Koronabirusa

Beste 218 kutsatu zenbatu dira Hego Euskal Herrian, eta 31 lagun ospitaleratu

ZIUetan 67 pertsona dira birusak jota erietxeraturik. Nafarroako Gobernuak heriotza baten berri eman du: 91 urteko emakume bat hil da

COVID-19a detektatzeko test bat, Zarautzen (Gipuzkoa). GORKA RUBIO / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko irailaren 19a
00:00
Entzun
Gorabehera handirik gabe baina bide ona hartuta ari da pandemiaren bilakaera Hego Euskal Herrian. Kutsatzeen datuei so, asteak dira atzemandako kasu kopuruetan ez dela aparteko oldarraldirik, eta, amiltzerik ere ez den arren, intzidentzia apaltzen ari da pixkanaka. Herenegun egindako zenbatekoei dagokienez, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak jakinarazi dute 5.240 proba diagnostiko egin zirela COVID-19a detektatzeko Hego Euskal Herrian, eta, emandako datuen arabera, 218 kutsatu zenbatu zituzten horietan. Positiboen ehunekoa %4,2 izan zen, beraz.

Azken asteotako joerari eutsita, Hegoaldeko herrialdeen artean Bizkaian atzeman zen kasu gehien ostiralean: 106 izan ziren. Halaber, Gipuzkoan 48 kutsatu detektatu zituzten; Araban, 40, eta Nafarroan, berriz, 22 zenbatu zituzten herenegun. Herrialde horien guztien artetik, aipatzekoa da egun bakarrean detektatutako kasu kopuruak Araban izandako gorakada; osasun agintariek atzo jakinarazitako zenbatekoa aurreko egunekoaren bikoitza da.

Begirada egunetik egunera argitaratutako datuetatik aldenduz gero, aise sumatu daiteke transmisioaren leuntze motel baina etenik gabea. Intzidentzia tasa metatuek argiki erakusten dute hori, izan ere, gaur egun tasa 150etik beherakoa da Hegoaldeko herrialde guztietan. Gipuzkoan da handiena: 100.000 biztanleko 139 kasu zenbatu dira azken hamalau egunetan. Bizkaian 133 da tasa, eta Araban 114. Bestalde, aipatzekoa da Nafarroak erdietsitakoa: 100dik beherako tasa du, 99 da. Hain zuzen, Nafarroaren egoerari buruz mintzatu da Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibite. Adierazi du datuek horrela segituz gero neurriak «ahalik gehien» arinduko direla.

Erietxeetan, egonkor

Ospitaleetako egoerari so, azken datuen arabera, beste 31 pertsona sartu dituzte Hegoaldeko erietxeetara birusak jota. Egun, 67 lagun dira ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan sartuta. Halaber, birusarekin eri zen emakumezko bat zendu da Nafarroan; 91 urte zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.