LEKU-LEKUTAN

Turingia

urtzirrutikoetxea
2020ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Ostegunean 75 urte beteko dira britainiarrek eta estatubatuarrek Dresden bonbardatu zutela. Gerra amaitzear zen, sobietarrak Berlingo atarian ziren eta erasoetan dozenaka mila zibil hil zituzten, Europako hiririk ederrenetakoa —Elbako Florentzia— suntsitzeaz gain. Eskuin muturrak Dresdengo bonbardaketa erabili izan du ura bere errotara eroateko. Saxoniako hiriburuan sortu zen Pegida mugimendu arrazista, eta asteroko protestekin jarraitzen dute. Eskuin muturrak botoen laurdena baino gehiago ditu; hiriak nazi larrialdia ezarri zuen iazko azaroan, ezkerreko alderdi baten proposamenez.

Badira urte batzuk handik ibili nintzela, eslaviar sorabiarrekin erreportajeak egiten, esaterako.Saxoniatik pasatu nintzen duela urte batzuk ere, Turingiara bidean, karanbola arraro samar batengatik. Apirilaren 26a zen, eta Berlingo Guernicaplatz-i buruzko erreportajea egin genuen bonbardaketaren urteurrenean. Spanische Allee-ren erdian dago plaza. Francoren alde borrokatu ziren tropa naziak Berlinera itzuli zirenean eman zioten Espainiako etorbidearen izena. Egun handia izan ei zen: jai izan zuten eskoletan eta Adolf Hitlerrek berak egin zien harrera 15.000 soldadu haiei Brandenburgoko atean. Han zen Kondor Legioa ere, noski. Udaren ataria zen, eta hiru hil baino gutxiago falta ziren Poloniaren inbasiorako.

Gerra ostean, desnazifikazio prozesu sakona egin zuten sobietarrek euren menpeko lurraldeetan; mendebaldean kosmetikoagoa izan zen dena, baina adostasun erabatekoa egon da 75 urtez eskuin muturraren aurka. Faxismoa ez da lege hutsez desagertzen, horratik. Berlingo Harresiaren erorketak ehunka eraso, hilketa arrazista eta talde neonazi sortzea ekarri zuen, Dresdenen eta beste hainbat hiritan. Eskuin muturrak boto ugari lortu izan ditu ekialdeko länder-etan. Baina mendebaldean luzaroan ia botorik ez zeukan ezker sozialistak ere jarraitzaile asko izan ditu Errepublika Demokratiko ohiko lurraldean; estatu autoritarioa zen, bai, baina erabateko babes soziala izateaz gain, kultura eta artea herritar guztientzat zeuden eskuragarri. Garaiko Ekialdeko Alemaniako alderdi agintariaren oinordeko zen PDS hura Die Linke edo Ezkerra bihurtu zen 2007an. Badaramatza dozena bat urte mendebaldeko erakundeetan ordezkariak lortzen, eta Bremenen, esaterako, koalizio-gobernuan dago.

Iparraldeko hiri handi eta aurrerakoietatik urrun dirudi Turingiak. Alemaniaren bihotz berdea deitu izan zaio, basoek estaltzen dutelako lurraldearen zati handi bat. Erfurt hiriburuan egin behar izan nuen lan Berlinen Gernikako urteurrenaren albistea egin eta segidan. 500 urte lehenago hiri eder horretan ibili zen ikasle Erasmo Rotterdamgoa, eta han ordenatu zen apaiz Erreforma protestantearen buru egongo zen teologoa. Bost mende geroago, 2014an, Erfurten lortu zuen Ezkerrak lehen aldiz Alemaniako länder bateko buruzagitza. Angela Merkelen CDUren atzetik gelditu arren bozetan, sozialdemokrata eta berdeekin egindako itunari esker Bodo Ramelow sozialista izan da Turingiako presidente. Tamalez, AfD Alemaniaren aldeko Alternatibako eskuin muturrak ere hamaika ordezkari lortu zituen orduan.

Iazko urrian berritu zuten Turingiako Legebiltzarra, eta herrialde guztian —Europa osoan— gertatzen ari den lurrikara instituzionalari Alemania ekialdeko bereizgarria erantsi zitzaion: alderdi tradizionalek jipoi itzela jaso zuten, Angela Merkelen CDU lehen lekutik hirugarrenera pasatu zen, ordura arteko 34 aulkietatik 13 galduta. AfD Alemaniarentzako Alternatibako eskuin muturra kristau-demokraten aurretik gelditu zen, aulki bakar baten aldearekin. Baina hauteskundeetako irabazlea Ezkerra izan zen. Lehen alderdia ziren, nahiz eta ordura arteko bazkideek jasandako porrotak konplikatu egiten zuen gobernagarritasuna: 44 aulki zituen koalizioa berrituta, gehiengo osoa baino bat gutxiago. Eta hara non, eskuin demokratikoak memoriari uko egin, eta 45 diputaturen babesa lortu zuten bozetan botoen %5 baino lortu ez zuten liberalek boterea lortzeko. Horretarako, baina AfDren botoak behar izan zituzten: lehen aldiz gerratik, eskuin muturrarekin akordioa egin zuten. Protestak piztu ziren Turingian, Ezkerretik presidente berriari eskua emateari ere uko egin zioten.

«Barkaezina da eta atzera egin behar da. Egun txarra izan da demokraziarentzat». Angela Merkelek ahobizarrik gabe gaitzetsi zuen Turingia länder-ean asteazkenean eratutako gobernua. Eta biharamunean, 24 orduko agintaldia doi-doi eginda, liberalek botereari uko egin eta hauteskundeak iragarri zituzten, egindakoaz jabetuta eta kantzilerraren beraren presioei men eginda.

Kristau-demokrata zein kontserbadore deitu, politika ekonomiko bat edo beste bultzatu, babes sozialaren eta zergen ikuspegi desberdinak izanda ere, memoria antifaxista ezinbestekoa da, botere goseak itsututa faxistengana hurbiltzeko tentazioa dagoenean, batez ere. Eskuin muturrari «osasun-langa» edo babes-hesia jarrita soilik ez dira faxistak geldiaraziko, baina hori pitzatzen bada, faxismoak oso garaipen arriskutsua lor dezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.