Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Urrun

2023ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Bukatu da, omen. Duela 34 urte pentsatu, adostu eta abiarazia, izan ditu aldeko amorratuak, eta ez gutxi. Kontrakoak izan dituen bezalaxe, areago, estrategia politikoaz harantz, senideak izan direnean xake taulako biktima berriak. Hamasei izan dira trafiko istripuetan hil direnak. Ehunka zaurituak. Ezin esan ahala egoera bihotz-erdiragarriak. Nekez da, baina, adostasunik lortzen besteren sufrimendua dagoenean tarteko.

Bada, baina, aski aipatzen ez den alderdi bat, Historiaren muinean barneratzen dituena sustraiak. Izan ere, zer behar du estatu batek preso hartutako arerioa etxetik urrun izateko? Dudarik gabe, estrategia bat. Baina alferrik izango du onena jendea nora aldaratu ez badu. Lurra behar duela, alegia; eta Orixek Orexaz zioen, «munduaren ipurdian».

Britainiarrak XVIII. mendean Australian auzotu zirenean, kolonia penal gisa kudeatu zuten uhartea. 80 urtean, 165.000 gatibu lekutu zituzten bertara. Portugalek, berriz, Cabo VerdekoTarrafaleko kontzentrazio esparrua erabili zuen horretarako, preso antifaxista portugesak biltzeko aurrena eta Angola, Ginea Bissau eta Cabo Verdeko independentistak zuloratzeko gero. Napoleon III.ak Guyana Frantsesean aurkitu zuen soluzioa. Deabruaren Uhartekoen bizikizunek, Papillon dela buru, azpisaila osatu dute frantses literaturan. Horra estatu kolonialistak izateak ematen duen ikuspegi geopolitikoa.

Deportazioa ez zaio arrotz Espainiako hiztegi politikoari. 1766ko matxinadan Azkoitia-Azpeitietan atxilotutako asko eta asko Oran eta Ceutako espetxeetara bidali zituzten. Ez ziren inoiz itzuli. Ia bi mende eta erdi ondoren, Ceuta, Melilla eta Kanaria Handiraino joan behar izaten zuten euskal presoen senideek 40 minutuko bisitaren truke.

Orain alferrik da, ordea, dena bestela izan zitekeela pentsatzea. Muin-muinerako sartutako jokaerak dira, edonor delarik bestea, egoeraren arabera azalera ateratzen direnak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.