harira jarritako salaketa. Izan ere, Askabidek Donostian duen klinikaren aurrean protestan ari ziren hiru andre identifikatu zituen Ertzaintzak aste hasieran —40 dias por la vida (Berrogei egun bizitzaren alde) talde ultrakatolikoko kideak dira—, eta haien aurkako kautelazko neurriak hartu ditu epaileak. Askabideren Gasteizko klinikaren aurrean ere antzeko protestak izan dira asteon, eta horien aurka bilkura bat egin zuten atzo feministek; Ertzaintzak lau lagun identifikatu zituen.

Askabide klinikako zuzendariak aurkeztu zuen salaketa Donostiako hiru emakume horien kontra aste hasieran; besteak beste, abortatzera doazen andreei eta klinikako langileei jazartzea eta abortatzeko eskubidea urratzea egotzita. Arrazoia eman dio epaileak. Autoa eskuratu du BERRIAk: epaileak adierazi duenez, haurdunaldia etetera doazen emakumeen intimitatea eta abortatzeko duten eskubidea urratzen dituzte protesta egiten dutenek; klinikako langileen eskubideak ere urratzen direla ondorioztatu du.

Hilabeteak dira Askabidek Donostian eta Gasteizen dituen kliniketara doazen emakumeei jazartzen hasi zirenetik. Gasteizko klinikaren kasuan, protestak areagotu egin dira azken egunotan: abortatzeko eskubidearen aurkako hainbat pertsona osasun zentroaren atarian elkartzen dira ia egunero arrosarioa errezatzera, «Ez zaude bakarrik, zu laguntzeko gaude» dioten afixak eskuetan dituztela. Askabideko arduradunek asteon erabaki dute salaketa jartzea haien aurka. Urteak dira jazarpena pairatzen dutela, baina orain Hego Euskal Herrian indarrean den legediak berariaz debekatzen ditu halako protestak, eta Askabidekoek helduleku hori baliatu nahi izan dute horiek eteteko. Izan ere, abortu lege berrituaren ondorioz, hiru eta hamabi hilabete arteko kartzela zigorra ezar dakieke halakoetan.

Baina legea indarrean egonda ere, Ertzaintzak ez ditu eragotzi abortatzeko eskubidearen aurkako protestak. Azken egunotan Askabideko langileek askotan eskatu diete poliziei jazartzaileak identifikatzeko, baina entzungor egin diote eskaerari. Ertzainen jarrera deitoratu du Naroa Iturri Askabideko langileak: «Esan ziguten adierazpen askatasuna eta biltzeko askatasuna zituztela, eta modu baketsuan ari zirela protestan. Baina argi dugu guk: adierazpen askatasuna amaitzen da besteon askatasuna urratzen denean».

Protestek «zama emozional handia» eragiten die haurdunaldia etetera doazen emakumeei, Iturrik ohartarazi duenez: «Askok itzelezko karga dute haurdunaldia etetera doazelako, eta oso epaituak sentitzen dira kanpokoak ikustean». Klinikako langileei, berriz, «ezinegona» sorrarazten dietela azaldu du, eta eguneroko lana asko zamatzen diela.

Feministen erantzuna

Gure gorputza, gure erabakia. Kanpora arrosarioak gure obarioetatik lelopean, elkarretaratzea egin zuen atzo arratsaldean Gasteizko mugimendu feministak abortatzeko eskubidearen aurka ari zirenen aurrean. Salatu zuten «nazioartean antolatutako erakundeak» daudela halako «beldurtzeko ekintzen» atzean: «Emakumeon eta sexu-genero disidenteon gorputzen gaineko kontrol heteropatriarkalaren adierazleak dira».

Erakunde publikoen jarrera ere kritikatu zuten, «oinarrizko eskubide izan beharko lukeena ez kudeatzeagatik», eta propio gaitzetsi zuten Poliziaren jarduna: «Egoeraren arabera jokatzen du: antolakuntza feminista kriminalizatzen du, eta emakumeon menderatzea babesten». Izatez, atzoko elkarretaratzean lau feminista identifikatu zituen Ertzaintzak: «Abortuaren aurkakoak, aldiz, ez dituzte identifikatu, eta hor daude oraindik».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Gotzone Sagardui, Eusko Legebiltzarrean. ©Raul Bogajo / Foku

Donostia aldeko ESIan «pertsonen aldaketa bat» behar zela nabarmendu du Sagarduik

Jon O. Urain

Sailburuak azaldu du zuzendaritza berriak eta Osakidetzako buruzagiek «ikuspegi bera» dutela, eta «gertaera kate baten» ondorioz beharrezkoa zela Donostia aldeko ESIko zuzendaritza aldatzea.

Rebeka Ubera eta Maddalen Iriarte, Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudian ©Raul Bogajo/ Foku

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk ere azalpenak eskatu dizkiote Sagarduiri

Edurne Begiristain

Rebeka Uberak salatu du Osakidetzaren egoera «gobernantza eredu bertikal» baten ondorio dela. Miren Gorrotxagiren iritziz, «onartezina» da Osakidetzak profesionalak kargutik kentzea kudeaketa ereduaren gabeziak agerian utzi dituztelako. PP+C’s-k Sagardui kargugabetzeko eskatu dio Iñigo Urkulluri.

Donostia ospitalea, artxiboko irudi batean. ©Andoni Canellada / Foku

Osakidetzaren «politika suizida» salatu dute Donostiako ESIko 30 bat zerbitzuburuk

Ion Orzaiz - Paulo Ostolaza

Gutun batean, osasun zerbitzu publikoaren zuzendaritzaren dimisioa eskatu dute, zentzugabeko kudeaketarengatik, eta «sektarismoa eta trakeskeria» leporatu dizkiote.

Agustin Agirre. / ©Goiena Komunikazio Taldea

Agustin Agirre izendatuko dute Donostia aldeko ESIko jarduneko zuzendari

Jon O. Urain

Osakidetzako zuzendaritzak ostiralean kendu zuen kargutik Itziar Perez. Loreto Marquet erizaintzako zuzendariordeak ere dimisioa eman du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...