Santio egunean bete dira 75 urte Alfonso Rodriguez Castelaok Alba de groria hitzaldia eman zuela Buenos Aireseko Teatro Argentinon. Atlantikoaz haraindiko galegoei mintzatu zitzaien azken aldia izan zen. Eri handi zen eta, ordudanik, galegismoari utzitako testamentu gisa gorde da.
Testu argia da, indar ikaragarria duena eta, norberaren luzimendurako baino, komunitatearen iraupenerako dagoena idatzia. Hasiera ederra da oso erbestean dagoenarentzat: «Gaur egunsentian gure herriaren gainean hegan egiterik bagenu...». Herriminez jotako testua, gaitza sendatzeko beste erremediorik ez duena iraganera jo eta etorkizuna irudikatzea baino. Hala dakar mintzora, aurrez Faraldo Asoreyk, Turnesek, Pintos Villarrek, Posadak, Garcia Ferreirok, De la Iglesiak eta, nola ez, Otero Pedrayok eta Rosalia de Castrok ekindako bidetik, galego ospetsuen zerrenda, Santa Compaña bihurturik. Eta hala dabiltza, bizidunentzat argi emaile, frankismopeko gauean batetik bestera, bideetan barrena santu heretikoak, errege zaharrak, trobadore lizunak, saiogile humanistak, poeta suharrak, nobelagile ekinak, avant la letreko feministak eta diktadurak fusilaturiko abertzaleak.
Santio egunean entzun nion Martxelo Otamendiri, Compostelan bertan, badagoela artegatzen duen zerbait: euskaldunak, ikusita nola hartzen gaituzten kanpoan, ez garela aski esker oneko; alegia, susmoa duela kanpora ateratzen garenean zerbaiten ordezkari, gehiago jasotzen dugula ematen duguna baino. Primeran ulertu nion. Badira urteak Galizia aterea dugula etorkizuneko errepublika askeen imajinariotik. Ez gu bezain indartsu, ez gu bezain moderno, onerako zein txarrerako erraz folklorizatu dugun herria, nolanahi ere. Bidaide baldarrak, kuadrillan inork nahi ez dituen lagun trabakoak.
Eta gaur, amets egiten dut neuk ere, zer ginatekeen, garai haietan, Castelaoren eta Rosaliaren neurriko jendea izan bagenu...

LARREPETIT
Egunsenti argitsua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu