Noiz sortua: 2020-04-01 00:30:00

Koronabirusa

Zer egin krisi bati aurre egiteko?

Jaurlaritzako eta Nafarroako lehendakariek, euskal gatazkako indarkeriaz gain, zenbait garai sozial gogor ere bizi izan dituzte 40 urteotan: uholdeak, sute eta istripu larriak, krisi ekonomikoak... Garaikoetxeak, Ardanzak, Lopezek eta Barkosek garrantzia eman diote gertutasuna eta sentsibilitatea izateari, baita neurriak hartzeari ere.

Carlos Garaikoetxea, 1983ko abuztuan, Busturian, uholdeetan.
Carlos Garaikoetxea, 1983ko abuztuan, Busturian, uholdeetan. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Esnaola -

2020ko apirilak 1

Telefonoa hartu duten lehendakari ohiek aitortu dute haien agintaldian izandako krisien aldean beste magnitude batekoa dela koronabirusarena, eta berria erabat. Euskal gatazkaren ondorioetako une lazgarriak ez ezik, haiek izan zituzten krisi sozialak, ekonomikoak... Nola kudeatu zituzten? Horretaz mintzo dira Carlos Garaikoetxea, Jose Antonio Ardanza eta Patxi Lopez Jaurlaritza lehendakari ohiak, eta Uxue Barkos Nafarroako Gobernukoa.

 

CARLOS GARAIKOETXEA Eusko Jaurlaritzako lehendakaria 1980-1985ean

«Uholdeetan, premia bertute bihurtu, eta indartuta atera ginen»

Handiak gertatu zitzaizkion Carlos Garaikoetxeari (Iruñea, 1938) Eusko Jaurlaritzako lehendakari izan zen bost urteetan (1980-1985): Ortuellako ikastetxe bateko leherketa, uholdeak, krisi ekonomikoa, Lemoizko zentral nuklearraren auzia, estatu-kolpe saioa, Oizko hegazkin istripua... «40 urteko diktadura baten ondoren gure herria altxatzen saiatzen hasi ginenean gertatu zen hori guztia. Oso garai gogorrak eta zailak izan ziren», azaldu du Garaikoetxeak.

1980ko apirilean izendatu zuten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gobernuko lehendakari, EAJko kidea zela, eta urte erdi batera bizi izan zuen, euskal gatazkari lotutako indarkeria erasoez aparte, lehen drama sozial handia: urriaren 23an, Ortuellan (Bizkaia), Marcelino Uralde ikastetxe publikoan gas leherketa baten ondorioz, 50 ikasle —haurrak ia guztiak— eta hiru heldu hil ziren. «Une larri bat izan zen 50 hilkutxa zuri txiki haiek ikustea. Sekula ez zait ahaztuko. Orduan ezin duzu gauza handirik egin lehendakari modura. Gertutasuna izan behar da, hori bai». Jaurlaritza utzi baino hiru aste lehenago, beste gertakari larri bat: 1985eko otsailaren 19an hegazkin batek istripua izan zuen Oizen (Bizkaia), eta han zihoazen 148 lagunak zendu egin ziren.

Bi gertakarien tartean, berriz, uholdeak: 1983ko abuztuaren 26an. Zarautzen (Gipuzkoa) zegoen Garaikoetxea orduan, oporretako atzeneko egunetan. Bilbo aldera abiatu zen, eta, alde hartara iristean, jendea ikusi zuen Artxandan gora, «noraezean». Gobernu Zibilaren egoitzan jarri zen lanerako, Bilbon. «Telefono komunikazio linearik ez zen. Handik eta hemendik zetorkigun jendea, panorama beltzaren lekuko». 37 herritar hil ziren, eta ehunka tailer, ostatu eta denda hondatu. «Emakume batek esan zidan bi urteko semea urak kendu ziola eskuetatik. Hitzik gabe geratzen zara horrelakoetan, eta betiko gelditzen zaizu iltzatuta memorian».

Zer egin? «Hura dena garbitu, lehenik. Benetako auzolana egin zen. Jende guztia irten zen kalera, lokatza leporaino zeukala, hura aurrera ateratzeko. Haien lana izan zen azpimarragarriena». Bestalde, ekonomia altxatzeko xedez, ehun neurri baino gehiago hartu zituzten instituzioek, zerga berezi bat ezarri zuten —«ondo hartu zen», dio Garaikoetxeak—... «Premia bertute bihurtu, eta azkenerako indartuta atera ginen».

1980ko hamarkadan Euskal Herrian bazen egiturazko arazo bat: krisi ekonomikoa. Langabezia tasa EAEn %26 ere izan zen; Bizkaian, Ezkerraldean, %37. 1980an, Jaurlaritza berriro abian jartzeko garaian, lehentasun bat zeukan Garaikoetxeak: erkidegoko hiru herrialdeek Ogasun propioa izatea. «Edozer gauza egiteko ardatza zen, eta guztia genuen egiteko». Horrez gain, «hieroglifiko bat» ezarri zuten: I+G+B delakoa —ikerketa, garapena eta berrikuntza—. Politika industrial bat diseinatu nahi zuten. Hartarako guztirako, «zorte on bat» eduki zuen lehendakariak: «Talde profesional bikaina eduki nuen Jaurlaritzan. EAJn afiliatu gabekoak hautatu nituen. Egoerak ez zuen eskatzen ikusmira murritza izatea».

Dena dela, sosak eta bestelako baliabideak erdiesteko Madrilekin «borrokatu» beharra zegoela dio, «eta, politika erreal bat egiteko, jakin behar zen tentuz ibiltzen, berriro diktadura batera itzultzeko arriskua baitzegoen». 1981eko otsaileko estatu-kolpe saioa izan zen seinale bat. «Eta jakin genuen izan zirela beste saiakera batzuk». Hori ez ezik, haren esanetan, autogobernurako kalterako zen ETAren jarduera ere: «Arazo etikoa eta humanoa izateaz gain, politikoki ez zuen batere laguntzen, Madrilek euskal herritarrekiko mesfidantza izatea ahalbidetzen zuelako. Adibidez, Ertzaintza sortzeko unean».

Koronabirusaren krisia desberdina dela adierazi du hark ere, eta uste du Espainiako Gobernuak «oso astiro» erreakzionatu zuela.

JOSE ANTONIO ARDANZA Eusko Jaurlaritzako lehendakaria 1985-1999an

(Jose Antonio Ardanza, 1996ko uztailean, Ajuriaenean, euskal sindikatuekin. FOKU)

«Krisi garaian, gutun denak leitzen nituen, ez galtzeko sentsibilitatea»

EAJ barneko iskanbilan Garaikoetxeak dimisioa eman zuenean, alderdiak Jose Antonio Ardanza (Elorrio, Bizkaia, 1941) jarri zuen Jaurlaritzako lehendakari. «Sasoi hartan, euskal gizarteak lider instituzional indartsuak nahi zituen, eta neu, egia esan, ez nintzen politikari ezagun bat», aitortu du Ardanzak. Gipuzkoako ahaldun nagusia zen, 1983tik. Baina nabarmendu du egoera ez zitzaiola arrotza: Arrasaten (Gipuzkoa) alkate izana zela —euskal kooperatibismoaren bihotzean, alegia—, eta kooperatiba batean aritu zela lanean, abokatu. «Krisi ekonomiko batean ginen eta erabakiak hartu behar ziren. Banuen ezagutzarik».

1985eko martxoan Ajuriaenera iritsi zenean, «egunero» herritarren eskutitzak izan zituen bisitari. «Gutun pila bat heltzen zitzaidan: esaten zuena senarra langabezian zuela urte batzuetan; hogeitaka urteko seme-alabek ez zutela ordura arte lanik aurkitu; semea, kale gorrian zegoela-eta, drogatan sartu zela... Larri zegoen jendea. Gutun denak irakurtzen nituen, sentsibilitatea ez galtzeko». Uste du «desesperazioa» zegoela gizartean, ez zela irtenbide bat ikusten. «Gainera, kalean-eta batzuek zioten hobeto bizi ginela Francorekin. ETAren faktore kaltegarria ere bazegoen, eta euskal ekonomiari ere eragiten zion».

Europa «indartzen» ikusten zuen Ardanzak, eta «Euskadi atzean geratzen; krisi ekonomikoarekin, are atzerago». Horren ondorioa zen EAEko langabezia tasa handia, %30era hurbiltzeraino. «Neurri asko hartzen hasi ginen, ekonomia astiro-astiro hobetzen joateko», azaldu du. «Eremu sozialean ere eman genituen aurrerapausoak, inor ez gelditzeko bazterrean. Adibidez, 1989an martxan jarri genuen diru sarrerak bermatzeko errenta, gero DSBE izena hartu duena». EAJ orduan ere PSErekin zegoen koalizio gobernuan, eta Ardanzak kontatu du sozialistek ez zutela nahi errenta mota hori ezartzerik. «Ez genien kasurik egin, eta esaten genien haien kezka EAJk PSE ezkerretik pasatzea zela». Ekonomia indartzeko hartutako beste neurri batzuk oroitu ditu. «Eta Jaurlaritza propio sartu genuen zorretan. Izan ere, enpresek eta gizarteak laguntzak krisi garaian behar zituzten, orduan. Kitatuko genituen gero zorrak, sasoi hobeetan».

Ardanzak aipatu du euskal jakituriaz baliatzeaz gain kanpora jo zutela, eta Michael Porter estatubatuar ekonomialari ospetsuari eskatutako ekarpenak lagungarri izan zitzaizkiela. Jaurlaritzako kontseilarien lana ere nabarmendu du. «Alderdia barrutik dena puskatuta zegoela iritsi nintzen ni Jaurlaritzara, eta alderdiko zeinengan jarri behar nuen konfiantza? Beraz, neure gobernua egin nuen, benetan ezagutzen nuen jendearekin, eta gehienak ez ziren afiliatuak, baina guztiak, prestigio handiko profesionalak». Esan du urte batzuetara krisi ekonomikoari buelta ematea lortu zutela.

COVID-19a dela eta, lehendakari ohiak «ezin» du eman aholkurik, baina azaldu du ez dela industria ixtearen aldekoa. «Ixtea erraza da; zabaltzea, zailagoa».

PATXI LOPEZ Eusko Jaurlaritzako lehendakaria 2009-2012an

(Patxi Lopez, 2010eko martxoan, Brasilen, euskal enpresariekin egindako bidaian. / JON BERNARDEZ, EFE)

«Enpresak ez ixteko, Jaurlaritza bihurtu zen mailegu ugariren berme»

«30 urtera iritsi zen PSE lehen aldiz lehendakaritzara, baina krisi ekonomiko latz batekin topo egin genuen. Bazterrean utzi behar izan genuen egitasmo ugari». Hala mintzo da Patxi Lopez (Portugalete, Bizkaia, 1959), 2009-2012ko aldiko Jaurlaritzako burua. «Ni lehendakari postura heldu nintzenerako [maiatza], Ibarretxek aurrekontuak onartuak zituen, eta, hauteskundeak martxoaren 1ean izan zirenez, jendeari saltzeko modukoak izan ziren. Baina krisiarekin ez zegoen nahikoa sos». Lehendakari ohiak esan du «ezinbestekoa ez zena kendu» zutela. «Aurrekontuak errealitatera doitu behar ziren, eta krisiari aurre egiteko planak egin genituen».

Ezkerraldekoa da Lopez, eta kontatu du ezagutzen dituela 1980ko hamarkadako eta bere agintaldiko krisiek jotako familiak. «Gogorra da hori, etsigarria». Hari ere heltzen zitzaizkion Ajuriaenera herritarren gutunak. Horrez gain, ordurako baziren sare sozialak, eta arrangura sortzen zion hango giroak. Etorkinen kontrako mezuek ere bai: «Jende batek pentsatzen zuen euskal instituzioek etorkinei etxebizitzak, autoak eta halakoak doan ematen zizkietela. Gezurrak zabaltzen ziren; esaterako, sareetan, eta zaila zen horri buelta ematea. Kalean ere askotan entzuten nituen horrelako aipamenak. Jende asko ari zen sufritzen krisiagatik, herritar asko zegoen lanik gabe, etxebizitzako mailegua ezin ordainduta, gurasoei laguntza eskatu behar... eta askok etorkinak hartu zituzten begitan». Gaur egun bezala, hauen falta sumatu zuen:«Europa sozialago bat, herritarrak gehiago babesteko».

Krisiari aurre egiteko asmoz, egitasmo asko jarri zituen abian Jaurlaritzak, haren esanetan: euskal enpresek «iraun zezaten», ia mila milioi euroko plan bat; elkarrizketa sozialerako mahaia —ELA eta LAB ez ziren joan—; nazioartera bidaiak euskal enpresaburuekin... Jaurlaritza ere «zuzenki busti» zen: «Enpresa askok diru falta zuten, bankuek-eta maileguak emateari utzi zietelako. Aurrezki kutxak eta bankuak bildu genituen, eta Jaurlaritza bihurtu zen mailegu ugariren berme. Enpresak ez ixtea zen helburua. Bermeetan ia sei mila milioira iritsi ginen».

EAEn langabezia estatuko batezbestekoaren —2012an, %26— hamar bat puntu azpitik ibili zen. Lehendakari ohiak nabarmendu du «bikaina» dela euskal langileria; eta euskal enpresaburuen maila ere goretsi du: «Konpromiso handia dute herri honekiko».

Beraz, euskal gatazkako indarkeriaz gain, krisi ekonomikoa izan zuen «buruhauste nagusia» Lopezek. Baina Alakrana Bermeoko (Bizkaia) ontziaren bahiketa ere gogoan dauka. «Benetan gaizki pasatu nuen. Gutxi egin genezakeen guk. Manifestazio eta protesta bakoitzaren ondoren, diru gehiago eskatzen zuten bahitzaileek».

Koronabirusaren krisiak «pelikula bat» ematen duela esan du, eta aipatu «lan zaila» daukatela gobernuburuek. «Gure garaiko krisiaren kasuan, espekulatzaile batzuen ardura zen, baina guztioi eragin zigun. Urkulluri eta Sanchezi ere kanpotik etorri zaie hau dena, eta handia da krisia».

UXUE BARKOS Nafarroako Gobernuko lehendakaria 2015-2019an

(Uxue Barkos, iazko uztailean, Tafalla aldean, uholdeetan, jarduneko lehendakaria zela. / BERRIA)

«Sanferminetako sexu erasoan, eredugarria izan zen erreakzio soziala»

Azken krisi ekonomikoaren «ondorioak» pairatu zituen Uxue Barkosek (Iruñea, 1964) Nafarroako Gobernuko lehendakaritzara heldu zenean, 2015ean. «Uztailaren hirugarren astean hartu nuen kargua, eta abuztuko lehen astean Mikel Aranburu Ogasun sailburuak deitu zidan, ohartarazteko kaxan soilik 50 milioi euro zeudela. Ea horrek zer esan nahi zuen galdetu nion, ez bainekien. Erantzun zidan komeriak izango genituela Nafarroako funtzio publikoko langileen soldatak ordaintzeko». Aurreneko aldia zen abertzale bat jarri zena Nafarroako lehendakari —lauko akordio baten ondorioz—, eta ez zuen estreinaldi gozoa izan Barkosek (Geroa Bai). «Eskerrak gero gauzak konpontzen joan zirela diru sarrera batzuei esker».

Hurrengo udan ere bi abagune konplikatu izan zituen: abuztu amaieran, Nafarroa erdialdeko lurretan herrialdean azkeneko 30 urteetan izandako suterik handiena izan zen. «Hondamendi bat. Pare bat egun gogor pasatu genituen, eta, horrelakoetan, zure eskura dauzkazun baliabideekin ez ezik, beste batzuekin ere jokatu behar duzu, laguntza eskatuta», adierazi du orduko lehendakariak. Hilabete eta erdi lehenago, Iruñeko sanferminetan, gizonezko talde batek emakumezko bat bortxatu zuen. Oihartzun handia izan zuen sexu erasoak. Gizartearen jokabide ona goraipatu du Barkosek: «Haserre handia zegoen, baina eredugarria izan zen erreakzio soziala. Festa aldi batez baztertu, eta modu zibiko batean salatu zuten sexu erasoa. Une berezia izan zen, txalogarria. Esango nuke hasiera haietako ekinbideetan instituzioek ez genuela askorik sartu behar izan».

Iazko udan ere izan zuen Barkosek krisi sozial bat, jarduneko lehendakari zela: Tafalla aldeko eta beste udalerri batzuetako uholdeak, uztailaren 8an. «Batean eta bestean ibili ginen egoera ikusten, jendearekin egoten, eta zenbat negozio hondatuta, zenbat herritarrek galerak... Instituzio gisa, gizarte osoa izan behar duzu kontuan, eta ahalik eta konponbiderik osoenak ematen saiatu. Horretan ahalegindu ginen gu». Gogoan dauka uholdeak gertatu berri eremuko alkateekin egindako bilera: «Mina zuten, eta beldurra. Baita aurrera egiteko grina ere».

2016ko urrian hasi eta agintaldi osoa iraun zion auzi bat ere ez du ahaztu: Altsasukoa. Terrorismoarekin lotu zuen Madrilek, hasieratik. Barkosek oroimenean gordeak dauzka altsasuar gazteen gurasoekin izandako solasaldiak.

Koronabirusa dela eta, esan du Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria lagundu egin behar dela, eta beste instituzioekin lankidetza bilatu, «baina estrategia propioa izanik».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 29an eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan bost pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, hamabi positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta hiru gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.287 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.066 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Arantzazu (Oñati, Gipuzkoa), larunbatean. ©Marisol Ramirez / Foku

Hego Euskal Herria, azken faserako prestatzen

Berria

EAE datorren astelehenean hirugarren fasera pasatzeko eskatuko dio gaur Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak Espainiako Gobernuari, eta Nafarroa «normaltasun berrira iristeko neurriak» onartzeko prest dagoela esan du Maria Txibite presidenteak.

Irakasleak irakasle gelan, Zarauzko Orokieta herri eskolan ©Andoni canellada / foku

Irakasleak ikastetxeetara itzultzen hasi dira, Jaurlaritzak hala aginduta

Irati Urdalleta Lete

Modu progresiboan egingo dute itzulera, eta salbuetsita egongo dira kontziliaziorako arazoak eta osasun arazoak dituztenak

Iñigo Urkullu eta Nekane Murga, goizeko bileran. ©/ Irekia

Ekainaren 8an hirugarren fasera igarotzeko eskatuko du gaur Jaurlaritzak

Jon O. Urain

Nafarroako Gobernuak «oso balorazio positiboa» egin du erkidegoek konfinamendua leuntzeko hirugarren fasea kudeatzeko aukeraz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna