Kontsumoa lurreratzen ikusten du logistikak

Amazon, Fedex eta banaketa alorreko beste handi batzuk belak jaitsi dituzte ekaitza sumatu dutelako ekonomiaren eta, bereziki, kontsumoaren ozeanoan. Atzeraldi hotsa indartzen ari dira multinazional horien abisuak, meategietako txoritxoen abisu lana egiten dutela uste baitute analista askok: kontsumoa gutxitzera doa.

Amazon konpainiaren hegazkin bat, lur hartu ondoren. CC0.
xabier martin
2022ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Bi digituko inflazioak eta galgarik gabeko euriborrak kontsumoan eragingo dutela dio logikak. EBZ Europako Banku Zentralak erabaki duen tasen igoera historikoak helburu bat du, ez alferrik: inflazioa bridatzea; eta, horretarako, ekonomia hoztu nahi du, kontsumoa apaldu. Amazon eta Fedex logistikaren handiak sumatu dute zer datorren munduosoan, eta erabakiak hartzen hasi dira: Jeff Bezosen konpaniak bertan behera utzi ditu zentro logistikoak eraikitzeko proiektu ugari, eta Fedexek bere aurreikuspen ekonomikoak asko apaldu ditu, abisu argi bat eman ondoren: «Eskaera gelditzen ari da».

Ikatz meategietan, meatzariek txoritxo batzuk izaten zituzten alboan, jakiteko haiek hiltzen baziren oxigeno gabezia zegoela; bada, esan ohi da logistika sektoreak txori horien lana egiten duela ekonomiaren eboluzioari begira, eta albisteak ez dira onak arnasten duten giroari dagokionez. Amazonek bertan behera utzi ditu Gasteizen eta Oiartzunen (Gipuzkoa) zabaltzekoak zituen azken miliako zentro logistikoen proiektuak. Oiartzungoak aurkako erantzun handia eragin zuen gizartean, harik eta maiatzean AEBetako konpainiak proiektuari uko egin zion arte. Baina erabaki horiek estrategia zabal baten barruan ulertu behar dira. Munduko saltokirik handiena atzeraldi baterako prestatzen ari baita, eta ez du ezkutatu.

Pandemiaren olatua

Euskadiko Mugikortasun eta Logistikaren klusterrean ere onartzen dute komertzio elektronikoak behera egin duela, baita traba handia dela ere «muturreko ziurgabetasuna» hazteko. Baina Atlantikoaren beste aldetik datorren ezkortasun handiak ez du zipriztindu sektorea oraindik.

«Komertzio elektronikoa izugarri hasi zen pandemiaren aroan, %300 zenbait alorretan, eta ez bakarrik tradizionalki erosi izan diren produktuetan. Eta egia da: orain, jaitsi egin da olatu hori», esan dio BERRIAri Euskadiko Mugikortasun eta Logistikako zuzendari kudeatzaile Fernando Zubillagak (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1971). «Ematen du pandemia atzean geratu dela, eta, horrekin batera, komertzio elektronikoak behera egin du; baina espero zen gauza bat da». Hazkundeari begira, «ziurgabetasuna da okerrena», haren arabera, eta munduko agertoki ekonomikoa «ez da ona» gaur egun. «Baina ez dugu aurreikuspen bereziki ezkorra», argitu du Zubillagak. Komertzio elektronikoaren joera goranzkoa izango dela dio, «ez pandemiaren garaiko abiaduran, baina goranzkoa».

Zubillagak azaldu du logistikak egun dituen mehatxuen artean badela bat begien bistakoa: Europatik kanpoko hornitzaileen mendekotasun handiegia: «Arazo ugari izan ditugu hornidura kateekin; adibidez, txipen kasuan. Batzuk apurtu egin dira, eta Europan egiten ari gara hausnarketa sendo bat, beste kluster batzuekin batera, jakiteko nola lortuko dugun erresilientzia handiagoa gure sareetan. Kritiko diren produktuak gerturatu egin beharko genituzkeela uste dugu askok».

Baina sektorearen erronka nagusia, beharbada, jasangarritasuna da. «Garraioaren kutsaduraren arazoa hor dago, eta bagabiltza lanean. Alternatibak behar ditugu, hidrogenoa eta beste argindar garbiak, baita gasa ere, baina ez da erraza». Gehiena kamioien bidez garraiatzen da, «oso tresna malgua delako», eta joera hori aldatzea «zaila da».

Sektoreak sortzen dituen enpleguen kalitateaz ere badago eztabaida sozial bat. «Guk saiatu behar dugu kalitatezko enplegua sortzen», dio klusterreko zuzendariak, «baina denon artean egin behar dugu posible: industriak eta guk ere, bezero gisa, badugu zer esanik, garraioa doakoa izatera ohitzen ari baikara. Kostu hori baten batek ordaintzen du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.