Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna. Testigantzak

«Ez zuen ezezkoa onartu nahi. Eta jarraitu egin zuen»

Emakumeen aurkako askotariko indarkeriak pairatu dituzten bi andrerekin hitz egin du BERRIAk. Haurra zela sexu abusuak jasan zituen emakumea da bat; kide ohiak bortxatu zuen bestea.

BERRIA.
Ion Orzaiz - Berria TB
2021eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Egun batean gelditu ginen, beste egun askotan bezala. Nik momentu horretan lokal bat neukan lagunekin. Bera bazen lagun bat; beste hainbat eduki ditzakedan bezala. Lokalera eraman nuen beste askotan bezala, eta bertan egon ginen. Goxo egoteko momentu bat izan behar zuen. Iritsi zen puntu bat gehiago nahi zuena; aurrerapauso bat eman. Nik momentu horretan, egun horretan, ez neukan gogorik: ez berarekin sexu harremanak edukitzeko, edo koitorik izateko. Laztantzen hasi zitzaidanean eta ikusi nuenean bere nahia zein zen, adierazi nion argi eta garbi nik egun horretan ez nuela nahi. Horretan tematuta zegoen, nahi zuela. Nik ezezkoa esan nion; jarraitu zuen. Berriz esan nion ezetz, ez nuela nahi. Ez hitza behin eta berriz errepikatu nion, eta oso argi. Baina ez zuen ulertu nahi, ez zuen ezezko hori onartu nahi. Eta orduan jarraitu egin zuen. Ikusi nuen ezetzarekin ez zuela funtzionatzen, eta orduan beste bide bat hartu nuen, eta esan nion tripako mina neukala, eta mesedez ez nuela jarraitu nahi. Berari nire tripako minak ez zion axola izan, eta jarraitu zuen niri errepikatzen nahi zuela eta nahi zuela. Eta, jada ezetza askotan esanda, tripako minarena esanda... Hurrengo nire bidea izan zen isilik gelditzea.

Ni momentu horretan hor nengoen, baina ez nengoen. Momentu horretan nire gorputza bai zegoen hor, begiak irekiak nituen, baina nire burua, pentsamenduak, beste nonbait zeuden. Azkarra izatea nahi nuen, toki horretatik joateko.

Hortik aurrera ez nuen ezer jakin nahi pertsona horretaz. Eta orduan harremana moztea erabaki nuen. Pertsona horrek ez zuen errespetatu nire erabakia. Ez zuen harremana moztu nahi. Mugikorretik mezu pila bat bidaltzen hasi zen berriz geratzeko. Nik ezezkoak ematen nizkion. Eta ezezko horiek ez zituen onartzen. Mehatxuak bidaltzen hasi zitzaidan; iraintzen... Gertaera horiek gertatzen ziren momentuan ere kalean ikusten nuen. Eta kalean ikusten nuenean batzuetan niri jarraika hasten zen, eta nik bidea aldatu behar nuen. Edo zerbait egin behar nuen mutila despistatzeko. Nik toki batera joan behar banuen eta pertsona hori jarraika nuela ikusten banuen, beste bide bat hartu behar nuen, edo nolabait egin behar nuen niri ez jarraitzeko. Ez nengoen eroso.

Gau batean, nire lagun batekin etxera bidean nindoala, ni nire etxeko portalera sartu nintzen. Ni, gainera, beti oso azkar sartzen naiz, eta orduan sartu nintzen, eta, argia piztu nuenean, nire zain zegoen pertsona hori. Nik momentuan izugarrizko sustoa hartu nuen; oihu egin nuen. Korrika atera nintzen, eta lagunaren izena oihukatzen hasi nintzen. Momentu horretan negarrez nengoen, izugarrizko sustoarekin; nire atari barruan, nire zain zegoelako. Oso oldarkor jarri zen, eskuak eta besoak altxatuta. Nik momentu batean pentsatzen nuen, ez dakit... Hortik aurrera beti beldurra izan dut nire ezkaratzera sartzeko.

Gertaera horren ondoren, lehenengo gauza, ezkaratzera iritsi, argia piztu, atea ireki, ikusi ez dagoela hor bera, eta eskaileretan gora.

Oraindik, gaur egun, urteak pasatu dira, eta, hala ere, konturatzen naiz nola oraindik, batzuetan, pentsatu gabe, instintiboki, nahiz eta ezkaratz barruan egon, atzera begiratzen dudan, ea norbait sartzen den edo ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.