gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

Mundualdi baten azken notak

2019ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Zinema suarekin egiten dela dio Oliver Laxe zinemagile galiziarrak, O que arde film apartaren egileak. Musikak ere asko du sutik, barne iraultzen txinpartatik. Sua da Kataluniako kaleetan, Txileko Santiagokoetan, Hong-Kongen nahiz Kurdistanen. Mundua lehertzen ari da pixkanaka. Sua da nonahi.

Zer musika dakar mundualdi baten amaierak? Zer musika behar du su berri horrek?

Seateko langileek ba al dute astirik Guy Debord irakurtzeko? Ba al dute denborarik Niño de Elcheren eta Los Planetasen musika entzuteko? Asmo transgresoreko musikak, arte sorkuntzak, epatatzeko abilidadea behar du erregai nagusia, ala enpatizatzekoa? Garai bakoitzak gehiago eskatzen al du batetik edo bestetik? Onar dezadan, Els segadors ereserki katalan enblematikoa himno debordiar proletario «antinazionalista» bihurtzeko saioari erakargarritasunik antzematen diot. Baina non geratzen da proletariotasuna, Sonyri gorazarre egin eta koipea ematen dion artistarengan? Non geratzen da antinazionalismoa, nazionalismo handiago (eta ankerrago) bati zimikorik egiten ez dionarengan? Seateko langileek ba al duteastirik musika entzuteko? Kataluniar langileentzat ala burges txiki espainiar cool-entzat sorturiko kantua da?

Eta, hala ere, kantuak dar-dar eta dir-dir txiki moduko bat eragin dio entzule honi. Arbuioarekin batera, esan nahi baita, eragin diola arrazoimenean arrakalarik, are, lilura sugarrik. Nire espainiartasun burges cool-a liluratu ez ezik, berpiztu egin ote du? Ala musikak atzeman ezinezko edertasun eta bideak proposatzen dituelako izan da.

Mundua lehertzera doa; hobeto esan, lehertzen ari da pitinka, apurka, atomizatuki. Txileko auzune txiro batean, etxeratze-agindu betean (halakoetan dira berriz), Victor Jararen Te recuerdo amanda abestu du emakume (anonimo) batek balkoitik. Isilean entzun dute auzokideek. Bukaeran, txaloak. Kantua zaharra izanagatik; agian horretxegatik, enpatia iraunkor bat eragin dio entzule honi.

Su txiki iraunkor bat piztu dio, sualdi beteko garaiotan.

Zer musika dakar mundualdi berriak, zer musika behar du?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.