Hauteskundeak

Negoziazioen labirintoan harrapatuta

Espainiako Gorteetarako bozek giro politikoa nahastu dute Nafarroan. Egungo gobernu ereduari eutsi nahi dio PSNk, Iruñeko Udalean EH Bilduri bizkarra emanda

BERRIA.
Ion Orzaiz.
2023ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Udal eta foru hauteskundeen biharamunean, Nafarroako panorama politikoak James Bonden martinien antza zuen: nahasia, baina gehiegi astindu gabea. Pedro Sanchezek, baina, irabiagailua piztu du, Espainiako Gorteetarako hauteskundeak uztailaren 23ra aurreratuta. Nafarroan, iragarri ezinezko ondorioak izanen ditu erabaki horrek, eta, aparrak behera egin arte, behintzat, ezin jakin koktelontzitik manhattan bat aterako den, edo zintzurra erretzeko moduko edabe bat.

GOBERNU EREDUA
2019an baino botere handiagoa nahi du Txibitek

Aurreko legealdian bezala, PSNk dauka korapilo politikoa askatzeko giltzetako bat, baina ez du merke saltzeko asmorik. Bai kanpainaurrean bai bozen ostean, Maria Txibite prest azaldu da egungo gobernu ereduari segida emateko: PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa taldeen arteko gobernu koalizio bat, unean uneko babesekin. Izan ere, hiruko horrek ez du gehiengo osorik parlamentuan —21 legebiltzarkide lirateke—, eta beharrezko izanen du, gutxienez, beste talde baten abstentzioa. Eredu hori udaletara hedatu nahi du lehendakariak, gainera. Halako formula bat errepikatzea, baina, dirudien baino zailagoa izan daiteke.

PSNren anbizioak konplikatu ditzake negoziazioak. Aurreko legealdian ere gatazka iturri izan zen karguen banaketa desorekatua, PSNk izendatu baitzituen gobernuko kontseilari gehienak. Orain, estrategia horretan sakondu nahi dute sozialistek, are kargu gehiago beretzat hartuz. Argudiatzen dute PSNren eta Geroa Bai-ren arteko aldea handitu dela hauteskunde hauetan —PSNk 11 parlamentari ditu; Geroa Bai-k, zazpi—. Uxue Barkosen taldeak, ordea, ez du halakorik onartu nahi: uste dute, alde batetik, PSNk gehiegizko ordezkaritza izan duela orain arte; eta bestetik, sozialisten itzalean egoteak eragin duela, neurri batean, Geroa Bai-k botoetan behera egin izana.

EH BILDU, KANPOAN
PSNren xantaiari men egin ala eskuinari ateak zabaldu

Orain arteko gobernu formulari eusteko, ezinbestekoa izanen da beste faktore bat ere: EH Bilduren babesa. Geroa Baieta Zurekin Nafarroa prest dira mahaiaren bueltan eseri eta Laura Aznalen taldearen abstentzioa negoziatzeko. PSN ez. Ez, behintzat, beste inon agintea bermatzearen truke. Txibiteren alderdiak beharrezko ditu EH Bilduren edo UPNren botoak, baina ez du ezer eman nahi trukean. Horren ordez, biei eskatu die gaitz txikienaren alde egin dezatela: eman ditzatela botoak musu truk, arerioari bidea ixteko.

«Esparza jaunak nahi badu hurrengo gobernuan EH Bilduk ez eragitea, abstenitu dadila», esan zuen PSNko bozeramaile Ramon Alzorrizek. Koalizio independentistari, berriz, beste horrenbeste eskatu dio Iruñean: aginte makila oparitu diezaiola PSNri, eskuinari atea itxi nahi badio.

IRUÑEKO UDALA
'Balduz formula' errepikatzeko jokaldia

Nafarroako politikagintzan, pisu sinboliko handia du Iruñeko Udalak, eta arreta mediatiko osoa bereganatzen dute alkatea hautatzeko negoziazioek. Horregatik, uste izatekoa da PSOEk ez duela arriskurik hartu nahi izanen, Espainiako Gorteetarako hauteskundeen aurretik. Atzo, agerraldia egin zuen PSNko alkategai Elma Saizek, lehendik ere iragarria zuen asmoa berresteko: bere burua aurkeztuko duela, eta ez diela babes espliziturik emanen ez Cristina Ibarrolari (UPN) ez Joseba Asironi (EH Bildu). Praktikan, baina, horrek ekarriko du alkatetza ematea boto gehien dituen zerrendari: UPNri, alegia.

Duela lau urteko egoera ez errepikatzeko, formula berritu du PSNk, ordea: «Hiruko udal gobernu bat» osatzea proposatu die Geroa Bairi eta Zurekin Nafarroari, hiru alderdi horiek batera «EH Bilduk baino boto gehiago» jaso zituztela argudiatuta.

Saizek eredu gisa aipatu zuen Julian Balduz alkate sozialista. Orain bezala, PSOEk bost zinegotzi lortu zituen 1979ko udal hauteskundeetan ere, eta Balduz Iruñeko alkate izan zen, HBren zazpi zinegotzien eta EAJren bien botoei esker. UCDri eta UPNri bidea ixtea izan zen eledun abertzaleen asmoa. Saizek orain jokaldi hura errepikatu nahi izatea ez dirudi azken orduko ateraldi bat, PSNren zerrendako azken izenari erreparatuz gero: Julian Balduz.

EGUTEGIA
Ordulariaren kontra lasterka


Espainiako Gorteetarako hauteskundeak aurreratu izanaren ondorioz, Nafarroako Gobernuaren eta udalen osaera erlojuaren aurkako lasterketa izanen da. Geroa Bai-k, adibidez, PSN eta EH Bildu premiatu ditu negoziazioei «lehenbailehen» ekitera, «Espainiako kanpainak distortsiorik eragin ez dezan». Gobernuaren kasuan, zaila dirudi uztailaren 23a baino lehen lehendakari bat aukeratzea, ohikoa baita prozesua uda bukaerara arte luzatzea.

Ekainaren 16a da gorriz markatutako lehen eguna, orduan aukeratuko baitute Nafarroako Parlamentuko presidentea. Bozketa horrek balio dezake balizko aliantza berriak ikusteko. Hurrengo egunean, udalak osatuko dira. Zirt edo zart egin beharko du PSNk udal handi askotan, eta horren araberakoa izan daiteke lehendakariaren aukeraketa ere. Abuztuaren 28an amaituko da gobernua osatzeko epea. Inork ez balu gehiengo nahikorik, hauteskundeak errepikatuko lirateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.