Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Euskal Herriko zeru gainean

2023ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Heriotzak eramandakoak gogoan abesten genuen, gangarra urratu arte, Telesforo Monzonen hura, «izar berri bat piztutzera noa, Euskal Herriko zeru gainean». Eta piztu azkenean!

Egunotan eman da jakitera Astronomiako Nazioarteko Batasunaren erabakia: euskal izenak jarriko zaizkie Gliese 486 izarrari eta haren ondoko planetari. Eta hala, Su deituko da hemendik atzera planeta eta Gar, izarra. Ez zitekeen izen egokiagorik hautatu, adierazi du komunitate zientifikoak. 3.000°C omen ditu Garrek azalean; 430°C Suk.

Hainbeste hizkuntza munduan eta euskarazko bi hitz aukeratu? Abantailarik izan da, itxura. Hizkuntza Indigenen Hamarkadari hasiera emateko, eta UNESCOk hala gomendatuta, hizkuntza gutxituek izan dute lehentasuna deialdi honetako hogei izar-planeta sistema izendatzeko. Noiz zabalduko den leihoa ostera, jakinkizun dago. Enura gabe, ordea, berandu izango da munduan egun diren 7.100 hizkuntzetako askorentzat. Bi astean behin galtzen da horietako bat.

Badut lagun dendari bat, betargi dabilena azkenaldian. Ez omen dakit zenbat Irulegiko esku saltzen dituen, zilarrezkoak. Lauburua ordezkatu omen du Sorionekuak, baita eguzki-lorea ere. Poztekoa da: horra iraganeko hitzak gure orainerako legami. Ikusten dudanean esan behar diot, egoteko gertu Su ta Garrak ere parrastaka saltzeko. Ikusi egiten dut, bi dirdira eder hamaika lepo-paparretan. Horra geroa gure orainerako argi.

Bestea, izendapenak eragin didan aieru beltza, neuretzat gordeko dut. Nori egiten zaio horrelako oparirik? Bi dira aukerak. Edo indarra duzu eta zure beldur dira, edo kondenatua zaude eta paredoi aurreko zigarrotxoa eskaini dizue. «Izar berri bat piztutzera noa»… eta egunerokoan, etxean bertan, hizkuntzarekiko hainbat erabaki epel eta jarrera txepel ikusita, ez dakit bada, bata izanik ez ote dugun sinetsia bestea garela…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.