Beheranzko joera eten da, eta 48 hildako egon dira azken astean

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Eten egin da koronabirusarekin hildakoen kopuruaren beheranzko joera Hego Euskal Herrian. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, astebetean, martxoaren 22tik 28ra bitartean, Hegoaldean 48 pertsona hil dira COVID-19ak jota, aurreko astean baino hamabost gehiago, eta heriotza horiek batez ere Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erregistratutakoak izan dira. Zehazki, 43 pertsona hil dira eremu horietan, eta gainontzeko bost kasuak Nafarroakoak dira. Martxoko lehen astean jaso zuten azkenekoz horrelako kopuru bat.

Hildakoen kopuruaren goranzkoaren adierazle da positiboen igoera ere. Martxoaren 11n hartu zuen kurbak goranzko joera, eta ordutik ez du norabidea aldatu. 10.845 PCR proba eta antigeno test egin zituzten herenegun Osakidetzako eta Osasunbideko osasun langileek, eta, guztira, 794 positibo atzeman zituzten, aurreko egunean baino 109 gehiago. Kasu horietatik gehienak Bizkaian erregistratu zituzten: 297. Gipuzkoan, 210 izan dira; Nafarroan, 163; eta Araban, 118. Gainontzeko sei kasuak EAEtik kanpo bizi diren herritarren artean atzemandakoak dira, Jaurlaritzaren arabera. Eta positiboen portzentajea, berriz, %7,32 da.

Lurraldeetako intzidentziei erreparatuta, ordea, guztiak ari dira gora egiten, baina Arabak du tasarik handiena. Ostean, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaia daude.

Erietxeetan, 468 pertsona

Hegoaldeko erietxeetako egoerari dagokionez, gobernuek atzo emandako datuen arabera, guztira, 468 pertsona daude ospitaleratuta. Horietatik 364 gela arruntetan daude eta 104 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan. Kopuruak, aurreko egunekoak baino apalagoak dira, hamar ospitaleratu gutxiagorekin, baina ospitaleratuta dauden pertsonen kurbak, oro har, goranzko joerari eusten dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.