Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Apaiz onak

2023ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Futbol entrenatzaileen antzera, politikariak kargurako fitxatzen direla gaztigatu dit lagunak. Profesionalizatzearen ondorioa omen.

Datozen udal eta foru hauteskundeetarako azaleratzen hasiak diren izenek eman digute hizpidea. Nola litekeen Gipuzkoako ahaldun nagusitarako aurkeztu Bizkaian bizi izanda. Hari beretik tiraka, aise etorri da parrastan izen gehiago: Beatriz Artolazabal, Gasteizko alkategaia, Arratzua-Ubarrundian dago erroldatua. Eta Zizur Nagusian Iruñeko udalerako berriro aurkezten den Joseba Asiron, Jose Maria Gorordo Plentzian egon zen bezalaxe Bilboko alkate izan zenean. Erasoa hortik datorkionean, aspalditik du gertu erantzuna Eneko Goiak: «Donostiarra naiz sortzez eta bihotzez. Hirirako bizi naiz. Aiara lotara bakarrik noa».

Badu aski ertz auziak: zer autoritate moral du agintari batek berari eragingo ez dion araudia bultzatu eta onartarazteko? Alegia, izan liteke politikari bat berak bete edota pairatu beharrik izango ez duen lege, ebazpen eta diskurtsoen saltzaile? Irri gaiztoz, berriz ekin dio lagunak: ez da moral kontua. Eraginkorra izan beharra dago, hori eskatzen zaio entrenatzaileari. Azken beltzean, elizako jendearekin bezala gertatzen da. Gauza bat zerurakoak erakustea da eta beste bat norberak betetzea besteri agindutako hori. Horixe da gutxienekoa. Muturreko adibideekin loratu du esana. Gaitarako dabil: eta benetan, apaiz onak zinez dira estimatuak.

Honetaz jabetuta, Napoleon Bonapartek auzia nola konpondu zuen kontatzen du Chateubriandek bere memorietan. 1768an sortua zen Bonaparte, Ajaccion. Boterera heldu eta batera, jaiotza agiria faltsutzea izan zen egin zuen aurrenetako gauza. Ez, ordea, gazteagotzat har zezaten entrenamenduetan. Frantsesetan frantsesena munduratu zelarik, Korsika ez zegoen Frantziaren mendean, Genoako Errepublikaren parte zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.