Lide Hernando.
BI AHOTSETARA

Borobilak

2020ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Badituzu hiru ordu laurden? Lanera autobusean zoazela Twitterren sartu eta azken berriak irakurri ordez; kirola egiten duzun bitartean Spotifyk zure gustuen arabera prestatutako playlist-a jarri ordez; afalosteko zure telesail gogokoenaren azken kapitulua ikusi ordez; egun batengatik, badituzu 45 minutu disko bat osorik entzuteko?

Egin proba: jarri entzungailuak eta etzan ohean. Disko-jogailua baldin baduzu, jarri plastikotik atera gabe duzun binilo hori orratzetan, eta eseri ondoko besaulkian. Eta entzun ezazu, beste ezer egin gabe, zure bizitzako 45 minutu horiek ezer baino gehiago merezi dituen disko hori.

Singlearen garai frenetiko honetan, izan ere, ahaztu dugu orain arte jakina zen gauza bat: talde edota artista baten disko batek, bere azken bi urteetako lan gogorraz gain, istorio edota testuinguru bat gordetzen duela bere barnean. Ez dela abestiz betetako zaku soil bat. Eta hainbat adibide eman nahi dizkizuet, ea horietako bat entzutera animatzen zareten.

Foo Fighters rock taldearen Echoes, silence, patience and grace disko tzarrean, aurreko urteetan jotako rock kontzertu handien artean egindako antzokietako bira akustikoan sentitutakoa islatu nahi izan zuten. Horrela, rock kutsuko abesti potenteak eta kutsu intimistako folk abestiak tartekatu zituzten maisutasun handiz. Adele artista britainiarrak bere diskografia abestiak sortu zituenean zuen adinarekin izendatu ohi du; eta 21 diskoa (Someone like you abestia ezagutuko duzu ziurrenik) hasi eta buka entzun beharreko pop harribitxia da (eta, bai, 21 urterekin konposatutakoa).

Berri Txarrak taldearen Jaio.Musika.Hil-ek historian afinazio berean konposatu den abestitzar kopururik handiena biltzen du. Alba Reche artista gaztearen Quimera diskoko abestiek greziar mitologiatik hartutako pertsonaien izenak dituzte, eta estatuko musikaren belaunaldi berriaren alde interesgarri bat erakusten du. Silvia Perez Cruz artistak Farsa diskoan arte diziplina ezberdinekin elkarrizketan idatzitako abestiak bildu ditu.

Eta motz geratu naiz: historian disko borobil asko izan eta izango dira. Zergatik ez hartu 45 minutu esperientzia hori %100 bizitzeko? Egin aproba; ez zara damutuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.