Heldu lemari, Uriarte andrea!

Iñigo Unzueta Mugarza eta beste
2020ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Joan den martxoan, SARS-Cov-2 izen aseptikoa eman zaion mikrobio ezezagun batek ikastetxeak bat-batean itxiarazi zizkigun. Euforia oihu batek zeharkatu zituen ikasgelak eta korridoreak, ikasleek, inozoki, oparitzat hartu baitzuten albistea; irakasleok, berriz, behar zuten material guztia aldean eraman zezaten saiatu ginen. Horrela, 24 ordutan, eta ia aldez aurreko abisurik gabe, hezkuntza esperimentu bat jarri zen abian: zer iraupen eta munta izango dituen oraindik nekez antzeman dezakegun esperimentu bat.

Bi hilabete geroago, barkaberegi izan gabe, esan dezakegu gure hezkuntza sistemak funtzionatzen jarraitu duela, neurri handi batean irakasleen lan eskergari esker: sormena eta inplikazioa akuilu, materialak egokitu dituzte, berrikuntzak ezarri dituzte, motibazioa landu dute, ikasleak animatu eta irakasten jarraitu dute. Esfortzu itzela eskatu du horrek, bai irakasleen aldetik, baita ikasleen eta haien familien aldetik ere.

Alabaina, bat-bateko erantzun horrek bide eman behar dio bizi izandakoari buruzko hausnarketari, eta, batez ere, Hezkuntza Sailak gidatutako plangintza bati, horrela bakarrik egin ahal izango baitiegu aurre, gutxieneko bermearekin, datorren ikasturtean azalduko zaizkigun zailtasunei: ahulenengana iristea, metodologietan sakontzea, koordinazioa hobetzea, gaitasun digitalak sendotzea...

Pandemiak hezkuntza sistemari planteatzen dion erronka sekulakoa da; izan ere, ez dago jakiterik zein osasun egoerari egin beharko diogun aurre, eta, beraz, zaila da zeri erantzun beharko diogun aurreikustea. Zorionez, ia hiru hilabete ditugu planifikatzeko eta prestatzeko, irakasle bakoitzak, maisu eta maistra bakoitzak, zuzendari bakoitzak lanari ekin ahal izateko. Eta, horretan, Hezkuntza Sailak hartu behar du gidaritza, lema; guztion isla izango den esparru adostu bat eskaini behar digu, hainbestetan aipatzen den «ikastetxeen autonomia» horren lepoan utzi ordez bere erantzukizunak. Hori dela eta, behean sinatzen dugun irakasleok Cristina Uriarte sailburuari eskatzen diogu Sailaren, Berritzeguneen, Ikuskaritzaren eta irakasleen baliabideak eta energiak hurrengo ikasturtea prestatzera bidera ditzala. Lehenbailehen, atzeratu gabe. Premiazkotzat jotzen dugu ekainean bertan planteamendu argi bat izatea honako puntu hauei buruz:

1-Eskola antolaketa. Seguruena, pertsonen arteko distantziari eutsi beharko diogu ikasturte hasieran, eta berriz ere egon daitezke konfinamenduak, gaixotasunaren gorakada edo berrogeialdiengatik: Nola antolatuko gara? Sistema misto presentzial-digital bat ezarriko dugu, aurrez aurreko eskola saioak asteko egun batzuetan bai eta beste batzuetan ez? Goizeko eta arratsaldeko txandak egongo dira? Astekako txandak? Irakasgai guztiak eskainiko dira? Ohiko eskola ordutegi bera, osoa, izango da, saioen iraupen berarekin?

2-Ikasleak konektatzeko zailtasunak. Ordenagailua, tableta, mugikorra, telefonoa, pintxoa... eta fotokopiak. Hilabete hauetan, teknologia berriek eta tradizionalenek eskaintzen dizkiguten baliabide guztiak erabili ditugu. Hurrengo ikasturterako, berriz, baliabideak eta konektibitatea optimizatu behar dira. Gutxienekoa eta ezinbestekoa da ikasle bakoitzeko gailu bat eta konexio fidagarri bat izatea, baita behar diren kudeaketa orduak ere, ikastetxe bakoitzean IKTen arduradun bat egon dadin. Horrek guztiak inbertsioen eta beken azterketa zehatza eskatzen du.

3-Arrisku talde bateko kide izateagatik aurrez aurreko eskolak eman ezingo dituzten irakasleen kopurua aurreikusi. Badira zenbait urte irakasleak falta ditugula irakasgai jakin batzuetarako, eta horri gehitu behar diogu irakasle multzo bat arriskuan ez jartzeko betebeharra dugula (beste herrialde batzuetan bezala, % 30era irits daiteke multzo hori). Kalkulu eta aurreikuspen horiek egin eta alternatibarik eman ezean (esaterako, irakaskuntza digitalaz arduratzea, aurrez aurreko eskolak emango dituzten irakasleekin koordinaturik), irailean baja eta erretiroen olde bat izan genezake, eta horrek zaildu egingo luke zenbait ikasleri beharrezko arreta eskaintzea. Eskolak irakasleak behar ditu, irakasleek arreta behar dute.

4-Ikaskuntza digitala zer den argi finkatu. Azken asteetako esperientzia gogor honek jardunbide egoki batzuk utzi dizkigu, baina, era berean, agerian utzi du ikaskuntza digitala ulertzeko modu askotarikoak daudela irakasleen artean. Modalitate pedagogiko horri buruzko hausnarketa egin behar da, eta prestakuntza bateratua eskaini behar da, bai teknologien alorrean, baita metodologien, baliabideen ekoizpenaren eta ebaluazio digitaleko moduen alorretan ere.

5-Osasun prebentziorako neurriak. Ikasturte amaierarako prebentzio plan bat eman zaigu, baina zenbait puntu faltan sumatzen ditugu. Horien artean, ezinbestekotzat jotzen dugu aldian behin testak egitea eta egunero tenperatura hartzea, haur eta nerabeen artean ohikoa baita sintomarik ez egotea.

Testu honetan, hezkuntza sistemak datorren ikasturtean bideratu beharko dituen gai nagusi batzuk baino ez ditugu zirriborratu. Dei egin nahi diogu Hezkuntza Sailari, norabide argirik gabeko komunikazio politikak albo batera utzita jarduera esparru argi bat finka dezan, hezkuntza eragileekin adosturik, irailetik aurrera denok horren barruan mugitu ahal izateko nolabait. Hitz egin eta planifikatu, Uriarte andrea. Labur esanda, heldu lemari.

IDAZKIA HONAKO HAUEK SINATU DUGU: Iñigo Unzueta Mugarzak, Ana Moreno Peinadok, Olatz Arregi Larrañagak, Yolanda Larrea Landak, Ana Belen Vega Badiolak, Gotzon Quintana Velezek, Helena Arteaga Iribarrenek, Maria Luisa Rodriguez Burgosek, Ainhoa Alava Etxebarriak, Iratxe Malatsetxebarria Udaondok, Bittor Duce Zubillagak, Martha Kaperotxipi Urainek, Agurtzane Erkiaga Amillategik eta Jasone Molaguero Bilbaok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.