Albistea entzun

LARREPETIT

Haginen mintzoa

Iñigo Aranbarri -

2023ko martxoak 19

Ez omen diote gezurrik hortz-haginek. Traumatismoak, gaitzak, malnutrizioa... horra agerian bizialdiko arrasto guztiak hil eta gerora ere.

Europako 139 aztarnategitan aurkitutako 10.000 pertsonaren laginak erabili dira ikerketa egiteko. Hezurren batez besteko adina, mila urtekoa. Hasi dira xehe aztertzen eta ezustekorik ez: emakumeen hortz-haginak askoz egoera okerragoan daude gizonezkoenak baino. Hotz eta motz esanda, lehentasuna izan zuten azken hauek nola zaintzan hala elikagaien banaketan. Ondorio horretara heldu dira Missouriko Washington University in St. Louiseko adituek.

Hain urrutira gabe, Urduñako hilerrian berriki agertutako 53 hilotzen hezurrez aritu zaigu Josetxo gelan. 1939tik 1941era herriko kartzelan hildakoak dira guztiak. Ikaskideen aurreko mintza saioa egiteko, pasioa bilakatua duen boluntariotza zertan datzan azaltzea aukeratu du. Denetik egin du Aranzadin gazterik hasi zenetik. Orain, aspaldi hartua erretiroa, astean behin joaten da egoitzara hezurrak garbitzera. Hala jakin dugu Extremadurakoak zirela Urduñako gehienak, eta gaixorik hil zirela, preso zituztenek zaindu ez zituztelako. Begiak ñir-ñir mintzo da Josetxo: oso pobreak ziren guztiak. Eta nola dakigu? Isiltasuna nagusitu da gelan. Irribarre goibela loratu zaio. Hezurrak mintzo zaizkigulako: gazteak izanagatik, askok eta askok ez dute hortz-haginik. Ezta bakar bat ere.

Kantua maite duenak ez du bazter uzteko Etxahun Irurik De Treville pastoralerako ondu hura: «Hori bera da denen ixtoria / Heriuak bardintzen handi txipiak, / Zeren ilüsione bat bera da / Lürren gañeko gure pasajia». Eta egia bada ere Heriok berdintzen dituela batzuk eta besteak, ez genuke ustezko igualitarismoan errenditu behar. Errimeak dira: Lurraren gaineko gure bizialdiak gutxi du ilusionetik hortz-haginek zer salatua duten artean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...