BI AHOTSETARA

Menpekoak

2020ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Artikulu bat irakurri berri dut dioena ez garela lehen bezain produktiboak, eta ez garela zoriontsu, menpekoak garelako. Pantailen eta bertan etengabe azaltzen diren jakinarazpenen menpekoak. Noiztik ez duzu liburu bat irakurtzeaz gozatu bost minutuko etenaldirik gabe? Gai izan al zara ordu eta erdiko film bat hasieratik bukaerara ikusteko sakelako telefonoari begiradatxo bat bota gabe? Noiz entzun zenuen abesti bat ondoren sare sozialetan partekatu gabe? Uste al duzu gai izan naizela testu hau idazteko Instagramen momenturen batean sartu gabe?

Menpekoak izateaz gain, inoiz baino nagiagoak ere bagara. Single bat bera ere osorik ikustea —bai, ikustea diot, badirudi-eta ikus-entzunezko euskarririk gabe jada ez duela abesti batek interesik— erronka bilakatu da. Zer esanik ez disko oso bat, azaletik bada ere, entzutea. Beharbada horregatik, jada diskoak baino EPak ari dira nagusitzen, 5-6 abestiko diskoak. Baina, hala ere, jendeak ba al du interesik musika berria ezagutzeko? Niri duda sartu zait gustuko dudana benetan gustuko dudan ala Spotifyren algoritmoek gomendatzen didaten musika inertziaz entzuten ote dudan. Bandcampen ezagututako artista lokala Spotifyn ez baldin badago, ez du merezi entzunaldi bakar bat ere. Zertarako? Ez da erosoa, eta, gainera, nire Instagrameko Stories-etan ez da horren ondo geratzen. Azken finean, nork irakurtzen, ikusten edo entzuten du zerbait, soilik jarduera horietaz gozatzeko intentzio hutsagatik? Ez gara kulturazaleak, ez; besteen onarpenaren beharrean gauden menpeko ezdeusak gara.

Artikulu hau gustatu bazaizu, partekatu, mesedez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.