Etxegabeak. Egoera eta bilakaera

ETXE GABE EGOTETIK ETXEGABE IZATERA

Euskal Herrian 3.000 etxegabetik gora daude, kalean edo eurentzako zerbitzuetan. Ez da zehatz neurtu, eta ez da erraza soslaia definitzea. Azkenaldian zabaldu egin da, gainera: gero eta andre gehiago dago, eta gazteen kopurua handitu egin da. Askorentzat egoera kroniko bihurtzen ari da.

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2015eko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Asteon izan dira berriz albiste kalean bizi direnak. Ohi bezala, muturreko egoera batean: 49 urteko gizon etxegabe bat hil da Barakaldon. Urtea hasi zenetik seigarrena da, gutxienez; denak Bizkaian zendu dira. Erdi ezkutuan dago haien errealitatea. Izan ere, ez da jakiten erraza Euskal Herrian zenbat etxegabe dauden. 3.000tik gora dira, eta haziz doa kopurua. Iazko urriaren 14tik 15erako goizaldean egindako zuzeneko neurketa batean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 323 lagun aurkitu zituzten kalean lotan —20, 175 eta 128, hurrenez hurren—. Baina badakite askoz gehiago izan daitezkeela. 323 eta 633 artean direla azaldu du Raquel Sanz soziologoak. SIIS-Dokumentazio eta Ikerketa Zentroko kidea da; galdeketan parte hartu zuen boluntario modura. «Biharamunean aterpetxeetan gosaldu zutenei galdetu genien ea gauean elkarrizketarik egin genien; 225ek ezetz erantzun zuten. Posible da euretako batzuk lo egon izana eta zenbatu zituztela ohartu ez izana. Horrez gain, inor ikusi ez arren norbaitek lo egin zezakeelako zantzuak ere jasotzeko agindua zuten boluntarioek. Ibilgailuak eta bertan behera utzitako eraikinak, esaterako».

Nafarroan, Iruñean, Altsasun eta Tuteran daude etxegabeentzako aterpetxe publikoak. Plaza gehien hiriburukoak du. Ruben Unanua da bertako arduraduna. Berak eman du datua: Iruñean kale gorrian lo egiten daudenak zazpi eta hamar artean dira. Baina beste fenomeno bat ere aipatu du: errumaniarren kanpalekuak. Osotara, hamasei bizi dira Iruñean. Atherbea elkarteko Pantxika Ibarburuk are zailago ikusi du Ipar Euskal Herriko egoera azaltzea. «Ez dago neurketarik. Guk ez dugu karriketan dabilen gizarte langilerik, eta ezin dugu jakin zenbat jende bizi den karrikan».

Errazagoa da etxerik gabe geratu eta gizarte zerbitzuek eta bestelako erakundeek euren eskura ipintzen dituzten baliabideak erabiltzen dituztenak zenbatzea. 1.500 pasatxo zenbatu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Kalean daudenentzako aterpetxeez gain, genero indarkeriaren eta giza trafikoaren biktima diren andreak hartzen dituzten pisuak ere kontutan hartu zituzten zenbatzean. Nafarroan, 200 eta 300 artean izan daitezke, baina ez dago zenbaketa zehatzik eginda. Ipar Euskal Herrian, Atherbea elkarteak 2.400 galdera edo laguntza eskaera jaso zituen iaz. «1.117 pertsonak egin zituzten. Batzuk bat-batekoak dira, urgentziazkoak erraten diegunak. Gaur egun galderen bi herenak bat-batekoak dira. Gainontzekoak gizarteratzeko galderak izaten dira. Erraten digute: 'Nahi dut nire bizi proiektua aitzinera eraman eta nahi dut laguntza sozial bat'». Azken hiru urteetan %40 goratu da bat-bateko laguntza eskaera. Gizarteratzeko proiektuetan sartzekoak, %50etik gora hazi dira.

GEHIENAK, GIZONAK

Etxegabeen gehiengoa gizonak dira. Etxegabe daudenak bizileku gabezia larria duten pertsona gisa jotzen dituzte erakunde publiko eta eragileek. Eta larritasunaren arabera lau maila dituzte. Mailarik larrienak, lehenengoa eta bigarrena —kalean lo egiten dutenena eta eskakizun apaleko aterpetxeetan daudenena—, gizonek betetzen dituzte. Andreak hirugarren eta laugarren mailetan daude batez ere: babestutako pisuetan, infraetxeetan, alokairu ezegonkorra duten etxeetan edo etxegabetzeko arriskuan.

«Gizonek ez dituzten babes faktore batzuk dituzte andreek. Adibidez, familiari lotuago egon ohi dira. Eta kaleari beldur handiagoa diote, eurentzat arriskutsuagoa delako. Kalean lo egiten duten emakumeek gizonezkoek baino sarriago pairatzen dute indarkeria. Horregatik etxeetan egoera latzak gehiago jasateko prest daude, kalean ez gelditzearren. Sarri, gainera, seme-alabak dituzte euren kargura», azaldu du Sanzek. Unanuak azpimarratu du etxerik gabe dauden andre gehienak genero indarkeriaren, prostituzioaren edo giza salerosketaren biktimak direla. «Fenomeno horien biktima direnez, bestelako baliabide batzuek ere badituzte eskura, eta ez dute etxegabeentzako aterpetxeetara jotzeko beharrik».

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eginiko zenbaketan %78 ziren gizon, eta %22 emakume. Sanzen arabera, oraindik aldea nabarmena den arren, azken urteetan andreen proportzioa handitu dela nabaritu dute. «Bazterketa egoeran dauden emakumeak dira, eta egoera horiek normalean okerrera egiten dute, azkenean erabateko bazterketara iritsi eta etxegabe geratu arte. Azkenean kalean bukatzen dute». Ibarburuk ere igarri du igoera hori Ipar Euskal Herrian: «Geroz eta emazte gehiago ditugu harrera tokietan».

ATZERRITARRAK, GORABEHERAKA

Kalean bizi diren atzerritarren kopuruak, ordea, behera egin du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Gutxi gorabehera, erdia inguru dira. «Gizartean oro har gertatu den moduan, etxegabeen artean ere gutxitzen joan dira. 2000tik 2011ra goranzko joera izan zuten, baina azken urteetan apalduz joan da gutxika. Gainera, 2000ko hamarkada erdialdera bakarrik heldutako adingabe asko etorri ziren Euskal Herrira. Orain ere iristen diren arren, gutxiago dira», azaldu du Sanzek.

Nafarroan, ostera, atzerritarren zenbatekoak gora egin duela dio Unanuak. Eraikuntzan edo zerbitzuetan ibili dira beharrean, eta krisiak langabe utzi ditu. «Oparoaldian familiari bidaltzeko dirua ere bazuten. Orain ez dute ez lanik ez dirurik aurreztuta, eta kalera jo beste irtenbiderik ez dute. Agian, hasieran etxea galdu eta autoan egin zuten lo. Orain kalean daude». Berdintsu ikusi du bilakaera Ibarburuk: «Baditugu beste herrialdeetatik etorri diren gizonak, bikoteak eta familiak. 2008tik hona pobreziatik ihes egiteko eta lanaren bila etorri diren familiak hazi dira».

GAZTEAK, GORA

Beste aldaketa bat azpimarratu du Iruñeko aterpearen arduradunak: baliabide publikoen erabiltzaileen artean gazteen kopurua hazi da. «Duela bi urte, 18 eta 25 urte artekoak %3 ziren. Gaur egun, %6 dira. Kopuru apalak dira, baina bi urtean bikoiztu egin dira. Adingabeen zentroetatik irten diren gazteak dira, edo buruko osasun arazoengatik edo drogekiko mendekotasunagatik familia utzi behar izan dutenak». Beste herrialdeetan ere nabaritu dute: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, esate baterako, gehienak 40 urtetik beherakoak dira, eta askok 30 baino gutxiago dituzte.

DIRU SARRERAK

Kalean bizi direnek ia ez dute diru laguntzarik jasotzen. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan etxegabe daudenen artean %18k bakarrik kobratzen du diru sarrera bermatzeko errenta. «Kalean daudenak eta iraupen laburreko aterpeetakoak normalean erroldatu barik egoten dira. Eta hori da laguntza jasotzeko baldintzetako bat. Deigarria da kalean bizi direnen %26k jakin ere ez zekitela halako laguntzarik dagoenik». Gehien behar dutenek jasotzeko zailtasun handiagoak dituztela salatu du Sanzek.

URTE GEHIAGO

Hirurek igarri dute azken aldian etxegabetasuna eta muturreko pobrezia kronifikatu egin direla. Sanzek dauka daturik zehatzena: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egindako inkestan parte hartu zutenetatik herenak hiru urtetik gora daroa egoera horretan. «Hiru urte baino gehiago irauten duten kasuetan zaila izaten da gizarteratzea», egin du oharra. Iturburuk bota du fenomeno horren arrazoietako bat: «Tokiak direnak dira, eta batzuetan gutxiago. Baina laguntza eskaerak gero eta gehiago dira. Beraz, hilabeteak egon behar dira zain. Tarte horretan karrikan egon behar dira, eta gutxitzen da bere mobilizazioa. Toki eskasiak eta medio eskasiak perspektiben denboraldia handitzen du, eta usu pertsona desmotibatzen da».

Unanuaren ustetan, etxegabe askok duten mugikortasun geografikoak ere ez du laguntzen. Dioenez, ohikoa izaten da hiriz hiri ibiltzea. «Urtero sasoi bertsuan itzultzen dira. Eta pozten gara ondo daudela ikusteaz. Azkenean nolabaiteko enpatia sortzen da gure artean. Baina tristatu ere egiten gaitu, urterik urtera asko nabaritzen baita kalea kalte egiten ari zaiela. Hondatuago daude, fisikoki eta psikikoki. Azken batean, eskura dituzten baliabideak erabiltzen hasi eta berehala utzi egiten dituzte, eta horrela ezin da prozesurik burutu. Etengabe hutsetik hasi behar izaten dute».

ADMINISTRAZIOAREN LANA

Sanzek faltan bota du baliabide publikoen arrakasta neurtzeko tresnaren bat. «Erakunde publikoek dirua eta baliabideak ipintzen dituzte arazo honi konponbidea emateko, baina gero ez dute aztertzen eraginkorrak diren ala ez». Unanua baikorra da. Gizarteratzea lortzen duten hainbat kasu daudela dio: «Baditugu bost urtean alkoholik ez probatzea lortu dutenak. Baditugu lan munduan sartu direnak. Badira lagun eta familiarekin harreman sarea berriz osatu dutenak. Eta hori enplegua bezain garrantzitsua da, gertukoen babesa izatea ere ezinbestekoa baita».

Iturburuk epeez egin du berba. Askotan administrazioek eta erakundeek ezarritakoak ez datoz bat etxegabeen erritmoarekin. «Prekarietate handian bizi zarenean, zure nortasuna erabat suntsitzen da. Hausturak izango dituzu eta mendekotasunak sortzen dituzu. Hainbat haustura sortzen dira zure nortasunean eta zure osasunean. Eta pertsona bakoitzak bere denbora behar du hautsitako hori konpontzeko. Ezin da behartu». Euren desafioa laguntza eske gerturatzen zaizkien pertsonen erritmoan joaten asmatzea da. «Jana eta aterpea bermatu behar zaie, baina etxebizitza ez da dena: behar dira gaitasun sozialak ere berreraiki». Azken batean, pertsona batek kalean bukatzeko, gauza askok egin dute huts. «Baita administrazio publikoek ere».

%60

Kalean bizi diren hamar lagunetik seik lapurreta edo erasoren bat sufritu dute. Batzuek, hainbat alditan.

%5

Unibertsitate ikasketak dituzte etxegabeen %5ek. Gizartean %24 da tasa. %60k lehen mailakoak dituzte, edo batere ez.

%6

Batez beste,%6k lan iraunkorra dute, baina soldata eskasa. Gehienek txatarra biltzen dute.

%40

Kalean bizi direnen%40k lanpostu «prekarioa» izan zuten etxerik gabegeratu aurretik.

%30

Kalean bizi diren atzerritar gehienek Afrikan dute jatorria. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, esaterako, herena Magrebekoa da.

%25

Kalean loegiten duten lau lagunetik batek eguna bakarrikpasatzen du. Depresioan erortzea eragiten du horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.