Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Iraila

2023ko irailaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Oroitzapen hostoak dakartza irailak. Gaur 87 urte, Gipuzkoako kanpaina betean, OrmaiztegietaGabiria hartu zituzten erreketeek.Biharko egunez, Ordizian kokatu zuten aginte-postua. 19an, Beloki eta Mandubi gaina zituzten mendean. Irailaren 20an, Zumarraga-Urretxuetan sartu ziren eta, bestaldetik, Azpeitian eta Azkoitian.

Azpeitian, jeltzaleen erreferentzia intelektualetako bat zena, Jose Artetxe idazlea, herrian geratu zen. Erlijioa zama, erabakia zuen besteetara pasatzea. Bizkaia hartzeko borroketara bidali zuten. Iñaki Azpiazu apaiza ere, jakinagatik bere izena fusilatzekoen artean zegoela, hegabera elurretan bezala geratu zen. Preso hartu zuten, baina abagunea aprobetxatuta, Frantziara hegaldatu zen, eta Argentinara gero.

Azkoitian, Nemesio Otaño jesuitak pozak txoratzen hartu zituen Tercio Lacarrekoak. Gerora,«gorrien artean» igarotako bi hilabeteetan zeinen larri ibili zen kontatuko zion Manuel de Falla adiskideari. Berehala heldu zitzaion agindua, erregezaleen Marcha granadera Espainiako himno bihurtzeko. Diktadoreak mira eginda, Franco! Franco! pieza sortu zuen. Ez zen edonor Otaño, bere gain utzi zen Erregimen berriaren harmoniazioa. Berea da Radio Nacional de Españak 1939tik 1977 arte egunero aireratu zuen La Generala sintonia. Gizon konprometitua, jantzia, erne beti kanpotik zetozkeen doinu gaiztoen aurrean. Jazz musikaz, jakinarazpena jende zintzoari, berak zuzentzen zuen Ritmo aldizkaritik: «musika dekadente, negroide eta basa da».

Urtero sasoi honetan, gizonez beteriko oroitzapen hostoak dakarzkit irailak. Biziko balitz, basoerdi bana ordainduko zien aitak lagunei, semearen urtebetetzea ospatzeko. Ez egunean bertan, hurrengoan baizik, herrian liberazio eguna zelebratzen zutenekin bat ez egiteko.

Nemesio Otañok kalea du jaioterrian, frankistaz gain, musikari handia baitzen. Eta San Inazioren martxaren egilea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.