BI AHOTSETARA

Nostalgia

Gorka Erostarbe Leunda -

2019ko urriak 13
Nabarmendu dute zaleek, haizatu dute sareek, iradoki dute protagonistek; nostalgia gainditu duen ariketa, biltzea edo festa izan dela. Garik eta Josu Zabalak elkarrekin emaniko kontzertuak ez zirela izan Hertzainak-en itzulera esan dute musikariek beraiek, baina Hertzainak ikusi dute zale gehienek, edo hala ikusi nahi izan dute bederen.

Ez dauka prentsa onik. Esan nahi baita, musikaren inguruko pentsalari eta iritzi emaile aurrerazaleen artean —progresista ere jar nezakeen, baina konnotazio mugatzaileagoa duelakoan nago— nostalgiak baduela eraman ezineko zama bat, antzinako denboretan ainguratuta geratzea dakarrelakoan ezinbestean, eta horrenbestez, aurrera ez, eta bertan goxo baino gehiago bertan pott egitea esan nahi duelakoan; ekintza kontserbadorea dela nostalgiaren kabi egitea, alegia. Nekez entzungo duzu sortzaile nahiz zale avant-garde zalerik nostalgiaren aldarri egiten.

Nostalgia boladako dela esaten da sarri, adibidez, garai zaharragoetako musikek aldika izaten duten berpizteei erreparatuta; direla musikari edo zenbait talderen etengabeko berragerpenak (80 eta 90etako zenbat talde itzuli ote da azken urteetan), hainbat irrati-kateren eskaintza zaharrunoak, edo hainbat taberna, areto eta txosnaren errepikapenetarako zaletasuna.

Grezieratik datorren nostalgia hitzak, aitzitik, bere bizi-taupada propioak ditu, eta min bat edo pena bat darama bere baitan, jada ez den edo galdu izan den horrena; horregatik, modako dagoena ez da nostalgia, baizik eta revival-a edo errepikapen antzua, gehienetan efemerideen aitzakian aterpeturik eta arrazoi txintxinzale edo ospezaleak akuilaturik. Nostalgiak beste bizi bulkada bati erantzuten dio.

Nostalgiak bizi-taupada propioak baititu eta mina darama bere baitan, eta nik, balio askatzailea ez ezik eraldatzaile eta komunitarioa ere ikusten diot zale modura. Ez gutxitan askatu dut barnea nostalgiaren barrunbeetan sehaska hartuta. Ez gutxitan balio izan dit galdera berriak egiteko, eta beste norbaitengandik hurbil sentitzeko.

Neure buruari egiten diodan galdera, hortaz: Hertzainak-en juntadizoa ariketa nostalgiko batez haragoko zerbait da, ia ekarpen artistiko berririk ez badakar? La Pollaren itzulerarekin zer salduko da? Nostalgiaz haragoko zerbait? Zer da nostalgiaz haragoko hori?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna