Parisko Hitzarmenak bost urte

Bai baitago zer eginik

Euskal Herriko hainbat talde eta kolektibo ekologistarentzat, akordioan jasotakoa ez da nahikoa klima larrialdiari aurre egiteko. Erronka horri heltzeko orduan, uste dute Euskal Herriko instituzio eta enpresa handiek iraganeko inertziei jarraitzen dietela oro har. «Kapitalismo berdea» kritikatu dute, eta kontzientziatzera deitu.
<b>Mobilizazioak.</b> Iazko irailaren 27an, klima larrialdiak kalera atera zituen munduko ikasleak eta gazteak. Argazkian, Bilbon.
Mobilizazioak. Iazko irailaren 27an, klima larrialdiak kalera atera zituen munduko ikasleak eta gazteak. Argazkian, Bilbon. LUIS JAUREGILATZO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Igor Susaeta -

2020ko abenduak 27

Erreportaje hau osatzeko, Euskal Herriaren luze-zabaleko sei talde edo kolektibo ekologistaren ordezkariekin hitz egin du BERRIAk: Berrizturekin (Araba), Sukar Horiarekin (Bizkaia), Larreko Mahaiarekin (Gipuzkoa), Sustrai Erakuntzarekin (Nafarroa), Bizirekin (Ipar Euskal Herria), eta Bilboko Fridays For Futurerekin (Bizkaia).

1. Bost urte pasatu dira Parisko Hitzarmena sinatu zutenetik. Zer balantze egiten duzu?

2. Mobilizazioak bizkortu egin dira klima larrialdiaren harira. Zer garrantzi dauka gizartea kontzientziatzeak eta mobilizatzeak?

3. Zein da egoera Euskal Herrian? Nahikoa egiten ari al gara egoerari aurre egiteko?

AITOR LOPEZ Berriztu

«Duela urte asko lantzen zen lerro antikapitalista hura indarra galduz doa»

1. «2015eko Parisko Hitzarmenean ikusi genuen nola hainbat herrialdek akordio bat sinatu zuten, zeinean esaten zuten 2020. urtetik aurrera gutxitu egin behar zirela CO2 isurketak. Alde batetik, berotegi efektua geldiarazteko; bestetik, lurraren tenperatura bi gradu baino gehiago ez igotzeko.

Hitzarmen hori iruzur moduan bizi izan dugu. CO2 isurketak geldiarazteko, erregai fosilen kontsumoaren eta ustiaketaren inguruan hitz egin beharko litzateke, eta horren inguruan politika zurrunagoak egin. Gaur egun, erregai fosilak gure bizimoduaren eta sistema energetikoaren oinarri dira, eta oligopolioen bidez kontrolatuta daude. Hortaz, halako itun bat sinatzeko orduan, eta trantsizio energetiko bat egin nahi bada, kontuan hartu behar da eragina izan behar duela merkatu globalean, enpresen ekoizpen sistemetan, kontsumoan orokorrean eta bestetan, eta aldaketa sakonak egin behar direla».

2. «Egia da azkeneko bost urte hauetan klima aldaketaren inguruko diskurtsoa zabaldu egin dela, eta gaur egun hedabideen ahotan gaia ikusi eta entzun dezakegula. Gainera, Greta Thunbergen eta beste mugimendu ekologisten fenomenoak izan ditugu, zeintzuek gazte asko mobilizatu dituzten. Horrela, klima larrialdia eta halako kontzeptuak barneratu egin dira, eta ekologismoaren mezua pertsona gehiagori iristen zaio. Hala ere, beldurgarria da klima larrialdiaren kontzeptu berri honek ekologismo faltsu batera bideratzen gaituela zentzu askotan. Enpresa eta gobernu askok bereganatu egin dute hizkuntza hori, eta ekologismo berdearen aferetera eramaten dute. Horren ondorioz, duela urte asko lantzen ari zen lerro antikapitalista hura indarra galduz doa».

3. «Euskal Herrian, historikoki, beti egon da herriaren erantzun bat lurra suntsitzen zuten proiektuen aurka (AHT, Garoña, frackinga...). Hortaz, oro har, gizarteak argi dauka zer ez duen nahi, eta horregatik uste dugu zer-nolako alternatibak geratzen zaizkigun hausnartzea dela hurrengo erronka».

ANDER ROJO Sukar Horia

«Parisko Hitzarmenak ez zituen jaso behar beste helburu eta neurri»

1. «Bost urte gehiago galdu dira. Parisko Hitzarmenak, bere horretan, ez zituen jasotzen behar beste helburu eta neurri klima larrialdiari erantzuteko. Gainera, gutxieneko akordio hori ere ez da betetzen ari, interes ekonomiko boteretsuak kontrako bidean bultzatzen baitabiltza, eta egitura politikoek haien esanetara gobernatzen jarraitzen baitute».

2. «Gizartean, orokorrean, badago larrialdiaren kontzientzia, baina mobilizatzea falta da. Etorkizunean, nahi ala ez, energia eta material gutxiagorekin bizi beharko dugu. Testuinguru horretan, mobilizazio soziala ezinbestekoa da baliabideak gizalegez banatzeko. Bestela, gehienok asko galdu beharko dugu, gutxi batzuek ezer galdu ez dezaten. Aberatsak ondo antolatuta daude metaketaren logikari eusteko».

3. «EAEn, berotegi gasen per capita isurketak Europako Batasuneko batezbestekoa baino handiagoak dira. Eta irtenbideak bilatu beharrean, politika publikoak haize kontra egin nahian dabiltza; etorkizuneko erronkek baino gehiago, iraganeko inertziek gidatzen dute Jaurlaritzaren eta enpresa handien jarduna: Supersur handitzea, Bilboko itsasadar azpiko autobidea, erraustegiak, AHTa, gas hobiak, auto pribatuak erosteko diru laguntzak, etxebizitza politiken espekulatiboa...

Nafarroako eta Iparraldeko errealitateak ez ditut hain ondo ezagutzen, baina antzeko bidetik doazela dirudi».

JUANMI GALATAS Larreko Mahaia

«Gizartearen gehiengo zabala ez da jabetzen zer datorkigun gainera»

1. «Seguruenik, duela bost urte Parisen sinatutako hitzarmena ez zen nahikoa klima larrialdiari erantzun egokia emateko. Han esaten zena, planetaren tenperatura soilik bi gradu igotzearena, ez zen helburu zuzena; zenbait zientzialarik azken muga 1,5 graduan jartzen dute. Hala ere, Parisko Hitzarmena ez da inondik inora betetzen ari; planeta mailan, isurketak handitzen jarraitzen dute, eta ez du aldatzeko itxurarik: hitz asko, eta neurririk ez. Teknologiak salbatuko gaituela sinetsarazi nahi digute, baina inork ez du desazkundea aipatu nahi. Teknologiari esker, auto bakoitzak erdia kutsatzen du, baina auto kopurua laukoiztu bada, kontrako bidean goaz. Ez gaude prest kontsumoa murrizteko eta hori gizarteratzeaz oso ondo arduratzen dira maila guztietako agintariak. Hemen barne produktu gordinak du garrantzia; gainontzekoa bost axola».

2. «Batez ere gazteek hartu behar dute borroka honen gidaritza. Gazteei geratuko zaien planetaz ari gara. Izugarrizko lana dago jendea kontzientziatzen; gizartearen gehiengo zabala ez da jabetzen oraindik zer datorkigun gainera, edo okerragoa, ez du jabetu nahi: gaurkoa eta hemengoa bizi, eta hor konpon besteak. Gai honi dagokiolarik, oso egoista eta insolidarioak gara. Mobilizazioak garrantzitsuak dira, baina askoz zabalagoak, gogorragoak izatea lortu behar da, eta jarraitutasun handiagoa behar dute; bestela, jai».

3. «Euskal Herrian, Mendebalde osoan bezala, itxurakeria besterik ez gara egiten ari. Gure agintariek kosta ahala kosta mantendu nahi dute garapena, jasangarritasuna ahaztuta. Adibideak ugariak dira: erraustegiak, metroa, Supersur... Eta saltzen digute Euskal Herrian CO2 emisioak gutxitu direla, ibaien osasuna ona dela eta abar, industria kutsatzaileak Asia, Afrika, Hego Amerikara bidali direlako. Baina han kutsadura sortu eta langileak esplotatu ondoren hemen kontsumitzen ditugun auto, ordenagailu, arroparen erantzuleak geu gara».

MIKEL SARALEGI Sustrai Erakuntza

«Kapitalismo berdea betikoen onurak babesten segitzeko modu bat da»

1. «Parisko Hitzarmena berandu iritsi zen, erregai fosilei lotutako botereen presioagatik. Eta akordioa ahul jaio zen: tenperaturaren igoera bi gradutik behera mantentzeko ahaleginarekin, 1,5 gradu ez gainditzeko ahaleginak eginez, baina moduak eta epeak adierazi gabe. Emaitza ezin txarragoa da: tenperaturak, berotegi gasen isurketek, izotzaren galerak gora egiten jarraitzen dute. Eta, horrekin batera, milioika pertsonaren bizi baldintzak okertzen ari dira planetan zehar. Egoera honetara ekarri gaituen ekoizpen, banaketa eta kontsumo ereduari eusten zaio».

2. «Zoritxarrez, ez gaude mobilizazioen gorakadan. Multinazionalak eta gobernuak ari dira erritmoa markatzen. COVID 19aren pandemia aprobetxatzen ari dira okerreko norabidean jarraitzeko. Kapitalismo berdea betikoen onurak babesten jarraitzeko modu bat da, jasangarriak eta antisozialak ez diren moldaketak eta proiektuak inposatzeko modu bat, autoritarismoarekin eta kontrol sozial gero eta handiagoarekin. Behetik mobilizatu eta matxinatu behar dugu suntsipen ekologiko eta sozialari aurre egiteko. Eta ez da erraza izango, gure gizarteen oinarriak zalantzan jartzen dituzten bide ezezagunak zeharkatzea baita helburua: energia, mineral eta materialen ekoizpena eta kontsumoa nabarmen murriztea; oinarrizko baliabideen jabetza sozializatua, berdintasunezko ondasunen banaketa».

3. «Nafarroan, urtetik urtera, gora egiten jarraitzen dute berotegi gasen isurketek. Hauxe da gure ekarpen solidarioa klima aldaketaren aurkako borrokan. Politikoki, seinaleak ez dira oso itxaropentsuak. Bi adibide. Alde batetik, Madrilen eta Nafarroan onartutako aurrekontuek eta berreraikitze funtsek iragarritako proiektuek makroazpiegituretan pentsatzen dute oraindik ere —AHTa, hondakin plantak, kanala, ibilgailu pribatuen sustapena, agroindustria, eguzki poligono eta eolikoak, hidrogeno berdea—. Bestetik, Nafarroako Parlamentuan sartuko den klima aldaketari buruzko legea: egungo sistema zalantzan jartzen ez duena, eta eztabaida soziala ukatuz onartuko dena. Bada zer egiterik egoeraren larritasunaz jabetu, kapitalismo berdea auzitan jarri eta bide berriak jorratzeko».

IMANOL HARIÑORDOKI Bizi

«Tokiko maila eskuragarria eta eraginkorra da ekiteko prest direnentzat»

1. «Bost urte hauetan, gobernuen ekintzarik ezak klima erronka are handiagoa bila-katu du. Klimaren krisiaren eraginak gero eta usuagoak, bortitzagoak eta hiltzaileagoak dira. Trantsizio ekologikoa emeki- egi joan da Parisko Hitzarmenaren helburuak betetzeko. Alta, berotze globala 1,5 gradura mugatzea ezinbestekoa da herritarren eskubideak errespetatzeko —osasuna, enplegu duin eta egonkorra, elikadura sano eta iraunkorra—; aldi berean, ekosistemak babesteko eta justizia klimatikoaren alde egiteko».

2. «Herritarren mobilizazioak eginkizun bikoitza izan dezake: lehenik, herri mailako indar harremana eraikiz, erabakitzaile politiko eta ekonomikoak hertsa ditzake, zerbait egitera behartzeko eta garaipenak lortzeko.

Baina ezin dugu beha egon erabakitzaileek zerbait egin arte. Tokian tokiko erresistentzia egin behar dugu klimari kalte egiten dioten proiektuak eragozteko; eta gure lurraldeak aldatu behar ditugu, gizarte ez hain kutsatzaile, justuago, solidario, kooperatibo eta laketago baten bidea erakusten duten alternatibak modu masiboan garatuz.

Gehiengo politiko demokratikoa eraiki behar dugu, gure helburua den aldaketak biztanleria osoa inplikatu behar duelako eta iraunkorra izan behar duelako».

3. «Argi da Euskal Herrian ere ez garela aski egiten ari. Alta, herriko etxe, hirigune elkargo, autonomia erkidego eta foru erkidegoek baliabideak badituzte zerbait egiteko. Tokiko maila eskuragarria eta eraginkorra da ekiteko prest diren herritarrentzat. Ipar Euskal Herrian, 46 herriko etxe engaiatu dira, Bizik proposatu itunaren bidez, lurraldearen metamorfosi ekologikoaren alde ekitera. Ez da nahikoa, baina guziak —ez bakarrik sinatu dutenak— engaiatuko balira, eragin handia ukanen luke, hemen eta orain».

AIORA AGIRRE Bilboko Fridays For Future

«Aldaketa lortzeko modurik onena gizartera heltzea da»

1. «Orokorrean, egoera nahiko txarto ikusten dut. Jada bost urte pasatu dira hitzarmena sinatu zenetik, eta oraindik ez dira neurriak hartu larrialdi klimatikoari aurre egiteko. Eta, tamalez, gauzak okerrera joango diren beldur naiz».

2. «Gure aldarrikapenak politikariei eta goi kargudunei daude zuzenduta, orokorrean. Krisiari aurre egiteko neurriak eskatzen ditugu, eta, adibidez, aurreko urtean, beste hainbat mugimendu eta elkarterekin batera, Bilbon eta beste herri batzuetan larrialdi klimatikoa aldarrikatzea lortu genuen. Ordutik, udalek ez dute ezer egin, eta badirudi ezer ez egiteko asmoa dutela.

Nahiz eta zinegotziekin hitz egin, argi dago ez zaiela interesatzen aldaketan parte hartzea eta laguntzea. Klima larrialdia aldarrikatu zenean, gurekin argazkia atera eta urteko ekintza ekologista egin zutela zirudien. Akatsetatik ikasten da, eta guk argi daukagu politikarien interes bakarra gizartearen aurrean itxura ona edukitzea dela. Horregatik, ikasi dugu aldaketa lortzeko modurik onena gizartera heltzea dela. Herria altxatzen denean, politikarien eta komunikabideen interesa erakartzen da, eta hori aprobetxatu nahi dugu gobernuetara iristeko».

3. «Ezin dezaket esan gauzak ondo daudenik, ezta kili-kolo ere. Gauzak txarto daude, baina nahiago izaten dugu begiak zapi batekin estali. Zaldibarko hondamendia, Supersurren hedapena, AHTa, Subillako gas hobiak... Badirudi atzerapausoak ematen gabiltzala.

Ez dut katastrofista izan nahi, oraindik hobetzeko denbora daukagu eta, baina denbora tarte hori geroz eta laburragoa da, eta zenbat eta gehiago itxaron, orduan eta kalte gehiago sortuko ditu aldaketa klimatikoak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Bilboko Udaletxea, artxiboko irudi batean ©Luis Tejido/ Efe

Bilbo eta beste hemeretzi udalerri itxiko dituzte bihar

Berria

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hogei herrik dute azkeneko hamalau egunetan 100.000 biztanleko 500 kasu baino gehiago, eta itxi egingo dituzte bihar. Ostalaritza ere itxi egingo dute herri horietan. Tartean dira Bilbo, Elorrio, Azpeitia, Pasaia, Zumarraga eta Legutio. Soilik Deba aterako da eremu gorritik.

"Jotzera egingo dugu tiro"

«Jotzeko egingo dugu tiro»

Edu Lartzanguren - Maider Galardi F. Agirre

Donostiako lau gazte atxilotu zituzten atzoko istiluetan, eta Ertzaintzak ez du baztertzen gehiago atxilotzea. Bideo bat zabaldu da sare sozialetan: ertzain batek agintzen du «jotzeko tiro» egiteko. Bederatzi zauritu daudela esan du Segurtasun Sailak.

Baheketak Durangon (Bizkaia), artxiboko irudi batean. ©Marisol Ramirez, FOKU

1.346 kasu positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Uxue Rey Gorraiz

Osakidetzak eta Osasunbideak ia 17.000 test egin zituzten atzo, eta horien %8k eman dute positibo: 1.346k. Laugarren egunez jarraian, handitu egin da egun bakarrean zenbatutako positibo kopurua. 121 lagun daude Hegoaldeko ZIUetan.

Josu Zubiaga Eusko Jaurlaritzao Segurtasun sailburuordea ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Zubiagak dio prozeduraren parte dela pertsonei tiro egitea

Maider Galardi F. Agirre

Donostiako Parte Zaharreko Gazte Asanbladak salatu du auzotar asko zauritu zirela atzo. Udalak, berriz, «gertaera tristea» deitoratu du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.